Eduki babestua

Komunitate kontzientziatua xede

Amaia Urbieta Arruti 2021ko aza. 3a, 11:18

Barazkiak modu ekologikoan ekoitzi eta horiek saltzeko apustua egin zuten duela bi urte Gorka Silvanek eta Julen Zulaikak. Balio sendoak ditu egonkortze bidean den Ametsola proiektuak.

Abendaño auzoan barrena, Elkanoranzko bide malkartsua hartu eta Sola etxea baino lehentxeago dagoen etxearen inguruan, hantxe topa daitezke lanean Gorka Silvan eta Julen Zulaika nekazari zarauztarrak. Errepidearen alde banatan dauzka lursailak Ametsola Etxalde Ekologikoak. Askotariko barazkiak dituzte landatuta eremu osoan zehar, eta hainbat sagarrondo ere badaude; hiru negutegi apain altxatu dituzte, hainbat landareren garai emankorra luzatzeko. Beren jarduna eten, eta proiektua azaltzeko mahai bueltan jarri dira.

Duela hiruzpalau urte hasi ziren bi bazkideak Ametsolaren hazia ereiten. Zer egin nahi zuten buruan zutenean, ordea, asko kostatu zitzaien horretarako lur eremua topatzea.  Zulaikak salatu du instituzioek ez dutela "inolako erraztasunik" jartzen halako proiektuak garatu nahi dituztenek lurrak eskuratu ahal izateko. "Ez dago lur bankurik, ez dago lurtzaindia bat lurrak erraztuko dizkiguna.  Etxebizitzekin gertatzen den bezala, azkenean, espekulatu egiten da lurrarekin. Guk egiten dugun hausnarketa da: benetan jendea nekazaritzara hurbiltzea nahi bada, egin behar den lehen gauzetako bat da hutsik dauden lursailak eskuratzeko erraztasunak ematen hasi". Hori da Zulaikaren ustez "lehen korapilo nagusia". Gero, beste hainbat ere aipatu ditu: baldintzak, bideragarritasun ekonomikoa, zaintzarekin nola uztartu daitekeen… "Baina lehen arazoa lurra da. Ez dago lurrik. Inguru honetan mahastiak, nekazal etxeak eta pinua besterik ez dago".

Kostata, baina topatu zuten beren proiektua hezurmamitzen hasteko lekua. Gipuzkoako Foru Aldundiaren Gaztenek programan sartu ziren, eta handik jasotako dirulaguntzei esker, eta familia eta lagunen babes eta laguntzarekin, aurrera egin dute.

Apustu sendoa da Zulaikarena eta Silvanena: aurrez horretan esperientzia handirik eduki gabe, Zarautzen bertan produktuak modu ekologikoan ekoiztu eta horiek saltzetik ari dira bizimodua ateratzen. Hasieran, "beldurra" bazutela azaldu du Silvanek. "Abentura berria zen, eta gauza askotan ezjakinak ginen". "Beti izan dugu lotura lurrarekin, baina gauza bat da etxerako baratzea edukitzea, eta beste bat hortik bizitzeko apustua egitea", aditzera eman du Zulaikak.


Zerotik hastea

Ametsola ingurua sasiak hartuta zegoen orain bi urte. Horri guztiari forma ematea «hainbat hilabetetako lana» izan zen, eta hori egin ahal izateko gakoa izan da auzolana. "Hanka bat izan da guretzat, izugarri eskertu duguna eta eskertuko duguna", dio Silvanek. Proiektuaren helburua "komunitatea" sortzea dela dio, eta auzolana horretarako tresna gisa baliatu nahi izan dute. "Gero eta urrunago daude landa eremua eta hirigunea. Ezjakintasuna gero eta handiagoa da, eta hor arazo bat daukagu. Auzolanaren bitartez lortzen dugu bi gune horiek uztartzea, jendeak ikasten duelako eta gerturatzen delako landa eremura". Bestalde, noski, laguntza beharra zeukaten proiektua martxan jarri ahal izateko eta hastapenetako lanik gogorrenak egin ahal izateko. 


Zaharkitutako merkatua

Lan eskerga horrek guztiak bere fruituak eman ditu, baina oraindik "egonkortu gabe" dago Ametsola Etxalde Ekologikoa, Zulaikaren arabera. Barazkiak ekoizteaz gain, horiek merkaturatzeko formulak aztertzen eta topatzen dihardute. Saskiak saltzen dituzte astero hainbat etxetara, eta etxe gehiagotara heltzeko prest eta gogotsu daude. Salmenta zuzenaren aldeko apustua egin dute, horretarako Zarauzko Merkatu plaza baliatuta. Astearteetan eta ostiraletan egoten dira han goiz eta arratsaldez, baita larunbat goizetan ere. "Hori da gure filosofia: guk landatutako porruak geuk salduko ditugu". 

Saskien zozketa

Azaroan zehar Ametsola Etxalde Ekologiko bazkideek prestatutako bi saski zozkatuko ditu Zarauzkohitza.eus web orrialdeak erabiltzileen artean. Datorren astelehenean, hilaren 8an, jarriko da martxan lehen zozketa, eta ostegunean itxiko da epea. Bigarren saskiaren zozketa, berriz,  azaroaren 22an, astelehenean, hasiko da.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide