Manu Urbieta: "Mila gauza egin daitezke futbolarekin, baina lehiara bideratzen dugu beti"

Nerea Uranga 2018ko ots. 23a, 11:09

Etxetik bertan duelako, Berehala nator izena jarri dion arte tailerrean pasatzen ditu orduak Manu Urbietak (Zarautz, 1963). "Airean" joaten zaio denbora. Egur zaharrekin edota hondartzan jasotako burdinazko piezekin egindako eskulturak, collageak, markoak, postalak, enkarguz egindako oroigarri eta sariak… Horrelakoak ditu bere arte lantegian.

  (Nerea Uranga/Urola Kostako Hitza) Garai batean Realeko eta beste hainbat taldetako futbolari eta entrenatzaile izandakoa sorkuntzari eta eskola kirolaren aldeko jardunari lotuta dago azken urteotan. Imanol Urbieta aita zenarengandik jaso zuen kirolerako eta musikarako zaletasuna. Aitarekin, hondartzarekin eta kalearekin lotzen duzu kirolarekin izandako lehen harremana. Aita irakaslea zen Zarauzko ikastolan, eta Pilartxoenean eta beste eraikin batzuetan ibiltzen ginen gu, okupa tankeran askotan. Kalean, hondartzan, frontoian, gela barruan eta gelatik kanpo, bazter guztietan jolasten genuen; 1965-66 urteez ari naiz hizketan, aspaldiko kontuez. Kirola baino gehiago, jolasa zen gurea. Jolaserako ziren espazioak eta inguruak. Nola pasatu zinen ikastolan jolasean ibiltzetik futbolarekin zaletzera? Zarauzko musika eskolaren ardura ere bazeukan aitak. Behin, Zarautzek Atotxan gazte mailako final bat jokatzen zuela-eta, zarauztarrak animatzera joan ginen musika eskolatik. Izugarrizko zalaparta sortu genuen. Orduan, [Jose Luis] Orbegozo Realeko presidenteak aitari galdetu zion prest izango al ginen Reala animatzera joateko. Saltseroa zen aita, eta baietz esan zion. Realak autobusa jartzen zigun, eta hamabostero Atotxara joaten ginen musika eskolakoak, instrumentuak hartuta; izugarrizko giroa sortzen zen. Orduan hasi nintzen ni futbolarekin zaletzen… jokatzen hasi eta 17 urterekin Realak deitu zidan arte. Zarautzen jokatzen al zenuen aurretik? Zarautzen jokatzen nuen aurrena, baina, oso entrenatzaile gogorra genuela-eta, utzi eta hondartzara joan nintzen jokatzera, lagunengana. Garai hartan, hondartzan mailaka jokatzen zen. Gero, 17 urterekin, berriro heldu nion futbolari, eta Realak deitu zidan. Orduan, Zarautzek oso maila ona zuen, eta herrian bertan gelditu nintzen, Realak utzita. Jarraitu elkarrizketa irakurtzen gipuzkoa.hitza.eus atarian.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide