Zarauzko EH Bilduk mahai ingurua egin du gaur eguerdian Santa Marina kaleko egoitza berrian, eta ekitaldia aprobetxatu du egoitza ofizialki inauguratzeko. Itziar Murua EH Bilduren Zarauzko alkategaiak eta Maddalen Iriarte EH Bilduren ahaldungaiak parte hartu dute solasaldian, eta Ion Arozena Zarauzko EH Bilduren zinegotziak gidatu du saioa. Horren galderei erantzun diete bi hautagaiek.
Egoitza jendez beteta zela egin dute mahi ingurua, eta bertan izan dira inguruko herrietako EH Bilduren udal ordezkariak ere.
Hainbat ideia azpimarratu dituzte agerraldian. Batetik, Iriartek behin baino gehiagotan nabarmendu du "tantaz tanta" osatzen dela Zarautzera eta Gipuzkoara EH Bilduk ekarri nahi duen haize berria eta horrek sortzen duen olatua, eta tanta horiek koalizioa osatzen duten pertsona guztiak direla. "Zuetako bakoitza zarete tanta bat. Bakoitzak dagoen tokitik bere ekarpena egiten badu, denok lana batera egiten badugu, denok ilusionatuta eta sinistuta aritzen bagara, irabazi egingo dugu. EH Bildu da olatua eta haize berriak ekar dezakeen bakarra bai Zarautzen, bai Gipuzkoan", esan du. Bera indarrez beteta dagoela gaineratu du, eta erronkari aurre egiteko prest.
Muruak ere esan du ilusioa handiarekin heldu diola erronkari, eta ziur dagoela Zarautzen talentuz betetako lantaldea bilduko duela. Gobernatzeko eredu berri baten premiaz ere aritu dira biak, batez ere Murua, eta Zarauzko Udala eta alkatea kritikatu ditu zentzu horretan. "Itziarrek bezala, nik ere ez ditut gobernatzeko modu guztiak onartzen; ez dut ohitu nahi herritarrengandik urrun dagoen egiteko modu horretara. Puntu matxista bat ere badu", esan du Iriartek.
Erronka orokorrak eta Zarautz mailakoak
EH Bilduren erronka nagusiez ere aritu dira solasaldian, noski. Gehien aipatu dituzten ideiak izan dira zaintzaileen eta zainduen arloa duintzea, zerbitzu publikoak indartzea –batez ere osasun arloan– eta gizarte berdinago bat eraikitzeko pausoak ematea. "Zerbitzu publiko hobea, feminismo gehiago, berdintasuna aukeretan... Eta subirautza gehiago: gure erreminta propioak behar ditugu energiaren krisiari eta beste hainbat konturi aurre egiteko. Subirautza gehiago behar dugu, herri bat izan nahi dugulako. Eta herri bat izan nahi dugu... ba nahi dugulako!", aldarrikatu du Iriartek.
Gipuzkoari dagokionez, industria aipatu du Iriartek, eta "enpresa txiki eta ertainei lagundu beharra izugarrizko eraldaketaren aurrean gaudelako. Horregatik, ikerketan eta garapenean ere inbertitu beharra dago". Zaintza, mugikortasuna eta krisi klilmatikoa eta fiskalitatea ere aipatu ditu. "Hausnarketa sakona behar da gehiena dutenek gehiago emateko, apur bat gehiago", esan du.
Muruak, berriz, herri mailako erronkez hitz egin du: "Zarautz ongizatearen eredu den herri bat bezala ikusi izna da, baina gero eta zailagoa da bertan lan egitea eta bertan bizitzea. Eta ez gizartearen zati batentzat bakarrik, gazteentzat edo etorkinentzat bakarrik, oro har denentzat baizik. Etxebizitzen gaia izango da gure gai ardatzetako bat, eta baita gobernatzeko moduen gaia ere". Dena den, azaldu du orain ari direla 2o23ko maiatzeko hauteskundeetarako erronkak eta proposamenak lantzen lantaldez lantalde, eta aurrerago emango dutela informazio zehatzagoa. "Aurreratu dezaket, ordea, alokairuzko etxebitzitza sozialei buruzko proposamen zehatz bat ari garela prestazen, eta Santa Klara komentuaren inguruan ere laster jakinaraziko dugu gure proposamena".
Mahai inguruaren amaieran, berriro azpimarratu du talde lanaren garrantzia EH Bilduren ahaldungaiak. "Hau ezin da bakarrik egin, denon artean baizik. Elkarrekin egin behar dugu. Hau da momentua, eta dugun guztia jarri behar dugu. Gipuzkoa herriz herri irabazten da, eta denetan Zarautzen adina lan egiten bada, irabaziko dugu", esan du.