Kanguruekin bueltaka al dator Kangaroo zure lan berria?
Argitaletxeko jendeak ez dit dudarik agertu aurreko lanen izenburuekin, baina honekin ez zegoen oso konbentzituta editorea; ez zuen argi Kangaroo ala Kanguru izan behar zuen. Ni, aldiz, oso tematuta nengoen izenburuarekin, eta liburuaren aurkezpen ekitaldian esan bezala, horrek islatzen zuen nik adierazi nahi nuena; alegia, beste lurralde batzuetara jotzea eta ezagutzen ez nuen horretatik idaztea.
Gainera, hitzaurre moduko bat jarri duzu izenburuaren jatorria argitze aldera.
Benetako anekdota bat da, ez nik asmatutako zerbait. Interneten topa daiteke, baina niri anaia Xabierrek kontatu zidan. Antza denez, Cook kapitaina Australiara iritsi zenean, biologo bat zegoen haiekin, eta hark espezie bakoitza katalogatzen zuen. Sidneyko badiara heldu ziren, eta han zeudela, animalia batzuk saltoka ikusi zituzten. Hango aborigenei galdetu zieten nola izena zuten, eta haiek "Kan ghu ru" erantzun zieten. Biologoak animaliaren marrazkia egin eta bere hizkuntzan 'kangaroo' izena eman zioten. Kontua da aborigenen hizkuntzan "ez dizut ulertzen" esan nahi duela. Izugarria iruditzen zait halako esaldi batekin animalia bati izena jarri diogula jakitea.
Bitxikeria hori nigana ekarrita, poemak irakurtzeko nire emazteari pasatzen dizkiodanean, askotan erantzuten dit gaizki ez hartzeko, baina ez dituela ulertzen. Gauza ez da idazten dudana nik neuk ez dudala ulertzen, baizik eta mundua orokorrean ez dudala ulertzen, eta ez dakidanari buruz idazten dudala. Dakidan bakarra da ez nagoela ziur ezertaz eta horri buruz idatzi dudala.
Poesia bada, nolabait ere, ulertzeko nekeza den generoa.
Ez dut idazten jendeak ez ulertzeko, alderantziz baizik. Liburu honetan idatzita dagoenak asko esaten dit niri, eta, kasu honetan, bereziki biluztu naizela esango nuke. Baina egia da, azkenean, idazten duzun modua ez dela prospektu bat bezalakoa: "Hau horrela da, eta honela sentitzen naiz honegatik eta horregatik". Gehiago dira barruan dituzun sentipenak. Aurkezpenean, editoreak azaldu zuen enigmatiko samar idazten nuela, eta pixka bat harritu egin ninduen arren, agian arrazoia dauka. Poesia idazten hasi nintzenean, nire estiloa askoz ere narratiboagoa zen, eta azken urteetan, Winston aurreko liburutik hasita, abstraktuagoa da. Hala eta guztiz ere, ez dut idazten inork ez ulertzeko moduan.
Nabari dira poemetan hitz joko ausartak, ezinezkoak diruditenak, kasik surrealistak, baina oso natural eusten diotenak.
Nire asmoa izan da gehiegi ez pentsatzea idazteko orduan. Dudan akatsetako bat da lerro pare bat idatzi eta ondoren horri zentzu narratiboa eman nahi izatea. Kontzienteki ihes egin nahi izan dut joera horretatik. Beraz, askotan etorri izan zaizkit irudi batzuk, eta askotan etorri bezala onartu ditudanez, surrealistagoak bihurtu dira. Bestalde, idazkera aldetik gehien orraztu dudan liburua izan da, baina, aldiz, hasierako bat-batekotasuna mantentzen saiatu naiz.
Erlijioa, mina, sexua, heriotza... poemategian errepikatzen diren irudietako batzuk dira. Ezkutuan geratzen diren eta pixka bat tabu diren gauzen inguruan mintzo zara.
Kostatu egin zait liburu hau idaztea. Aurreko lanean sentitu nuen pauso batzuk eman nituela zenbait gauza adierazteko, baina beste batzuetan atzera egin nuela. Oraingoan, kontzienteki, ukitzen ninduen horretara jo dut. Horren harira, Charle Simicen aipu bat txertatu dut liburuaren hasieran: hark dio, begira geratzen baldin bazara, dena bihurtzen dela ispilu. Deseroso zaizkidan edo orain arte adieraztera ausartu ez naizen gauzak idazteko urratsa egin dut deliberatuki. Surrealistagoak edo ilunagoak izan arren, nigandik gehiago jarri dut. Haragizkoagoak dira, eta nekatuta bukatu dut poema bakoitza idatzitakoan, gordinagoak eta biluziagoak direlako. Baina ez nuke esango tristeak direnik.
Zapaburu destilatu bat poeman zera diozu: "Bizitza kremailera hautsiko zira bat da benetan. Kanguru zahar bat".
Poesiaren bitartez ausartu egiten zara ezinegon, kezka eta tristura batzuetara hurbiltzera, baina zira bat behar duzu, armatxo bat behar duzu. Nire kasuan, arma hori hitza da. Lurralde horretara hurbiltzeko linterna da poesia, ezinegon horiek hitz eta zerbait maneiagarri bihurtzen dituelako. Bestela, izenik eman ahal ezin zaion korapilo bat geratzen zait.