Zer gorputzaldireki duzu gaurko saiorako?
Orain motibatuago nago. Hasieran nagi handiagoa ematen zidan, baina, denborarekin, bertso eskolak egin ahala, motibatu egin naiz. Orain gogotsu nago, egia esan.
Eta nagi hori zerk eragin dizu bada?
Nagia izan da, batez ere, ariketa berri dezente egin beharko direlako finaleko saioan. «Zertara noa ni horra?», galdetzen nion neure buruari. Oso gustura nengoen eginiko nire kanporaketa saiotxoarekin, eta hor bukatu izan balitz, pozik geratuko nintzateke. Finalerako sailkatu naiz, eta kanporaketako saioarekin alderatuta, ariketa oso diferenteak izango ditugu. Kanporaketan ziren zortziko handia, zortziko txikia, bi puntu erantzutea eta hamarreko txikia; nahiko ariketa neutroak ziren, ezer berezirik ez zutenak. Orain tokatzen da zortziko handia, zortziko txikia, hitzei bertso bat hamarreko txikian, seiko motzeko ofizioa eta kartzela, dela bi puntu erantzutea eta bakarkakoari bi bertso. Azken bi ariketa horiek bestelako inpresio bat eragiten dute.
Ur handiak dira, nolabait ere.
Hori da, bai. Horregatik, aste honetan dezenteko egurra eman diot, eta bertso eskolako kideekin entrenatzen aritu naiz. Egia esan, ez dugu denbora askorik izan prestatzeko; astebete eskas, batez ere seiko motza prestatzeko. Azken bertso eskolan, baina, gauzak ongi atera zitzaizkidan eta horrek asko motibatu nau.
Bertsokide gehienak ezagunak dituzu. Horrek eroso sentiarazten zaitu?
Aurten Donostian egiten jardun dugu bertso eskola Xabat Illarregik, Oihana Aranak, Ekiñe Zapianek eta laurok. Hain justu ere, Oihana eta Xabat finalera pasatu dira, eta oso gustura nago. Ane Zuazubiskarrekin ere oso harreman polita daukat. Mikel Iturriotz, berriz, begirale izan nuen udalekuetan. Eneko Araiztegirekin ez dut harremanik, baina harekin aritu nintzen kantuan kanporaketan.
Kanporaketa oso berezia izan zen. Neurriak oso muturrekoak izan ziren, eta zuek deseroso samar egon zineten, ezta?
Neurriek horiek izan beharko zuten, eta konforme; baina nahiko arraroa izan zen guztia. Publikoaren lehen bi ilaretan jarri ginen bertsolariak eta gai-jartzailea eserita, oholtzara begira, eta kantatzea tokatzen zitzaigunean, maskara kendu eta oholtzara igotzen ginen eskuko mikrofonoarekin. Ofizioko ariketetan, tira, baina agurretan eta halakoetan oso arraroa egiten zen, eta izatez bazen deseroso samarra. Horrez gain, jendea distantziara eta maskararekin ikusten zenuen, eta horrek hotz sentsazioa ematen zizun, nahiz eta sekulako beroa egiten zuen. Jendearen erreakzioa ez zenuen antzematen, eta bertsokideen artean distantzia zegoenez, zaila zen geure arteko lana komentatzea.
Kanporaketako irabazlearen izena esan zutenean...
Ane Zuazubiskarrek irabazi zuela esan zutenean bertsokideok publikoari bizkarra emanda geunden. Beraz, jendeak ezin izan zuen ikusi zer aurpegi jarri zuen, eta Anek berak ere ezin izan zuen ikusi publikoaren erreakzioa ere. Ez dakit, bada, askotan harritu egiten da jendea... Nik espero nuen berak irabaztea, baina ez dakit ba! Gauza nahiko arraroak izan ziren benetan. Zuk zure bertsokideak txalotzen zenituen, eta zuk zure bertsokideak ikusten zenituen aurrez aurre. Beraz, lehen ilaran zeunden sinpatiko aurpegia jarrita, zeure urduritasun guztiekin, hurrengo ofizioa prestatzen. Baina egoerara egokitu ginen.
Eskolarteko Txapelketa ere bueltan dela dirudi.
Aurten, Gipuzkoako Eskolarteko Txapelketa atzeratu egin da. Bi kanporaketa egin ziren, eta hirugarrena egin baino egun bat lehenago esan ziguten ez zela egingo; martxoaren erdialdean izan behar zuen. Egiteko asmoa zutela esan ziguten; ekainean Euskal Herrikoa zela eta aurretik izango zela. Jakina, ez da halakorik izan. Aste honetan mezu bat bidali digute, esanez berriro helduko diotela. Azaroaren 14an egingo dela Euskal Herriko Eskolartekoa, eta Gipuzkoako hirugarren kanporaketa hori urriaren 2an jokatuko dela, bertan Etxebeltzeko lau bertsolarik abestuko dugu.
Aurten eskolartekoen fasearekin bukatuko duzu. Zer espektatiba dituzu aurrera begira?
Lehen, askoz ere markatuago zeneuzkan urte osoko hitzorduak: udaberrian eskolartekoa, udan pare bat saio eta kito. Orain, ez dut uste horren fijoa izango denik. Gehiago izango da sariketa baterako deitzen nautela, eta hurrengoa, agian, hiru hilabetera izan daiteke ala astebetera.
Lizardi bezalako bertsolari gazteen sariketek erakartzen al zaituzte?
Egia esan, zirkuitu horretan sartzeak oraintxe bertan poza sortzen dit. Egia da nire lehen Lizardi Sarian finalera sailkatze honek motibazio berezi bat sorrarazi didala, eta momentuz gogotsu nago. Uste dut badela beste fase oso diferente bat, eta jende ezberdin askorekin abestuko dudala. Askoz ere gehiago ari den jendearekin. Adibidez, Eli Pagola oraindik gazte sariketetan sartzen da, eta niretzat harekin kantatzea gauza handia da. Beraz, aurrerantzean askotariko jendearekin bertsotan aritzeko aukera izango dut; izan ere, eskolartekoan nahiko ohiko jendea genbiltzan.