Ana Galarragak (Zarautz, Gipuzkoa, 1970) albaitaritza ikasi zuen, eta Elikagaien Zientzia eta Teknologiarekin osatu zituen ikasketak. Elhuyarren dabil, aspaldi, zientziaren inguruan idazten. 'Sapiens' ispiluaren aurrean liburua argitaratu berri du. Elhuyar aldizkarian idatziriko artikuluen bilduma da.
Zergatik bilduma hau, norentzat eta zertarako?
Booktegik proposatu zidan liburua egitea. Aritz Brantoni bururatu zitzaion zientzia gaiei tokia egitea, eta niri ere interesgarria iruditu zitzaidan edukitzea beste bide bat jendearengan iristeko. Izan ere, Elhuyarrek eta aldizkariak zientziarekin dute lotura hasieratik, eta badaukat sentsazioa horrek berme bat ematen duela, alde batetik, baina, bestetik, agian apur bat urruntzen gaituela. Horregatik gustatzen zaizkit horrenbeste komunikabide orokorretan egiten ditugun kolaborazioak. Zientziarekiko berariazko interesik ez duen jendearengana iristeko lekuak dira. Beti aprobetxatu behar dira aukera horiek.
Albaitaritza ikasi zenuen, baina gizakiekin zaude kezkatuta. Paradoxa bat da, edo besteok ikusten ez duten lotura bat dago hor?
Interesa dut, animaliak garen heinean. Hari bat eman behar nien artikuluei, eta, azken batean, guri zer interesatzen zaigu? Guri geure burua interesatzen zaigu. Hori nabarmena da; ikusten duzunean gehien irakurritako artikuluen zerrenda, bi motatakoak daude: eskoletan etxerako lanetarako agindutako gaiekin bat datozenak, planeten kontuak eta halakoak, eta guri, gizakioi buruzkoak, edozein ikuspegitatik: arkeologikotik, eboluzioaren aldetik... Izugarri gustatzen zaizkigu bereziak garela esaten duten artikuluak, euskaldunon genetikarekin loturikoak, adibidez. Ispiluaren aurrean jarri diot liburuari, zientzia nolakoak garen ulertzen saiatzen den diziplina bat delako, eta, horretarako, hainbat ispilu erabiltzen dituelako, biologiaren ispilua, genetikarena, arkeologiarena, ingurumenarena...
Ispilua, haatik, nartzizismoarekin ere lotuta dago. Zientzia al da horren kontrako terapia ona?
Izan ere, artikulu bilduma antolatuta dago erakusteko beharbada ez garela uste dugun bezain bereziak. Gizakiok ez ditugu hainbeste arrazoi horren harroak izateko.