Euskal Herriko Txapelketatik kanpo geratu da Mantxi

Amaia Urbieta Arruti 2022ko urr. 10a, 09:57

Gozatu ezinik aritu zen atzo Lizarran jokatutako kanporaketan, nahiz eta ariketa ederrak ere egin zituen. Azkenean, multzoko azken postuan sailkatu zen, seigarren tokian, Aitor Bizkarra abadiñoarra gailendu zen saioan.

Ez zen nahi bezala jardun Iñigo Mantzizidor Mantxi bertsolari zarauztarra atzokoan, Bertsolari Txapelketa Nagusiko lehen faseko saioan. 622,5 punturekin, seigarren geratu zen Mantxi, finalerdietarako sailkatzeko adinako puntuaziotik urrun. Aitor Bizkarra abadiñoarrak irabazi zuen saioa nagusitasunez, 693,5 punturekin. Honela geratu bi horien arteko sailkapena: Asier Azpiroz 666 punturekin, Maialen Akizu 658 punturekin, Imanol Uria 652 punturekin, Unai Gaztelumendi 630.5 punturekin. Atzoko saiotik, txartel zuzena eskuratu zuen Bizkarraz gain, Azpiroz soilik igaro zen finalerdietara.

Euskal Herriko hamaika bazterretatik joandako 500 lagun bildu ziren Lizarrako (Nafarroa) Los Llanos aretoan atzo, eta faseko azken saioa izanik, tentsio giroa izan zen nagusi, atzokoan erabaki baitzen finalerdietako bertsolarien zerrenda. Urduritasun giro hark eraginda edo, ez zen lehertu atzokoan saioa eta, oro har, lotu samartuta aritu ziren bertsolariak.

Zarauztarra gozakaitz aritu zen, arrazoiak zorroztu ezinean. Zigortu ere, halaxe zigortu zuen epaimahaiak. Hala ere, utzi zuen ale ederrik. Hamarreko txikiko ariketan, esaterako, fin aritu zen Mantxi. Txukuna egin zuen ganbarako saioa ere. Honako gai honi kantatu behar izan zioten sei bertsolariek: Zure egoera orain arte ezkutuan mantendu duzu. Gaur, laguntza eskatu beharrean zaude. Kantukide gehienen moduan, dramara jo zuen Mantxik, eta alkoholikoaren paperean sartuta abestu zuen.

Zarauztik, babesa

Motxian Etxebeltz Bertsoguneko eta inguruko hainbat lagun joan ziren atzo Lizarrara, egun pasa egitera, saioaz gozatzera eta Mantxiri babesa eta animoak ematera. Kontuak nahi bezala irten ez baziren ere, egun ederra igaro zuten.

Kuadrilla ederra joan zen Zarauztik egunpasa egitera Lizarrara. (Motxian Etxebeltz Bertsogunea)

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide