Hodei Collazo: "Ez nuen arrastaka bukatu nahi, nahiz eta gustuko dudan lehiatzea"

Aritz Mutiozabal 2018ko urt. 4a, 11:05

Munduko zirkuitutik kanpo eta maila profesionaletik erretiratuta osatu du 2017. urtea surflari zarauztarrak. Hala ere, maila onean jarraitzen du; besteak beste, Euskal Zirkuituko txapeldun izan da.

Hodei Collazo surflari zarauztarra (Aritz Mutiozabal). Euskal Surf Zirkuituko txapeldun izanda bukatu duzu 2017a. Garaipen horrek urte berria hasteko bestelako motibazio bat eman al dizu? Bai, halaxe eman dit. Izan ere, orain bestelako bizitza bat daramat: lanean nabil, txapelketa gutxiago jokatzen... Jada ez dut munduko zirkuituan parte hartzen, Europako txapelketetan bakarrik. Ondorioz, aukera izan dut Euskal Herriko probetan lehiatzeko. Nazioarteko txapelketak jokatzeari utzi badiot ere, oso gustuko dut lehiatzea eta garaipena lortzeko borrokatzea, eta 2017an lehen aldiz lortu dut Euskal Surf Zirkuitua irabaztea. Aurrez zirkuituko proba solte batzuk baino ez neuzkan irabazita. Lau probek osatu dute zirkuitua, eta horietako hiru jokatu ditut: Deban bigarren izan nintzen; Orroagan irabazi eginnuen; eta Mundakan, azkenik, laugarren postuan sailkatu nintzen. Egia esan, txapelketa onak jokatu ditut eta asko gozatu dut. Txapelketa xumeagoak dira, baina zer balio dute zuretzat? Normala den bezala, munduko zirkuituan maila askoz ere handiagoa dago. Urte asko ziren Euskal Herriko txapelketa hauek egiteari utzi niola, bestelako agenda bat neukalako. Orain, Euskal Herriko Surf Federazioak beste epaile batzuk hartu ditu, WQS eta WCT zirkuituan aritzen direnak, eta horrek bestelako buelta bat eman dio, sekulako  zirkuitua bihurtuz. Duela 10-15 urtekoarekin konparatuta, gaur egungoa oso profesionala da, eta hori ere antzeman da surflariek ematen duten mailarekin.  Azkenean, mundu mailan aritzen diren epaileak baldin badaude, horrek exijentzia handiagoa eskatzen dizu, duzun onena ematera bultzaraziz. Hori ez da izan iaz irabazi zenuen txapelketa bakarra: Zarautzen, Siroko zirkuituko proba irabazi zenuen, eta Barbateko (Andaluzia, Espainia) La Yerbabuena proba ere bai. Hala da, bai. Horiez gain, proba dezentetan geratu naiz bigarren postuan. Egia esan, urte ona izan da. Lanean buru-belarri nabilen arren, saiatu naiz sasoian jarraitzen eta egunero surf egiten. Baita txapelketetan parte hartzen eta emaitza onak lortzen ere. Alde horretatik, 2017a urte oso polita izan da. Gezurra dirudi profesionaletatik erretiroa hartu eta horren emaitza onak lortzea. Orain erlaxatuago nago, eta txapelketetara presio gutxiagorekin joaten naiz. Munduko zirkuitua zailagoa da, eta emaitzak lortzea are nekezagoa. Egun, aurretik aipatutako txapelketa horiek irabaztea ere ez da erraza, baina ez nuen uste horren urte erregularra osatuko nuenik. Egia da lagunartean joaten garela probetara, eta ongi pasatzen ahalegintzen naizela, bai uretan bai uretatik kanpo. Azkenean, hori emaitzetan antzematen da. Adibidez, Europako txapelketetan ere aritu naiz, eta Angelu (Lapurdi) bosgarrena izan nintzen abuztuan, WQS zirkuituko proba batean. Txapelketa asko ongi egiten dituzunean eta urtean zehar ongi surfeatzen aritu zarenean, beste konfiantza batekin iristen zara halako hitzorduetara. Nik oso ongi ikusi dut neure burua. Noiz eta zergatik erabakitu duzu erretiroa hartzea eta etxe aldean geratzea? Duela bi urte jada hasi nintzen pentsatzen beste zerbait egiten hasi behar nuela. Maila onean nenbilen arren, ez nuen nahi askoz gehiago jarraitu eta surfak ni neu erretiratzea. Ez nuen probetara joan eta etengabe galtzen aritu nahi. Lehiatzea eta bidaiatzea oso gustuko ditut, baina ni baino zaharragoak diren surflariak ikusten nituen azken unera arte jarraitzen zutela. Haiek azken bi urteetan ez ziren gai irabazteko, eta frustratu egiten ziren. Pixka bat arrastaka ikusten nituen, eta ez nuen horrela bukatu nahi, nahiz eta beste pare bat urtez txukun aritu ninteken. 2017aren hasieran Pukasekin hitz egin nuen, eta begi onez ikusi zuten ematera nindoan pausoa. Eta zein izan zen momentu zehatz hori? 2016eko irailean Pantinen (Galizia) oso emaitza ona lortu nuen, munduko sailkapenean ere postu onean kokatuta, eta iruditu zitzaidan hura zela uzteko momentu egokia. Zapore onarekin erretiratu nintzen. Pausoz pauso doan erretiroa da zurea, ez baituzu zure erabakiaren iragarpen ofizialik egin. Erretiratzea eta txapelketa ge­hiago ez jokatzea erabaki nuen, bai, baina horrenbeste surflari ezagutzen ditudanez, Pukasek surfaren esparruan jarraitzeko aukera eman zidan. Hala, Europako txapelketetara joaten naiz lehiatzera eta, bide batez, surflariak gure taulak erabil ditzaten konbentzitzen ahalegintzen naiz. Bitartekari lana egiten dut, nolabait esateko. Orain, urte hasierarekin, txapelketa horiekin hasiko gara berriro; hil honen amaieran, Tenerifen (Espainia). Gero, Portugalen eta Frantzian ere lehiatuko gara. 15 urte egin dituzu profesional mailan. Zer nolako balorazioa egiten duzu? Oso ona. Pila bat gozatu dut, txapelketa askotan hartu dut parte, batzuk irabazi ditut, lagun asko egin ditut bidean eta kultura nahiz hizkuntza diferenteak ezagutu ditut. Oro har, asko ikasi du bizitzaz urte hauetan guztietan. Duela 15 urte pertsona bat nintzen eta orain beste bat naiz, eta hori surfari esker izan da. Oso gaztetxo ekin zenion... 16-17 urterekin hasi nintzen pixkanaka-pixkanaka lehiatzen, junior mailako probetan. Nik uste dut 22 urtera arte ez nintzela guztiz jabetu egiten nuenaz. Txapelketak irabazten nituen, dirua sartzen zen eta toki guztietara bidaiatzen nuen, baina ez nintzen kontziente egoeraz. WQS zirkuituan lehiatzen hasi nintzenean, denbora gehiago eskaintzen hasi nintzaion. Buruak eragin handia du, gainera: txapelketa bakoitza ezberdina da, eta ikasten duzu gauzak ahalik eta ondoen kudeatzen. Baita konfiantzaz lehiatzen ere. Modu positiboan pentsatuz gero, eta lana gogotik eginez gero, gauzak atera daitezke. Garaipen garrantzitsu batzuk badira zure ibilbidean; esaterako, 2010eko Portugalgoa. Bai, txapelketa hura giltzarri izan zen nire ibilbidean. Gainera, nire toki gogokoenetako batean eta nire lagun Gony Zubizarretaren aurka jokatu nuen finala, sekulako puntuazioa lortuz. Zalantzarik gabe, nire ibilbideko txapelketarik onena izan da. Ni­re garairik onena, aldiz, gerora etorri zen. 25 urterekin txapelketa hura irabazi eta gero, beste surflari bat izan nintzen. Urtero-urtero bizpahiru emaitza on lortu nituen harrezkero. Mailarik onenean aritu naizen urtea 2013a izan zela esango nuke. Gero lesionatu egin nintzen, eta azken urteetan gorabehera ugari izan ditut. WQS zirkuituan aritu zara beti, eta ez zara WCTra iritsi. Jauzi hori eman ez izanaren arantza geratu al zaizu? 2013a oso indartsu bukatu nuen, eta hurrengo denboraldia bide beretik eginez gero, nahiz eta zaila izan, agian mailaz igotzeko aukera izan nezakeela pentsatu nuen. Nik uste dut lehen aldiz pentsatu nuela horretaz. Tamalez, 2014ko urtarrila-otsaila inguruan metatarsoa hautsi nuen, eta urte osoa galdu nuen. Itzulera zailagoa izan zen, beti lesioa nuelako buruan. Baina arantzarik ez dut, eta onartu behar dut bizitza oso ona izan dudala, horrenbeste gauza egiteko eta bizitzeko aukera izan dudalako. Duela hilabete batzuk omenaldi bat ere egin zizuten Ibon Imazen Oroimenezkoan. Ez nuen horren berririk, eta ezustean harrapatu ninduen. Lagunak eta familia bertan izan ziren, eta taula berezi bat oparitu zidaten... Oso polita izan zen. Ilusio handia egin zidan. Gainera, herriko jendea horren pozik ikusteak niri ere poza eman zidan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide