Desgaituentzako eguneko zentro "berritzailea" ireki dute Aldapeta kalean

Jabi Gonzalez Toston 2023ko ots. 14a, 09:45

Hogeita zazpi erabiltzailek baliatu ahalko dute Foru Aldundiak Zarauzko herrigunean zabaldu berri duen Garagunea. Horrez gain, behar bereziak dituztenentzako zazpi plazako etxebizitza zerbitzua ere emango dute.

Adimen desgaitasuna duten pertsonentzako bi gizarte baliabide zabaldu berri ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak Zarauzko Aldapeta kaleko eraikin berrian: bata, 27 pertsonarentzako tokia duen eguneko zentroa da, eta, bestea, zazpi lagunentzako etxebizitza. Biek ala biek dagoeneko hartu dituzte lehen erabiltzaileak. Eguneko zentroan, esaterako, bi aste inguru daramatzate hamabost lagunek, eta beste hainbeste daramate etxebizitzetan dauden bost lagunek ere. Guztiek "oso gustura" daudela adierazi zieten atzo bisita egin zieten Aldundiko zein udaleko agintariei.

Garagune zentroa Goienetxe fundazioak kudeatuko du egunerokoan; etxebizitza, berriz, Atzegi elkarteak. Bada, bi erakundeetako arduradunek parte hartu zuten atzoko bisitan.

Bi zerbitzuak bertatik bertara ikusteko bertaratu zen Markel Olano ahaldun nagusia Zarautzera, eta hedabideen aurrean nabarmendu zuenez, "Garagune zentroa aitzindaria eta berritzailea" da. "Izan ere, profil anitzetako adimen desgaitasuna duten pertsonek etorkizunean zer arreta izango duten erakutsiko du Gipuzkoan".

Horren harira, Olanok argitu zuen bertan aplikatuko diren arreta modu berrietatik ikasitakoa, ondoren, sistema osora zabalduko dutela pixkanaka. Zentzu horretan, gogoratu behar da "Gipuzkoa zaintzaren abangoardian" kokatu asmo duela Aldundiak Gizarte Politiken estrategiaren barruan.

Herrigunean kokatuta

Agintariek azaldu zuten, halaber, helburua dela "erabiltzaileen autonomia maila hobetzea, zailtasunak konpentsatzea eta ohiko zaintzaileei laguntza ematea, arreta eta zaintza pertsonalizatu eta komunitarioen bidez". Horretarako, zentroaren kokapena ere lagungarria da oso; izan ere, herrigunean dagoenez, komunitate loturak indartzeko gaitasun handia duela iritzi zion ahaldun nagusiak.

Hala, orain arteko jardueretako asko kalean egin dituztela azaldu zuen erabiltzaileetako batek: "Malekoian eta alde zaharrean paseoak egin ditugu, baita pintxo potea eta bileretako asko ere". Ekintza horietan beste elkarte batzuekin aritzen dira elkarlanean, gainera: "Minbiziaren aurkako elkarteko kideekin egiten ditugu paseoak, eta bingoan ere aritzen gara bideo dei bidez beste Garagune batzuekin", argitu zuen zentroko koordinatzaileetako batek. Azken batean, eguneroko bizitzako jarduerak garatzeko eguneko arreta eskaintzen duen zentroa da Aldapetakoa. Hainbat motatako laguntza premiak dituzten pertsonentzat dago prestatuta, eta komunitate bizitzan parte hartzera bultzatu nahi ditu erabiltzaileak.

Horrez gain, Xabier Txurruka Zarauzko alkateak azpimarratu zuen zarauztarren behar bati ere erantzuten diola zerbitzuak. Izan ere, "hemen eskaintzen diren baliabideak behar dituzten herritarrek kanpora jo behar izaten zuten orain arte, baina aurrerantzean, herrian bertan jasoko dute zerbitzua. Jada erabiltzaileak diren zarauztar horietako batzuekin hitz egiteko aukera izan dugu, euren poza azaldu digute, eta horrek gu pozten gaitu".

Dena den, Zarauzkoak bertakoak ez ezik, Urola Kostako beste herri batzuetako pertsonak ere badaude erabiltzaileen artean.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide