Izar Arregi: "Gazteak ondo bizi direla pentsatzen dugu; horrek kalte egiten du"

Ihintza Elustondo 2020ko mai. 29a, 09:00

Haurrez eta adinekoez asko hitz egin da konfinamenduan, baina bada erdi ahaztuta gelditu den adin tarte bat: nerabeena. Haien egoeraz hitz egin du Izar Arregi (Azpeitia, 1976) psikologo klinikoak.

Konfinamenduan asko hitz egin da adin desberdinetako jendearen beharrez, baina zer gertatu da nerabeekin? Ahaztu egin al da adin tarte hori?

Bai, eta ez konfinamenduan bakarrik. Normalean, ohitura daukagu pentsatzeko: "Gazteak ondo bizi dira eta!". Eta gazteek mila istorio dituzte. Horrek ez du esan nahi ez direnik gustura bizi, baina eskolan gorabeherak baldin badituzte, gaizki pasatzen dute, eta beti egoten dira lagunarteko gorabehera pila bat. Autoestimu aldetik ere mila gorabehera izaten dituzte. Errusiar mendi bat bezala dira; oraintxe zeruan eta oraintxe lur azpian egoten dira. Eta gurasoek eta helduek pentsatzea gazteak ondo bizi direla... Adibidez, gazte batek parrandara irten eta gaizki pasatzen badu, bi arazo ditu: batetik, gaizki pasatu du eta hori kudeatu behar du, eta bestetik, pentsatzen du gazte guztiak ondo bizi direla eta bera bakarrik dela gaizki pasatu duena. Gazteak ondo bizi direla pentsatzen dugu, mitoa da hori, eta horrek kalte egiten du. Uste dut konfinamenduan horixe pasatu dela.

Ez da erreala gazteek arazorik ez dutela, beraz.

Ez. Gazteei ere esan behar genieke beraientzat ere estres momentu bat izango dela hau eta eragina izango duela egunerokotasunean. Errealitate horretatik hitz egin beharrean eta beren egoera ulertu beharrean, estali egin dugu gertatzen ari dena. Eta gainera, exijitu egin diegu.

Zer exijitu zaie?

Eskola kontuan, adibidez. Irakasleak oso estresatuta ibili dira, baina gazteentzat ere izugarri zaila ari da izaten etxetik jardutea. Lehen nahiko nota onak ateratzen zituen jendea moldatu da, baina lehen eskolak desmotibatzen zuen jendea edo zailtasunak zituena okerrago dago orain. Konfinamendu garaian asko entzun dut ikasle batzuei Interneta edo ordenagailuak falta zaizkiela. Eta hori horrela da, eta hainbat udalek jarri dituzte baliabideak, baina horrekin ez da konpontzen desmotibazioa. Guraso asko ikusi ditut minduta udalak ordenagailua oparitu dielako eta hala ere semea edo alaba ezin delako eskolako lanak egiten jarri. Eskola kontuan oso estresatuta egon dira gazteak, eta beren egoera ulertu beharrean, helduok geure beharrei eman diegu garrantzia; ez gara ohartu gazteari horrek zer eragin diezaiokeen. Ez gara konturatu gazteek ere mila istorio dituztela etxean, anai-arrebekin, beren buruarekin.... Gazte bakoitzaren etxea eta familia mundu bat da, eta une honetan agian ez da inportanteena gizarte, euskara edo eskolako edukia.

Gazteak nola sentitu dira egoera honetan?

Gazte batzuk oso eroso eta ondo ikusi ditut. Lagunartean erdizka eta kuadrilla berrietara ezin egokituta zebiltzanei sekulako lasaitasuna eman die etxean egon beharrak; batzuetan jokoz kanpo sentitzen zirenek sekulako arindua hartu dute. Beste gazte batzuek, gurasoen lana tarteko, ez dute etxean haiekin egoteko aukera handirik izaten, eta horiei ere ondo etorri zaie konfinamendua. Batzuek lasaitasuna sentitu dute, baina horrek Aste Santuko oporrak arte iraun die. Aste santutako oporren ondoren, beste aldaketa bat ikusi dut.

Zer aldaketa?

Batetik, gazteak eroso egon dira etxean, eta orain, irteten hasi direnean, txabolaren sindromea etorri zaie: nahiago dute toki ezagun batean eroso egon; irteteak estutasuna eragiten die. Eta bestetik, lagunarteko detaile txiki-handi mingarriak ikusi ditut. Adibide bat: kuadrillan bost kide dira, eta baten urtebetetze eguna da; lagunetako batek bideo deia egin dio urteak betetzen dituenari, eta orduan ohartu da beste hiru lagunek elkarrekin egin diotela bideo deia eta berari ez diotela abisatu. Zer pasatzen da? Lehen, eskolan edo eskolaz kanpoko ekintzetan lagun horiekin elkartzean, aurre egingo zion arazoari; orain, aldiz, nola ez dagoen eskola kirolik, ibilaldirik eta eskolaz kanpoko ekintzarik, arazo hori hor gelditzen da.

Nola eragiten du horrek?

Gaztea ziurtasunik gabeko fase batean dago: "zein naiz ni?" eta "zenbateraino balio dut?" bezalako galderak egiten dizkio bere buruari. Etengabe horrelako kezkak ditu buruan, eta konfinamenduak kezka horiek indartu ditu. Lehen ere buruari buelta asko ematekoak zirenak obsesionatzera iritsi dira. Detaile mingarri horri bueltak ematen hasten baldin bazara, tsunami bihurtzen da. Horri lotuta, tristura handia ikusi dut Aste Santutik bueltan. Erabateko diferentzia nabaritu dut Aste Santuaren aurretik eta ondoren.

Zergatik aldaketa hori?

Batetik, kalera irteten hasi direlako. Eta bestetik, hiru bat aste etxean ondo egon gaitezkeen arren, horrek bukaera bat daukalako. Bi gauzak elkartu dira.

Eskolako arazoak eta lagunartekoak aipatu dituzu. Eta zer gertatu da familian?

Hori da beste puntu garrantzitsu bat; ahaztu egiten gara gazte hori familia batean bizi dela. Horri lotuta, bi gauza gertatu dira: batetik, nerabezaroan liskar asko izaten dira gurasoekin, eta konfinamenduan, are gehiago; bestetik, etxe bakoitzeko egoerak. eragin du nerabearengan. Familian hainbeste denboran elkarrekin egon behar horretan, batzuk hasieran ezin egokituta ibili dira, eta ondoren hobeto moldatu dira. Beste familia batzuetan, aldiz, sekulako tentsioak sortu dira. Batzuetan, guraso bikoteen artean sortu dira tentsioak: aurrez bikotean erdizka egon eta aurrera tiratzen zuten zenbaitek, baina orain azalera atera dira azpian zeuden banaketa afektibo asko. Seme-alabek eskolara edo entrenamendura joanda deskonektatu egiten dute horretatik, baina orain dena tragatu behar izan dute.

Zer aholku emango zenioke nerabe baten gurasoari?

Nerabeen ezaugarriak zein diren ikusteko eta ulertzeko. Nerabe batek zerbait egin dezan gauzak askotan esan behar zaizkio, badirudi hainbat urtetan landutakoak ez duela ezertarako balio... Oso etapa nekagarria da guraso bezala. Horrek ez du esan nahi onartu behar direnik ezaugarri horiek; ulertzea ez da onartzea. Baina ulertzetik hasi behar gara. Eta egunerokoan, diziplina positiboa jarri behar dugu behin eta berriz. Alegia, momentuan liskar bat izan badugu gaztearekin eta haserre baldin bagaude, utzi gaia bere horretan, eta hurrengo egunean berrartu. Eta berrartzerakoan, ez epaitu gaztea, ez esan zer egin duen gaizki, baizik eta esan ahalik eta elkarbizitza onena nahi dugula; beti erakutsi behar dugu hobetzeko asmotan ari garela. Ez eman horrenbeste inportantzia gertatu denari, arazoa nola konpondu behar den da garrantzitsua. Eta gazteari eman aukerak egin duena konpontzeko. Adibidez, mahaia ipintzen parte hartu ez badu, zera esango diogu: "Zer iruditzen zaizu datorren astean zu arduratzen bazara honetaz eta honetaz?".

Guraso guztientzako balio al du horrek?

Lehenik eta behin, gurasoak konturatu behar du bera zer estilotakoa den: semea edo alaba gehiegi babesten duen, gehiegi kontrolatzen duen, zorrotzegia ote den... Denok dugu zerbait. Hausnarketa hori egin dezala guraso bakoitzak. Diziplina asko jartzekoa banaiz, jakin liskarrak egongo direla, eta diziplina hori komunikatuta adostu behar dela seme edo alabarekin. Umea asko babestekoa banaiz, berriz, lagunengana bultzatu beharko dut. Kontua ez da garen hori indartzea, baizik eta hobetzea. Beste aldea landu behar da.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide