Kazetaritza arlorako izan zen hautatua Osasun Etxea irratsaioa. Gaur izan da sari banaketa ekitaldia, eta saioan parte hartzen duten Felix Zubia mediku zarauztarrak eta Arantxa Artzak jaso dute Rikardo Arregi kazetaritza saria. "Euskarazko kazetaritzaren eta komunikazioaren kalitatea, bikaintasuna eta berrikuntza bultzatzea" da sariketaren helburua. Felix Zubiak adierazi duenez, asko ikasi du saioa egiten. "Izurriak loa galarazi dit, ez irratian baizik eta beste lekuetan", gaineratu du. Donostia Erietxeko zainketa intentsiboetako medikua da Zubia.
Felix Zubiaz gain, kazetaritza sarirako hautagaien artean zegoen Miel Anjel Elustondo kazetari eta idazle azpeitiarra ere, Berria egunkarian argitaratutako Tonban ehortzirik testu sorta tarteko. Saria irabazteko atarian gelditu den arren, aitormenezko oroigarria jaso du Elustondok, baita gainerako finalistek ere, Euskadi Irratiko Faktoria saioko Maite Artolak eta Berria egunkariko Pello Urzelaik. Iaz ere sari bererako hautagai izan zen Elustondo, Berrian argitaratutako Zozoen elean elkarrizketa sorta tarteko.
Jose Inazio Basterretxea (EHUko Gizarte eta Komunikazio Zientzien fakultateko irakaslea), Itxaro Borda (idazlea eta prentsa kolaboratzailea), Aingeru Epaltza (idazlea eta hainbat hedabidetako kolaboratzailea), Maite Goñi (MUko HUHEZIko irakaslea eta komunikazioan aditua), Elixabete Larrinaga (EHUko Gizarte eta Komunikazio Zientzien fakultateko irakaslea), Ion Muñoa (Deustuko Unibertsitateko Komunikazio Graduko irakaslea) eta Jon Sarasua MUko HUHEZIko irakaslea eta komunikazioan aditua) izan dira aurtengo epaimahaikideak.