'Zarauzkohitza.eus', egonkortzen eta goraka

Urola Kostako Hitza 2017ko mar. 10a, 11:19

Gaur urtebete da Zarauzko euskarazko herri atari digitala martxan jarri zela

Urtebete egin du Zarauzko HITZAren webguneak. Gaurko egunez abian jarri zuten ofizialki Zarauzko euskarazko atari digital erreferentziala, eta arduradunek modu positiboan baloratu dute orain arteko ibilia.
Aro berri bat zabaldu zen duela urtebete. Hainbat hilabetez Zarauzko norbanako, eragile eta elkarterekin hausnarketa prozesu bat garatu eta buru-belarri lanean aritu ondoren, Urola Kostako HITZAk komunikazio-proiektu berri bat sortu zuen: zarauzkohitza.eus webgunea. Zarauzko berriak eta askotariko kontuak euskara hutsean eta modu erreferientzialean eskaintzeko helburuarekin jaio zen, eta proiektuaren leloak ere mezu hori helarazi zuen, Herriaren ispilu izan nahi zuela. Hain justu ere, gaurko egunez aukeztu zuten atari digital berria Zarauzko Merkatu Plazako goiko solairuan, hainbat herritarren eta herriko eragileren babesean eginiko ekitaldian. «Urtebeteko ibilbidea oraindik nahiko denbora tarte laburra da balorazio sakonak egiteko, baina oso gustura gaude herritarren artean izan duen onarpenarekin. Emaitza onak lortzen ari da, eta konturatu gara pixkanaka egonkortzen ari dela herritarren artean», adierazi dute Zarauzko Hitzako arduradunek. Webguneko erabiltzaileen eta bisiten kopuruek goranzko joera nabarmena dute, eta hori agerikoa da hilabetez hilabeteko emaitzetan. Urtebeteko, nolabaiteko balantze bat egite aldera, 2016ko martxoan 3.706 erabiltzaile izan zituen webguneak, 12.824 orrietara eginiko bisitekin, eta aurtengo otsaileko datuen arabera, 11.656 erabiltzaile izan ditu, 43.394 orri izan dira ikusiak. «Ohartu gara erabiltzaile sare fidel bat badugula, baita noizbehinka sartzen diren hainbat ere. Gure erronka litzateke noizbehinkako erabiltzaile horiek eguneroko izan daitezen erakartzea, eta, jakina, herritar gehiagorengana iristea». Albisteen berehalakotasunak eta ataria bera une oro eguneratuta edukitzea «balio garrantzitsu bat» dela nabarmendu dute, herrian egosten denaren bitartekari lan horretan. Facebook eta Twitter bezalako sare sozialek horretarako bide eman dietela diote: «Herriko berriak lau haizetara zabaltzeko erreminta egokiak dira. Jakin badakigu teknologia berriek egun duten indarra, eta horiek baliatu nahi ditugu ahalik eta zabalkunde handiena emateko. Oro har, jendea informatzeko».

Komunitatearen jarioa

Asko dira komunitatean erregistratu ziren taldeak eta elkarteak, eta modu aktiboan euren ekarpenak egiten dituztenak: ZarautzOn, Hotz-Zarautz, EH Bildu, Zarauzko Sare Feminista, La Salle ikastetxea, Arraio irratia, Putzuzulo gaztetxea, Jalgi dantza taldea eta Murkil dendarien Elkartea, esaterako. Baita norbanakoak ere: adibidez, Bittor Mutiozabalek biotopoko hegaztien argazkiak igotzen ditu eta Ander Uberak Modelon ematen dituzten filmeen inguruko iruzkinak egiten ditu. Interesa duen herriko edozein talde, eragile edo norbanako erregistratu daiteke eta erabiltzaile bihurtu.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide