Gartxotenea eta Labiano Santa Barbara menditik zintzilikatu ziren, atxilotuak izan aurretik (Argazkia: Gari Berasaluze)
Zarauzko Udalak «lehenbailehen» abiatuko du Giza Eskubideen Batzordea. Hala onartu zuen asteazkeneko plenoan udalbatzak. Udal Gobernuak Aritz Labiano
Labi eta Haritz Gartxotenea
Zaporra zarauztarrek «jasandako injustizia» salatzeko aurkeztutako mozioa zein
EAJren kontramozioa dira horren aurrekaria. Espainiako Auzitegi Konstituzionalak baliogabetu egin du Auzitegi Nazionalaren epaia, zigorra ezartzeko lekuko anonimo baten deklarazio hutsa ez dela nahikoa argudiatuz. Horren harira, mozioa aurkeztu zuen Udal Gobernuak. Besteak beste, «salbuespeneko» Auzitegi Nazionala ixteko eta jasandako «injustiziaren» aurrean Labi eta Zaporra zein haien lagun eta senitartekoei babesa erakusteko galdeginez.
Era berean, udalak «bizikidetza eta jendarte eredu justuranzko bidean gauden honetan, alde bateko zein besteko minaren aitorpena» egin behar duela adierazi zuen Udal Gobernuak mozioaren bitartez. «Labiano eta Gartxotenea jazarpen politiko baten biktimak izan dira». Berriz halakorik gerta ez dadin «urrats eraginkorrak» eman behar direla esan zuten.
«Bizikidetza eta errespetuzko elkarbizitza demokratiko baterako, bitarteko ausartak jarri behar ditugu alderdi guztion artean. Zentzu horretan, gertatua ahaztu gabe, iraganak ez dezala herri honen etorkizunerako asmoa zamatu eta ikas dezagun zer ez dugun errepikatu behar».
Halako gaiak lanketa «sakonagoa» behar dutela nabarmendu zuen EAJko bozeramaile Imanol Lasak, «irakurketa patxadatsuagoa». Ildo horretatik, kontramozioa aurkeztu zuen talde jeltzaleak, Labi eta Zaporrari babesa eskaini eta Giza Eskubideeen Batzordea «lehenbailehen» martxan jartzeko eskatuz. «Mozio honetan hizpide izan dugun auziaz eta beste guztiaz hitz egiteko esparrurik egokiena da batzordea».
Gehiengoz, moldaketekin
Udalbatzak Udal Gobernuaren mozioa zein EAJren kontramozioa onartu zituen, gehiengoz biak. Lehenbizikoa moldatu egin zuten bozkatu aurretik; bigarren puntua kentzea erabaki zuen Udal Gobernuak. Zera zihoen puntuak: «Udalak bi herritarrek jasandako injustiziaren aurrean izandako jarreraz autokritika egin behar dugu. Jazarpen polizial horren aurrean isil-isilik egon da udala». Ezker Anitzako Mariana Aranburu eta Lasa horretaz kexu ziren; izan ere, udalak instituzio gisa ez, baina bere garaian hainbat zinegotzik auzia salatu zutela gogoratu zuten; besteak beste, Aranburuk, Lasak, Maribel Albizuk eta Iban San Martinek(EAJ). Puntua kendu, eta gehiengoz onartu zen mozioa, Bildu, Aralar eta Ezker Anitzaren aldeko botoekin.
Mahai hori nola osatu aztertzen ari da egun udala. Horren adierazle da Juan Luis Illarramendi alkateak Errenteriakoarekin, Julen Mendozarekin, izandako hitzordua. Bertako eredua mugarri izan da herrietako bake eta elkarbizitzarako ereduak finkatzerakoan. Horren nondik norakoak jaso zituen Illarramendik eta Zarauzko errealitatera nola moldatu aztertuko dute orain.
Pintadak, lekuz kanpo
EAJk ostiralean alderdiaren egoitzan margotuta agertu ziren mezuen —
Gora euskal gazteria eta
Gora herri harresia — harira, urgentziazko mozioa aurkeztu zuen. Udalari halako ekintzak tokiz kanpo daudela adierazteko eskatu zion EAJk, eta aho batez onartu zuen Udalbatzak mozioa.