‘Zu ere On Kixote?’ izango da ikusgai bihar Zarautzen, herriko taldeekin

Amaia Ventas Aldabaldetreku 2013ko ira. 4a, 04:00

Proposamen berritzaile batekin iritsiko da Agerre teatroa bihar Zarautzera. 22:00etatik aurrera Zu ere On Kixote? ikuskizuna eskainiko du Modelo aretoan, Miguel de Cervantesen klasikoan oinarritutako lana. Baina ez da obra horren moldaketa soila izango. «Kixoteren aitzakian gure historiaren errepaso modukoa egingo dugu ikuskizunean», adierazi du diziplina asko biltzen dituen obraren zuzendari eta testuaren egileak, Maite Agirrek. «Kixote da ero bat, poeta bat, nomada bat, finean. Beti bidaiatzen ari da, Santxo Panzarekin batera. Guk ere bidaiatzen dugu Euskal Herrian eta historian zehar». Bertako pertsonaia garrantzitsuez baliatuz egin dute denboran ibilbide hori. Herriko taldeekin elkarlanean osatu du Agerre Teatroa taldeak biharko ikuskizuna. (Argazkia: Agerre Teatroa) Osagarri garrantzitsua izango du, gainera, ikuskizunak: herriko askotariko taldeak izango dira protagonistak. «Herri batetik bestera erabat aldatzen da ikuskizuna. Partaideak tokikoak bertakoak izaten dira, eta haien arabera moldatzen da saioa. Donostian, Loiola auzoan, esaterako, danborrada eta rock talde bat gehitu genizkion; Elorrion, berriz, txistulari talde batek eta artista plastikoek ere hartu zuten parte ikuskizunean. Hori ez da oso maiz gertatzen», dio. Zarautzen kasuan, Montetxio eta Udaberri abesbatzak, Alproja antzerki taldea, Uhera eta Jalgi dantza taldeak, Mikel Erguin eta Iosune Irureta dantzariak, Marisa Merino dantza eskolako kideak, Aratz Olaizola eta Erlantz Allur eta Nahiko Larri trikitilariak, Goizeko Ihintza txistulari taldea eta Iñigo Manzisidor Mantxi bertsolaria izango dira parte-hartzaileak, besteak beste. Kixote eta Santxo Panza Hala ere, ikuskizunak baditu pertsonaia finkoak. Juan Ramon Azpitarte Imuntzo eta Eleuterio Jauregi Beloki trikitilariek egin ohi dute On Kixote eta Santxo Panzaren rola saio guztitan, hurrenez hurren. Biek ala biek «sorpresa» handia eman dute, gainera, taula gainean. «Denek pentsatzen dute kantatzen, musika egiten jardungo dutela; betikoan, alegia. Baina ez. Hori baino askoz gehiago egiten dute, eta izugarrizko presentzia dute eszenatoki gainean». Zuzendariaren arabera, ikusleak «txundituta» geratzen dira haien antzezteko moduarekin, testuak esateko erarekin, haien arteko eztabaidekin... «Azken finean, erromeria pila bat egin dute, eta oso jantzita daude», argitu du. «Batez ere, Imuntzok harritu du ikuslea; normalean musikariak eta trikitiariak bigarren plano batean egon ohi dira, ezkutatuta edo, baina hemen ez. Imuntzo izugarrizko Santxo Panza da». Ainhoa Pineda, Jon Ander Urresti eta Elsa Spizzichino Haizea itsasoan aktoreak osatzen dute Zu ere On Kixote?-ko parte-hartzaile finkoen zerrenda. Azken hori parte hartzeko prest agertu zen ikuskizuna Hendaian egin zutenean. «Oso gustura» geratu zenez, ikuskizunean parte hartzen jarraitzeko konpromisoa hartu zuen, eta ordutik proiektuaren parte dela nabarmendu du Agirrek. Horrek puntu «exotikoa» ematen dio. «Une batean euskara oso ezberdinak entzun daitezke agertokian: Elsak iparraldeko euskara erabiltzen du, Jon Anderrek Bermeoko euskara fin eta polita darabil, eta gu saiatzen gara, azalpenen bidez, ulertzen ez dena adierazten». Zarauzko kutsua Planteamendu dramaturgikori ere «Zarauzko kutsua» emango diote: «Obrarako berreskuratzen ditugu bertako autore edota pertsonaia bereziak. Beste kixoteak sortu, alegia». Hala, ostegunean Inazio Eizmendi Basarri-ren inguruko eszena bat ere eskainiko dute, haren jaiotzaren mendeurrena aurten bete dela aprobetxatuz. «Hasieran pentsatzen genuen lan handia izango zela obra tokiaren arabera moldatzea, baina oso dramaturgia polita daukagu, irekia, eta horregatik askotan esaten dugu euskal kabareta dela Zu ere On Kixote?». Agirreren esanetan, kabaret formatuan «osagai asko sartzen» dira, eta «ondo nahasten dira formula horretan».  «Istorio oso sendoa daukagu, eta istorio horren baitan hainbat ate daude. Ate horiek ireki daitezke edo ez. Irekitzen badira, sartzen da proposamen bat edo beste. Ez badago hori, ate hori ez da irekitzen. Horrela osatu dugu ikuskizuna». Kixoteen aitzakiak, gainera, «joko handia» ematen duela dio Agirrek. «Obra bat idazteko behar duzu aitzaki on bat, jokoa ematen dizuna. Batzutan ideiak onak izaten dira, baina ez dute jokorik ematen. Kixotek, berriz, handia ematen du, eta horregatik erabiltzen dut irudi hori». Horri esker, ikuskizunak «harrera ona» izan duela jakinarazi du. Baina, batez ere, Agerre teatrokoentzat «esperientzia izugarria» izaten ari dela nabarmendu du. «Guretzat oso aberatsa izaten ari da esperientzia. Herriko jendearekin arituta, gainera, asko ikasi dugu. Ikuskizun bakoitzean jende askok parte hartzen duen arren, oso erraz prestatu ohi dugu guztia».

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide