Tabernak eta jatetxeak gogotsu eta zuhur dira fase berriaren atarian

Mireia Galarza eta Maialen Etxaniz 2020ko eka. 5a, 12:16

Zer izango lirateke gure herriak pintxo, bokata eta menu nahiz jaki goxorik gabe? Taberna, jatetxe, sagardotegi eta erretegirik gabe? Martxoaren erdialdetik ideia bat egin ahal izan dute herritarrek, eta pixkanaka, baina hasi dira pertsianak altxatzen bateko eta besteko ostalaritza lokalak. Segurtasun neurri zorrotzekin zabaldu dituzte ateak, eta hala jarraituko dute beste pixkatean, nahiz eta poliki-poliki arinaldiaren faseek aurrera egin ahala, ari diren baldintzak malgutzen. Astelehenetik aurera, esaterako, tabernetako barran bertan jateko eta edateko aukera edukiko dute herritarrek, bi metroko segurtasun distantzia bermatuta. Gainera, edukiera erdia bete ahalko da taberna edo jatetxe barruan. Terrazetan, berriz, hiru laurdeneko edukiera bete ahalko da. Izan ere, egun horretan arinaldiko hirugarren fasean sartuko da Hego Euskal Herria; alarma fasearen azken fasea da hori.

Jada zerbitzua martxan duten sei ostalarirekin elkartu da hitza, eta denek azpimarratu dute COVID-19 birusaren zabalpena saihesteko neurri zorrotzak betetzen ari direla eta, alde horretatik, herritarrak lasai bertaratu daitezkeela beren taberna eta jatetxeetara. Hilabete gogorrak pasa dituzten arren, gehienek aprobetxatu dute lokalak margotzeko edo egokitzapen nahiz hobekuntzak egiteko, eta ilusioz daude lehengora bueltatzeko, jakin arren kosta egingo dela martxa hartzea eta hor dagoela mamua; atzera bueltatzeko arriskua, alegia.

Lur Etxeberria, Landeta sagardotegia

«Langileak ari dira lanera itzultzen, espero dugu mugitzen hastea dena»

Azpeitiko Landeta sagardotegiko Lur Etxeberriarentzat «oso gogorra eta zaila» izan da jatetxea horrenbeste denbora itxita edukitzea, «egunerokoan martxa handia egoten baita hemen. Asko eragin digu». Maiatzaren 25ean zabaldu zuten taberna. «Lau mahai bakarrik ditugu terrazan, eta ez zitzaigun errentagarria ateratzen lehenago irekitzea. Egun hauetan badabil jende pixka bat, baina oso mantso hasi da. Espero dugu pixkanaka-pixkanaka hasiko garela betiko martxan», azaldu du. Maskarilak nahiz gelak erabiltzen dituzte, distantziak mantendu mahaien artean, eta lehengo mantel eta mahai-zapiak paperezkoengatik aldatu. «Hasieran oso arraroa egin zaitzaigun neurri horiekin lan egitea, baina ohitu egin behar izan dugu. Ahal dena egiten gabiltza». Hirugarren fasean sartzear gauden honetan, funtzionamenduan ez dute aldaketa askorik aurreikusten, baina bai mugimendu aldetik. «Langileak ari dira lanera itzultzen, eta espero dugu jendea gehiago mugituko dela jatetxeetara. Gu esperantza horrekin gelditzen gara».

Elena Aizpurua, Gure Txokoa jatetxea

«Erantzun oso ona jaso dugu, oso gustura gaude izandako harrerarekin»

Zarautzen dute Gure Txokoa jatetxea Elena Aizpurua eta Joxemari Mitxelenak. Aizpuruaren hitzetan, «oso gogorra» izan da hainbeste denbora jatetxea itxita edukitzea. Guztia ondo egotetik bat-batean «eromen honetara ohitzea» tokatu zaie, eta beldur da udazken aldean pandemiak berriro kolpatuko ote duen ostalaritza mundua. Babes neurriak jarri eta garbiketa kontuak eginda, edukiera %50ekoa izatea baimendu zutenean zabaldu zuten jatetxea. «Lanerako desiatzen» zeuden, eta bazuten bezeroekin berriro ere egoteko gogoa. «Erantzun oso ona jaso dugu. Urte asko daramazkigu, eta inguruko jendeak ezagutzen eta babesten gaitu», nabarmendu du Aizpuruak. Langile zein bezeroak babesteko gelak ipini dituzte, eta maskarak eta pantailak ere erabiltzen dituzte gutxieneko distantzia mantendu ezin dutelako zerbitzu garaian. Astelehenetik aurrera, hirugarren fasean, legez jende gehiagok egon ahalko du jatetxean, baina distantzia mantendu behar bada, ezinezkoa izango zaiela jakinarazi du Gure Txokoakoak.

Xanet Etxegoien, Giroa taberna:

«Denok jartzen badugu nork bere aldetik, ondo joango da hau dena»

«Hilabete gogorrak izan dira, buruhauste asko izan ditugu. Lege bat ateratzen zuten bakoitzean pentsatzen lege horrekin nola jokatu, zer gauza egin, papeleo asko ere bai... lan asko izan da» azken bi hilabeteetakoa Getariako Giroa tabernako Xanet Etxegoienek azaldu duenez. Alde onik ere ikusi dio, ordea, egoerari: «Aprobetxatu dut gehien bat etxean egoteko, familiarekin. Hori berria da guretzat. Konturatu gara etxean bizitza bat badagoela. Umeekin gauza pila bat egin ditugu eta bere alderdi polita ere eduki du». Taberna aurreneko egunetik zabaldu dute, eta okorrean «pozik» da, negozioa «martxa hartzen ari dela ikusita». Taberna barrura sartzea baimenduko dute astelehenean, eta buruari bueltaka hasiak dira, hori nola egin pentsatzeko. Izan ere, garrantzia handia ematen dio Etxegoienek osasun segurtasunari, eta neurriak zorrotz bete ditu. Horregatik, ondo iruditu zaio aurrena herritarrekin eta gipuzkoarrekin hastea lanean, eta pixkanaka zabaltzea kanpokoei. «Denok jartzen badugu nork bere partetik, ondo joango da».

Olatz Larrañaga, Larrañaga jatetxe-hotela:

«Maskarak jantzita lan egitea izugarri kostatzen da gure lanbidean»

«Bat-batean dena itxita ikustea eta horrenbeste hildako... oso gogorra izan da. Hasieran, nahiko ondo eraman genuen, baina azkenerako oso luze joan da», kontatu du Azpeitiko Larrañaga jatetxe-hoteleko Olatz Larrañagak. Dena den, aurreko astean ateak berriz zabaldu zituzten. «Jendeak ondo erantzun du. Asteburuan jende ugari bertaratu zen, ez guk nahi beste, baina tira, pixkanaka hasi gara». Babes neurriei dagokionez, betikoak hartu dituzte beraiek ere, ez dute arazorik eduki. Hori bai, «maskarilarekin lan egitea izugarri kostatzen da lanbide honetan», aitortudu. Hirugarren fasera sartzeko gutxi falta da, eta horren esperantzan daude. «Espero dugu neurriak arindu ahala ohiko martxara itzultzea. Hitzordu asko gelditu zitzaizkigun bertan behera, eta dirua itzuli behar izan dugu. Azpeitia Cupen harira erreserba asko zegoen asteazkenetik igandera, eta dena bertan behera gelditu da. Horregatik, badugu esperantza txiki bat datorren udari begira. Ea jendea uztailean eta abuztuan etortzera animatzen den».

Luixmari Uranga, Xixario jatetxea:

«Udan guztia desberdina izango da kanpoko bezerorik gabe»

Xixario aipatu, eta gehiengoari, ziurrenik, Orioko jatetxe ezagunenetariko bat etorriko zaio burura. Luixmari Uranga da, bere anaiarekin batera, jatetxeko nagusia. Hilaren 12an irekiko dute, eta hasteko «gogoz» daude. Izan ere, «ohitu gabe» daude hain geldialdi luzea egitera. «Bat-batean harrapatu gaituen zerbait izan da, oso ezustean». Itxialdian protokolo berriak martxan jartzeko tartea hartu dutela azaldu du Urangak. Dosifikadoreak, ozono makina, tenperatura hartzeko tramankulua nahiz erabilera bakarreko mantelak prestatzen aritu dira, eta kontatu du zerbitzua hasitakoan maskarak jantzi eta une oro jatetxeko txokoak desinfektatu beharko dituztela. Bien bitartean, «telefonoa gelditu gabe» dabilela dio; izan ere, «inguruko lagun asko» ari zaio deika. Hala ere, pixkanaka-pixkanaka ari dira erreserbekin, ez baitakite oraindik zenbat pertsona eser daitezkeen jatetxe barruan eta kanpoan dituzten mahaietan. Orain arte, beraiei ez zitzaien errentagarria egiten irekitzea, baina orain, eduki gehiago ahalbidetu dutenean, «arrankatu» egin behar dela uste du Urangak. Irekitzen dutenean, guztia «desberdina» izango dela dio oriotarrak, eta badu beldur pixka bat ere. Ez bakarrik babes neurriengatik, baizik eta «udan, ziurrenik, ez delako bisitaririk etorriko estatuz kanpotik». Izan ere, Alemania eta Ingalaterrako bezeroak ere izaten dituzte jatetxean. Urangaren arabera, aurreko urteetan, astebukaera guztietan «erreserba pila bat» jasotzen zituzten, eta zalantzan jartzen du aurten gauza bera gertatuko denik.

Nekane Olaizola, Joseba jatetxea:

«Asteburuetan afariak eta bazkariak terrazan ematea erabaki dugu»

«Azken hilabeteak oso gogorrak izan dira. Martxoaren 14an itxi genuen jatetxea, eta aste honetara arte ez dugu zabaldu. Itxi genuenean bazkari-afari ugari genituen erreserbatuta, eta maiatzerako jaunartzeak eta ezkontzak genituen. Guretzako kolpe handia izan da taberna horrenbeste denbora itxita edukitzea». Hitz gordin horiexekin mintzatu da azken hilabeteez Nekane Olaizola Azkoitiko Joseba jatetxeko arduraduna.

Arinaldiarekin batera jendea terrazetara jotzen ari dela ikusita, beraiek ere aldaketak egin dituzte asteotan, jatetxea asteartean ireki aurretik: «Asteburuetan afariak eta bazkariak terrazan ematea erabaki dugu, eta horretarako egokitu dugu espazioa. Astegunetan, aldiz, jatetxeko jangelan eskainiko ditugu otorduak. Izan ere, tailerretako langileak eta presaka ibiltzen dira, eta horiei barruan emango diegu zerbitzua», azaldu du.

Orain, argi pixka bat ikusten hasi dira: «Hirugarren fasean sartzeak esperantza apur bat ematen digu. Espero dugu pixkanaka jendea hasiko dela tailerretara itzultzen, eta jendeak betiko ohiturak berrartuko dituela. Kalean nabari da herritarrak gogotsu daudela, baina koronabirusak asko eragin du ekonomian, eta hori ere nabarituko dugula ziur gaude. Hirugarren fasean probintzietatik mugitu ahal izango dugu, eta ea jendea etortzera animatzen den. Ez dugu pentsatzen kanpoko jende asko etorriko denik, baina gure herriak gutxi ezagutzen ditugu, eta ondo egongo litzateke gure txokoak eta ingurukoak ezagutzen hasiko bagina».

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide