Ezkerretik hasita, Collazo, Illarramendi, Garmendia, Txurruka, Itxaso eta Aymat (Amaia Ventas Aldabaldetreku).
Urte batzuetako geldialdiaren ostean, mundu mailako surf proba bat jokatuko dute aurten Zarautzen: Zarautz Pro txapelketa. Martxoaren 31tik apirilaren 3ra izango da Zarauzko Turismo Bulegoak, Gipuzkoako Surf Federazioak eta World Surf Leaguek antolatuta. «Izen handiko» surflariak lehiatuko dira QS 1.000 mailako proba horretan, eta lehenbiziko aldiz emakumezkoek ere hartuko dute parte Zarautzen. 1.000 puntu banatuko dituzte gizonezkoen zein emakumezkoen artean eta sari aldetik ere berdintasuna bermatuko dute. Hala, 20.000 dolar (18.002 euro) banatuko dituzte: 10.000 dolar (9.001 euro) gizonezkoetan eta beste 10.000 dolar (9.001 euro) emakumezkoetan.
Nazioarteko —Hawaii, Amerketako Estatu Batuak (AEB), Israel, Brasil, Uruguai, Argentina, Zeelanda Berria, Frantzia eta Portugalekoak, besteak beste—zein Euskal Herriko 75 gizonezkok eta 16 emakumezkok hartuko dute parte Pro Zarautzen. Emakumezkoen artean, QS zirkuituan lehenbiziko postuetan dauden Justine Dupont eta Pauline Ado frantsesak ariko dira. Gizonezkoen artean, berriz, Joan Duru baionarra, Kiron Jabour hawaiiarra, Hossegorreko Marc Lacomare, Nick Von Rupp portugaldarra eta Gony Zubizarreta galiziarra, besteak beste.
Euskal surflariek ere ez dute Pro Zarautzen parte hartzeko aukera galduko. Bertan lehiatuko dira Aritz Aranburu, Indar Unanue eta Hodei Collazo zarauztarrak; Imanol Yeregi zumaiarra; Eneko Acero eta Jatyr Berasaluze getxoztarrak eta Natxo Gonzalez plentziarra.
Horiez gain, txapelketan parte hartzeko wildcard-a lortu duten Mikel Elizalde, Roberto Letemendia Tito, Ainara Aymat eta June Erostarbe zarauztarrak eta Ethan Egiguren donostiarra ere izango dira. Elizaldek Zarauzko Surf Txapelketa Herrikoia irabazteagatik lortu du gonbidapena; Letemendiak Euskal Herriko txapeldunorde izateagatik; Egigurenek eta Aymatek Gipuzkoako txapelketa irabazteagatik; eta Erostarbek Zarauzko probako txapeldunorde izateagatik.
"Ohore bat"
Atzo aurkeztu zuten txapelketa Xabier Txurruka Zarauzko alkateak, Mertxe Garmendia Eusko Jaurlaritzako Turismo zuzendariak, Denis Itxaso Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura eta Kirol diputatuak, Oier Illarramendi Gipuzkoako Surf Federazioko ordezkariak, Collazo eta Aymat surflariek. Txurrukak gogoratu zuen Zarautz "aitzindaria" dela kirol horretan, eta hori neurri batean surf elkarteek egindako lanari zor zaiola. "Mundu mailan ezagunak dira surflari zarauztarrak eta ohore bat da hori herritarrontzat". Horregatik, munduko zirkuituko proba bat berriz ere Zarautzen jokatuko delako «gustura» agertu da alkatea. «Apustu berri bat da eta espero dugu jende ugari gerturatzea udalerrira surfaz gozatzera", esan zuen.
Itxasok ere udalerriaren eta surfaren lotura nabarmendu zuen, eta adierazi zuen Zarautzek «beste behin» erakutsiko duela «badakiela» halako ekitaldi bat antolatzen. Probak turismoa indartzen eta elkartasuna bezalako baloreak sustatzen lagunduko duela aipatu zuen.
"Pisuzko arrazoi asko" izan ditu Eusko Jaurlaritzak proba babesteko, Garmendiaren arabera. "Euskal kostaldea leku paregabea da surfa praktikatzeko eta Zarauzkoa da, hain zuzen, gure kostaldeko hondartza adierazgarrienetakoa. Nazioartean maila eman duten surflarien jaioterria da".
Kirolari "bikainak" izateaz gain, balore jakin batzuen bultzatzaileak ere badirela nabarmandu zuen: ahaleginaren, itsasoarekiko maitasunaren eta gauzak zaintzearen eredu. Jakinarazi zuen, nazioarteko surflari onenak bilduko direla egun horietan eta "Euskadi izena entzungo da berriz ere munduan".
Aymat eta Collazo surflariak ere "pozik" daude beste behin euren herrian maila horretako txapelketa bat antolatu dutelako. Collazok aurreratu zuen surflarien zerrenda ikusita "maila ona" ziurtatuta egongo dela, eta espero duela datozen urteetan ere txapelketa antolatzen jarraitzea. Aymatentzat, berriz, "ohore bat" da txikitatik surf egin duen olatuan halako lehiaketa bat antolatzea eta bertan parte hartu ahal izatea, berdintasuna bermatuz.
Askotariko jarduerak
Surf txapelketaz gain, jarduera fisikoarekin eta euskal kulturarekin lotutako askotariko jarduerak izango dira lau egunetan Illarramendik adierazi duenez. Herri kirol eta BMX eraskustaldiak; txotxa; bertako produktuen azoka; carver eta surf ikastaroak eta kontzertuak, esaterako.
Beste hainbat surf proba, Pro Zarautz txapelketaren barruan
Astebetez Zarautz surf ekitaldiz betetzeko eta Pro Zarautz txapelketarako berotzen joateko, beste bi proba antolatu dituzte aurreko egunetarako: Euskal Herriko Longboard Sup Surf eta Beterano Txapelketa zein Ikastxiki zirkuituko proba bat. Martxoaren 28an jokatuko dute lehenbizikoa eta "Euskal Herriko kirolari onenak" hartuko dute parte.
Hilaren 29tik 30ra jokatuko dute, berriz, 10-16 urte bitarteko surflariei zuzendutako proba. Gipuzkoako Surf Federazioak antolatu du hori eta Euskal Herriko Surf Federazioak bestea.
Ainara Aymat eta Nadia Erostarbe: «Oso ongi datorkigu beti surfa egin dugun olatu batean lehiatzea»
Ainara Aymat eta Nadia Erostarbe zarauztarrak nazioarte mailan lehian ari diren surflariak dira. Oso gazteak badira ere, —lehenak 19 urte ditu eta bigarrenak 15 urte—, badakite zer den onenen artean olatuak hartzen aritzea. Biek ala biek wildcart gonbidapena lortu dute Pro Zarautz txapelketa jokatzeko, eta ilusioz beteta daude.
Zer da zuentzat horrelako txapelketa bat etxean jokatu ahal izatea?
Ainara Aymat: Ohore bat da, zalantzarik gabe. Bertakoak gara eta txikitatik surfean aritu garen olatua da Zarauzkoa. Etxean, betidanik surf egin duzun olatu batean txapelketa jokatzea itzela izateaz gain, oso ongi datorkigu. Izan ere, bertako itsasoaren ezaugarri eta baldintza guztiak zeintzun diren dakizkigu.
Beraz, zuentzako abantaila dela esan daiteke?
Nadia Erostarbe: Zentzu horretan, abantaila izango dugu, bai. Guretzako erraztasuna izango da, aldeko faktorea. Gainera, mundu mailako txapelketa izanda, ilusioa egiten digu goi mailako surflarien aurka lehiatu ahal izatea.
A.A.: Etxean jokatuko dugunez, lasaiago gaude. Eta horrek, jakina, asko laguntzen du lehiatzeko orduan.
Oinarri sendoa duzue halako lehietan; esaterako, Zarauzko txapelketan jokatzeko txarte la lortu duzue. Nola ikusten duzue aurtengo denboraldia?
N.E.: Laster hasiko dut denboraldia. Iaz oso gustura bukatu nuen urtea. 21 urtez azpikoen Europako Txapelketako zirkuituan zazpigarren postuan bukatu nuen, eta Lanzaroteko Pro Juniorrean lortu nuen nire emaitzik onena, bigarren postuan sailkatuta. Egia esan, oso pozik nago lortutakoarekin, nahiz eta agian beste proba batzuetan gehiago egin nezakeen.
Eta aurten zer espero duzu?
N.E.:Aurten 21 urtetik 18ra jaitsi dute txapelketaren adin tartea, eta maila gutxiago dago. Zirkuituko onenak ni baino zaharragoak ziren, eta, hori kontuan izanda, dudan guztia emango dut, ahalik eta emaitzik onena lortzeko. Nire helburua da iaz eginiko lana hobetzea.
Zure kasuan, Ainara, zer moduz joan zen aurreko urtea?
A.A.: Iazkoa ez zen izan nire urterik onena izan. Egia esan, ez nintzen oso fin aritu denboraldi osoan. Ea aurten nola ekiten diodan denboraldi berriari. Ahalik eta ondoen lehiatzen saiatuko naiz.