100 proiektu zarauztarren bizi kalitatea hobetzeko

Zarauzko Hitza 2013ko urr. 11a, 12:44

  Ezkerretik eskuinera, Aser Lertxundi, Karmele Alberdi, Juan Luis Illarramendi eta Gari Berasaluze, Zarautz Ehuntzen planaren aurkezpenean. Zarauzko Udalak Zarautz Ehuntzen udal plana osatu du, herriko  premiei erantzun eta zarauztarren bizi kalitatea hobetzeko. Hala, 2016. urte amaiera bitartean 100 egitasmo betetzeko konpromisoa hartu du, alorrez alor.  Proiektu txikiek, ertainek eta handiek osatzen dute plana, eta zenbait bete dituzte dagoeneko; telefono mugikorretarako Zarautzi buruzko aplikazioa sortu dute, esaterako. Beste batzuk lantzen ari dira egun, besteak beste, Udal Musika Eskola abiatu eta haren etorkizuna bermatzen ari dira,  baita biotopoko pasabide berria egiteko aukerak aztertzen ere.  Aurrera begirakoak ere zehaztu dituzte, Beilatoki berria Abendañon egitea edota Modelo aretoa erostea, kasu. Lehen fase batetik bigarrengora jauzia irudikatu nahi du udalak hala. Lehen fasea egonkortze fasea izan zen: "Udala egoera ekonomiko oso zailean aurkitu genuen, eta oinarrizko zerbitzuetan murriztu gabe, hainbat erabaki estrategiko eta urgentziazko gauzatzea lehenetsi genuen. Egoera orekatzea lortu eta bide berriak egin ahal izateko oinarriak ezarri ditugunean aurkezten dugu bigarren fase hau". Orain arte egindako parte hartze prozesuetan bildutako herritarren ekarpenekin osatu dute plan hori, eta horiek betetzen saiatuko dira bigarren fase horretan. Herritarrak bidelagun izateaz gain,  "notario" lanak egingo dituzte: "Hain zuzen, herritarrak izango dira gure konpromisoa fiskalizatuko dutenak". Etxezabalako erakusleihoan mural handi bat jarriko dute, 100 koadrotxotan banatuta. Amaitzen duten proiektu bakoitzeko koadroak estaltzen joango dira, "herritarrek planaren garapena ikus dezaten". Jakinarazi dute datorren astean iritsiko direla herritarren etxeetara planaren nondik norakoak biltzen dituen aldizkariak. Era berean, webgune bat jarri dute ikusgai: ehuntzen.info.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide