Txikia IV.ak Urrezko Aizkolarien Txapelketa irabazi du eta Urrak Hiru Hamarreko harri-jasotze lehia

Aritz Mutiozabal - Anartz Izagirre 2020ko abu. 3a, 14:16

Herri kirol txapelketen finalak jokatu ziren igande arratsaldean Aiako probalekuan. Azkoitiarrak ezustekoa eman zuen aizkoran, lehen postua erdietsiz. Harri-jasotzaile zarauztarrak ere txapela lortu zuen, altxaldi bateko aldearekin. Udane Ostolaza hirugarren izan zen Emakumezkoen Txapelketan.

Herri kirol zaleek hitzordu handia izan zuten atzo arratsaldean Aiako probalekuan, izan ere, Urrezko Banakako XXIII. Aizkolari Txapelketaren, Hiru Hamarreko Harri-jasotze Txapelketaren eta Emakumeen Harri-jasotze Txapelketaren finalak jokatuko zituzten. Tartean, eskualdeko hainbat ordezkari, gainera.

Julen Alberdi Txikia IV.a azkoitiarrak eskuratu zuen txapela Banakako Aizkolari Txapelketan. Norgehiagoka irabazteko faborito nagusia Iker Vicente zen arren, Alberdik ezustekoa eman zuen; azkoitiarra fin aritu zen proba guztietan, eta 21 minutu eta 46 segundo behar izan zituen lehenengo postua erdiesteko. Bigarren postuan Mikel Larrañaga azpeitiarra sailkatu zen, eta hirugarren, Iker Vicente iazko txapelduna; 22 minutu eta 58 segundotan amaitu zuen Larrañagak proba, eta 23 minutu eta 40 segundotan Vicentek. 

Hiru Hamarreko Harri-jasotze Txapelketan, berriz, Mikel Lopetegi Urra zarauztarra izan zen garaile. Ordura arteko emaitzak ikusita, ez zegoen txapela janzteko faborito nagusirik, eta hori lehia osoan nabaritu zen. Izan ere, Xabier Peñagarikano Peña aizarnazabaldarra eta Urdax Magunazelaia abadiñoarra lehiakideekiko aldeak txikiak izan ziren. Azkenean, Urra nagusitu zen 53 altxaldirekin, eta altxaldi bat gutxiagorekin, 52rekin, Urdax sailkatu zen bigarren postuan. Hirugarrena Peña izan zen, 50 jasoaldirekin.

 

Bestalde, Karmele Gisasola Zelai III.a mallabiarrak irabazi zuen Emakumeen Txapelketan. Nolabait esateko, haren eta Virginia Finol iruindarraren artean egon zen txapela. Maila bat beherago, baina bere lehen txapelketan fin, Udane Ostolaza oriotar gaztea aritu zen. Zelai III.ak 59 altxaldi lortu zituen, eta altxaldi bat gutxiagorekin geratu zen Finol bigarren postuan. Hirugarrena Ostolaza izan zen, 44 jasoaldirekin.

Argazkiak: Ibon Errazu

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide