AEBetako Nevada estatuan bizi zara egun. Minneapolisetik urrun zaude, baina, iritsi al dira arrazakeriaren aurkako protestak bertara?
Bazter guztietara heldu dira protestak, eta Renora ere berdin. Nevadako gobernadore Steve Sisolakek galarazi du arratsetan hiriaren erdialdera joatea, istiluen beldur-edo. Nevadan bizi naizen arren, Minneapolis ere ongi ezagutzen dut, laurogeiko hamarkadan han bizi eta ikasi nuen eta. Minnesota estatu demokrata da tradizioz, baina arrazen arteko bereizketa nabarmena da han, klase bereizketarekin batera. Reaganen garaiak ziren ni han egon nintzenean, eta gerra hotza zen nagusi. Egoerak baldintzatzen zituen hainbat bidegabekeria, arrazakeria barne. Arrazakeria hitza anatema zen; amets amerikarra mantra bat zen oraindik. Azken urteetan, pikutara joan da hori; ez da izan George Floyd-en heriotzaren ondorio.
Eraginik izan al du zure jardunean?
Pandemiaren eraginez, eskolak etxetik eman ditugu azken hilabeteetan; Unibertsitatea itxita egon da, beraz. Hala ere, eurozentrismoaren, eta arrazismoaren kontrako diskurtsoak ohikoak dira gure ikasleen artean, eta unibertsitateak ikasle beltzen aldeko erabakiak hartu berri ditu. Ikasle beltzak saiatzen dira gaiaren inguruko hausnarketa gelan hedatzen; txuri asko urduri ere ikusi ditut askotan. Irakasleoi entzutea tokatzen zaigu horrelakoetan. <<Listen to us>> (Aditu iezaguzue) deitzen da Nevadako Unibertsitatean abian jarri den ikasle beltzen plataforma.
Donald Trumpen agintaldia amaitzear dago. Honi guztiari eusteko gai izango dela uste al duzu?
Zientzia fikziorik ez dut egingo. Ez dakit. Trump zalea den jende asko ezagutzen dut; hemengo euskaldunen artean ere bai. Jator askoak gehienak. Protestek bultzatuko ote duten John Biden, hautagai demokrata, arrazakeria sistemikoarekiko beste jarrera bat izatera? Hori ikustear dago, eta hor neurtuko da hein batean protesten eraginkortasun estrukturala. Alternantzia politiko hutsak ez du, berez, ezer aldatuko. Are gehiago, sistema eta botere harreman bidegabeak betikotzen lagundu dezake, eta zilegitasun itxuraz demokratikoa ematen. Ondotxo dakite hori Ameriketako beltzek, mendebaldeko langileek edo herri menperatuek. Arrazismoa bukaraziko duen iraultza ez da hauteskundeetatik eratorriko magia hutsez.
'Antifa' mugimenduak kaleak hartu ditu, baina hemengo hedabideek diotenaren arabera, gehitzen ari dira ultraeskuindarren erreakzioak ere. Zer azaleratu du honek guztiak?
Itxuraz politikak polarizatutako herrialde bat da AEB. Desberdintasunak ere nabaritzen dira hiri eta landa eremuen artean. Pandemiarekin ere oso argi ikusi da hori. Hala ere, deigarria demokraten artean Bernie Sanders-ek eta haren proposamen sozialdemokratek jasotako porrota. Horrek pentsarazten dit ea erradikalizazio hori ideologikoa den ala Trumpen figuraren kontrako mugimendu bat. Trump lotsagabe erabatekoa izan da bere jardun eta adierazpenetan: totalitarismoaren mozorroa erantzi du. Ez ote da hori barkatu ez diotena?
Zer dugu ikasteko hemen, Euskal Herrian, AEBetan gertatzen ari denaz?
John Donne-n poema datorkit burura: “ez ezazu galdetu norengatik ari diren jotzen kanpaiak: zuregatik ari dira jotzen”. Euskaldunok gurasokeria inozo bat izan ohi dugu kanpoko gaiekiko. Tamalez, arrazismoa egituratuta dago mendebaldean zehar, eta modernitatearen eta eurozentrismoaren ideologia hiltzailea da botererik ez duten herri eta talde guztientzat. Unibertsalismoak ez ditu beste kulturak eta etniak gutxiesten, ez: bere lurrinean desagerrarazi nahi ditu. Arrazakeria totalitarismoaren aurpegi bat da, eta totalitarismoa eroso dabil munduan era guztietako maskaren pean.