Landaketa eta lanen inguruko datuak eman ditu Zarauzko Udaleko Lorezaintza sailak

Onintza Lete Arrieta 2022ko mar. 24a, 11:46

Patxi Elola udaleko Lorezaintzako zinegotzi arduradunak eman ditu herrian egin dituzten landaketa eta lanen inguruko datuak.

Patxi Elola Zarauzko Udaleko Lorezaintzako zinegotzi arduradunak hainbat datu eman ditu herrian egin dituzten landaketa eta lanen inguruan. Batetik, gogorarazi du udalaren "jarraibidea" dela "kentzen den zuhaitz ale oro ordezkatzea". Hau da, "obren edo berrikuntza lanen ondorioz zuhaitz bat kendu behar den lekuetan, kaltetutako aleak birlandatzen saiatzen gara gune horretako lanak amaitu ondoren".

Hala, Gaztainpe eta Lapurdi kaleetan garatzen ari diren obretan, "geldialdi biologikoaren garaian 18 zuhaitz inguru birlandatu dira". Mozten diren ale guztiak, berriz, leku berean edo beste leku batean birkokatuko dituzte, "ale bakar bat ere ez galtzeko". Lanen ondorioz gereziondo japoniarrak (Prunus yedoensis) eta Fujiyama mendiko gereziondoaren aleak kendu dituztela esan du Elolak, baina denak birlandatuko dituztela jakinarazi du.

Elolak gogorarazi du Lorezaintza departamentuak herriko zuhaitzen zainketa egiten duela, "zuhaitz bakoitzaren egoera aztertu ondoren". Kaltetutako zuhaitzak ordezkatzeaz, behar dutenak kimatzeaz eta lekuz aldatu behar direnak mozteaz arduratzen da departamentua.

Herritarrei gonbidapena

Bestetik, hainbat datu ere eman du. Gaur egun, Zarauzko hirigunean 11.500 zuhaitz ale inguru katalogatuta daudela azaldu du, kontuan hartuta Vista Alegre, zingira eta Talaimendi parkeetakoak eta herriko komunitate eta finka pribatuetakoak.  "Aurten fatxada atlantikoko basoetako espezie autoktonoen landaketak nagusitu dira, hala nola gurbitzak, arteak eta artelatzak, zeinak Garate eta Santa Barbarako biotopo babestuetan dauden". Horrekin lotuta, Elolak adierazi du garrantzitsua dela "Zarauzko landarediaren biodibertsitatea handitzea espezie exotikoak landatuz".

Azkenik, herritarrak animatu ditu "herriko hainbat txokotan ikus daitekeen loraldi ikusgarriaz gozatzera". Esaterako, Urdanetan eta Araba kalean lore zuriko udareondoak (Pyrus calleryana chanticleer) aurki daitezke; Gurmendi plazan Fujiyama mendiko gereziondoak (Prunus yedoensis) –luku-erako lore zuriak dira, hasiera batean arrosak direnak–; eta, Igerain plazan, lore arrosako gereziondoak (Prunus accolade).

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide