(Onintza Lete Arrieta/Hitza)
Zer dakigu eguzki sistemaz? hitzaldia eskainiko du gaur Arkamurkako kide Ander Souzak. Elkarteko egoitzan izango da, 20:15etik aurrera. «Modu argi etasinplean» eguzki sistema zer den, non dagoen, noraino heltzen den... azalduko du, «esplikazio konplexurik» gabe. Izan ere, gaiaren inguruko sinesmen oker asko dagoela dio. Horiek argitu eta jendea astronomian sakontzera animatuko du bihar.
Zein izango da hitzaldiaren helburua?
Nire helburua ahalik eta modu argi eta sinpleenean eguzki sistemaren inguruko oinarrizko azalpenak ematea izango da. Iaz, esaterako, unibertsoaz jardun nuen; gaur eguzki sistema zer den, noiz sortu zen, zein distantzia duen, zein planetek osatzen duten... Halako galderak erantzuten saiatuko naiz. Hori izaten da Astronomia Asteko lehenbiziko hitzaldiaren helburua: gaia modu sinplean azaltzea, bertaratzen dena erakarrita sentitu, eta astronomian sakontzera animatu dadin. Ez dut azalpen sakon eta konplexurik emango, oinarrizko informazioa baizik.
Datozen egunetan izango da sakontzeko aukera: Ane Garcesek exoplaneten inguruan hitz egingo du, eta Iñigo Elorzak izarrez eta izarrarteko bidaiez.
Oraindik ezezaguna al da astronomia herritarrentzat?
Bai, jendeak orokorrean ezer gutxi daki astronomiaz. Komunikabideek ustez ezagutzen ditugun kontuez jarduten dute. Ustea soilik da hori, ordea; askotan jendeak ez baitauka horren inguruko jakintzarik.
Adibide bat jartzearren, jende askok ez daki zer den izar iheskor bat. Oso gauza sinplea da: kometa batean du jatorria. Elementuok zerua zeharkatzen dutenean, partikula txikiak askatzen dituzte espaziora. Lurrak partikulez betetako gune hori ukitzen duenean, erakarri egiten ditu. Atmosferarekin kontaktuan jartzean erre egiten dira, eta horrek sortzen du izar iheskor kontzeptua.
Alde horretatik, zein sinesmen oker daude egun astronomiaren inguruan?
Astronomia eta astrologiaren arteko lotura da horietako bat. Hori guztiz okerra da, ez baitago harreman hori frogatzen duen oinarri zientifiko errealik. Jendeak asko hitz egiten du horoskopoaz, zodiakoaren zeinuez... Gezurra da, ez baita halakorik existitzen. Errealitatean, egungo konstelazioek ez dute zodiakoaren konstelazioarekin bat egiten.