Beñat Lizaso zuzenean sailkatu da Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako finalaurdenetarako

Urola Kostako Hitza 2019ko ira. 24a, 18:42

Datorren asteburuan Zumarraga-Urretxun eta Elgoibarren izango dira final zortzirenak. Elgoibarkoan Jokin Uranga azpeitiarrak eta Iñaki Gurrutxaga oriotarrak abestuko dute.

Beñat Lizaso Ordiziako final zortzirenean. (Bertsozale Elkartea)

Hiru zarauztarrek eta azpeitiar batek hartu dute parte asteburu honetan Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako final zortzirenetan. Aitor Urbieta eta Ainhoa Agirreazaldegi zarauztarrek eta Beñat Lizaso azpeitiarrak larunbatean, Ordizian, eta Beñat Jauregik igandean, Zumaian.

Lizaso izan zen bere saioko irabazlea, 445 punturekin. Urbieta bosgarren geratu zen 402.5 punturekin eta Agirreazaldegi seigarren, 397 punturekin. Bigarren izan zen Asier Azpirotz (423 puntu), hirugarren Ane Zuazubiskar (416.5 puntu), laugarren Manex Mujika (416 puntu) eta atzetik bi zarauztarrak. Honenbestez, Lizaso da zuzenean final laurdenetan kantatzeko sailkatu den bertsolaria.

Zumaian, seigarren sailkatua izan zen Benat Jauregi zarauztarra, 394 punturekin. Horrela geratu zen final zortzireneko sailkapena: Gorka Maiz izan zen lehena (441 puntu), Unai Muñoa bigarren (434.5 puntu), Ander Lizarralde hirugarren (432.5 puntu), Iñigo Gorostarzu laugarren (416 puntu) eta Jokin Bergara bosgarren (404 puntu). Hala, Lizasorekin batera, Maiz gabiriarrak kantatuko du zuzenean final laurdenetan.

Gainontzeko bertsolariek itxaron egin beharko dute final zortzirenetako puntuazio guztiak jakin arte, puntuazioaren arabera lehenengo 17ak igaroko baitira hurrengo fasera, saioetako irabazleez gain.

Hurrengo final zortzirenak Urretxu-Zumarragako Zelai Arizti Aretoan eta Elgoibarko Herri Antzokian izango dira, datorren larunbatean eta igandean. Hain zuzen, Elgoibarko saioan eskualdeko bi bertsolarik kantatuko dute: Jokin Uranga azpeitiarrak eta Iñaki Gurrutxaga oriotarrak.

Txapelketaren inguruko informazio guztia ikusgai dago Bertsozale Elkarteak sortutako azpiwebgunean.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide