Eneritz Aulestia: "Amets bat izan da gure musika Washingtonen aurkeztu ahal izatea"

Amaia Ventas Aldabaldatreku 2016ko uzt. 7a, 11:29

AEBtik itzuli berria da Eneritz Aulestia zarauztarra, Kepa Junkera eta Sorginak taldearekin Smithsonian Folklife jaialdian parte hartzetik. Egonaldi motza baino betea izan du, eta baita itzulera ere, Elorrioko III. Trikitixa Txapelketa irabazi baitu Julen Alonsorekin.

Eneritz Aulestia Sorginak taldeko kidea. (Eden Jair) Aurten Smithsonian Folklife jaialdian euskal kultura da gonbidatu berezia, eta tartean, zuek: Sorginak eta Kepa Junkera. Zer izan da zuretzat jaialdi horretan parte hartu ahal izatea? Egia esan, ez nuen Smithsonian Folklife jaialdia lehendik ezagutzen. Washingtonen jo behar genuela esan zigutenean izugarrizko sorpresa hartu nuen, ez nuen nire burua Washingtonen ikusten. Gero, Folk jaialdiari buruzko informazioa begiratzen hasi, eta han parte hartzeko aukera hori izatea izugarria zela konturatu nintzen. Hegaldian bertan, ez nuen sinisten zertara nindoan. Egonaldi motza izan da, baina esperientzia ezin hobea. Gure kultura erakusteko aukera paregabea da. Zein izan da zuen ekarpena? Jaialdi osoa Euskal Herriko kulturari lotuta dago. Gune ezberdinak daude: Musika eta Dantza, Esku-lanak, Euskaltegia, Sukaldea, Herri Kirolak eta abar. Gure kasuan, hilaren 29an jaialdiko agertoki nagusian kontzertua eman genuen, baina horrez gain, beste egunetan Musika eta Dantza gunean masterclass moduko batzuk eman behar genituen, eta horietan kontzertu txikiak egiteko aprobetxatu dugu. Bestalde sorginok, umeentzat zuzenduriko Txiki Txokoan pandero eskolak eman ditugu. Bai kontzertuan eta baita tailerretan ere, jasotako harrera sinestezina izan da. Milaka kilometrok banatzen gaituzte amerikarrengandik, baita hizkuntza eta ohitura ezberdinak ere, baina kulturak ezaugarri horiek guztiak alde batera utzi eta guztiak elkartzen gaituela esan dezaket. Eta musikak are eta gehiago, horrelakoetan baieztatzen baita musika hizkuntza unibertsala dela. Elkarrizketa osoa, Zarauzko Hitzaren webgunean.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide