Txus Manterola: «Krisi garaiotan, Neguetxea urte osoan zabaltzea izango litzateke egokiena»

Amaia Ventas Aldabaldetreku 2013ko api. 9a, 09:22

(Amaia Ventas/Hitza) Etxerik gabeko pertsonei negu gordinean aterpea eskaintzeko sortu zuten iaz Zarauzko Udalak, Caritasek eta Gurutze Gorriak Neguetxea proiektua, Gipuzkoako Foru Aldundia bidelagun zutela. Aurten bigarren denboraldia izan du. 2012ko azaroaren 15etik 2013ko martxoaren 17ra egon da zabalik, etenik gabe, eta guztira 179 lagun hartu ditu. Lehen mailako beharrak—dutxatu, afaldu eta gosaldu, arropa garbitu, ohe garbian lo egiteko aukera izatea, besteak beste— asetzeaz gain, alderdi pertsonala ere «goxatzeko» aukera izan dute, boluntarioen laguntzari esker. Aurten, gainera, iaz baino aurrekontu murritzagoa bideratu du Zarauzko Udalak Neguetxerako: 22.607,44 euro. Hori dela eta, aurtengo jardunaren balorazio positiboa egin du Txus Manterola (Donostia, 1976) Caritaseko ordezkariak. Hala ere, zertan hobetua badagoela nabarmendu du: «Neguetxea urte osoan zabaltzea eta jantoki soziala abiatzea izango litzateke egokiena». Zer moduzkoa da Neguetxearen aurtengo balantzea? Iazko jardunarekin alde handia izan du aurtengoak. Guztira 179 pertsona hartu ditugu Neguetxean, iazko kopuruaren bikoitza ia—90 lagunek hartu zuten ostatu 2011-2012 arteko neguan—. Ez da berri ona, baina behinik behin Neguetxeak egoera arintzen lagundu die; lo egiteko, dutxatzeko, arropa garbitzeko, afaldu eta gosaltzeko, eta norberaren gauzak modu seguruan gordetzeko lekua izan dute bertan. Horrez gain, giza berotasuna eskaini diete boluntarioek, egoera larriak goxatze aldera. Haiek gabe ezinezkoa litzateke proiektu hau aurrera ateratzea.  82 bat lagunek jardun dute lanean Neguetxean, musutruk. Haien laguntza aitortu beharra dago, lana modu eraginkorrean egiteaz gain, asko inplikatu eta aterperik gabeko pertsonei goxotasun handia eman dietelako. Entzute soila benetan garrantzitsua da noizbait baztertuta sentitu direnentzat, haien kaltea arintzeko. Era berean, Zarauzko Udalaren eta Zurekin Ostalarien elkartearen laguntzarekin, otartekoak eta kafe beroa ere eskaini zaizkie herriko lau tabernatan. Ildo horretatik, aurtengo jarduna oso positiboa izan da. Neguetxearen barrualdea (Amaia Ventas/Hitza) Krisiak egoera pertsonalak okertu ditu, beraz. Bai, nabarmena da. Gero eta jende gehiago dago egoera larrian, langabezian geratu edota banandu ostean etxerik gabe geratu dena, kasuren bat aipatzekotan. Baita Euskal Herrian bertan ere. Zein motatako pertsonak izan dira Neguetxean? Aurten, Magreb inguruko pertsona ugari etorri da; 59, hain zuzen.  Hala ere, Euskal Herriko zein Estatuko lagun askok hartu dute ostatu Neguetxean; 22 eta 53 pertsonek, hain zuzen. 166 gizonezko izan dira, eta 13 emakume. Iaz lau soilik izan ziren. Alde horretatik, zortea izan dugu; izan ere, emakumeentzat Neguetxeko solairu bat gorde da aurten, haien intimitatea babestu eta segurtasuna bermatzeko. Giroari dagokionez, nahiko ona izan da. Arazoren bat edo beste izan dugu, baina ez istilu larririk. Askotan pentsatzen denaren kontra, menpekotasunik edota arazo pertsonal nabarmenik gabeko jendea izan da. Hori dela eta, orokorrean lasaia izan da bertakoen arteko bizikidetza. Jende oso jatorrak hartu du ostatu, eta asko laguntzeko prest agertu da uneoro. Alde horretatik oso gustura gaude. Hala ere, gehiago egin daitekeela diozu. Aurten aurrerapausoa egin da, emakumeentzat gune berezitua egokituz eta bazkaritarako otartekoak eskainiz. Hala ere, hobetu daiteke, bai. Guk jantoki soziala antolatu nahiko genuke, esaterako. Negua oso gogorra da eta etxegabeek ordu asko igarotzen dituzte kalean—goizeko 09:00etatik iluntzeko 21:00ak arte egoten dira kalean, aterpetxea zabaldu bitartean—. Hotza egiten badu, eguerdian haiei leku goxo bat eskaintzea da gure nahia, zerbait beroa jan, lagunartean egon, eta babesteko. Ea datorren urterako lortzen dugun. Ordu asko egiten dituzte bakarrik. Horri lotuta, guneren bat egokitu beharko litzateke baita ere, babestuta egon eta orduak arinago pasatzeko. Horretarako ere boluntario eta langile gehiago beharko lirateke. Bestalde, Neguetxea urte osoan zabaltzea izango litzateke egokiena. Uda ez da negua bezain gogorra; tenperatura altuagoak izaten dira, eta kalean egotea arinagoa gerta daiteke. Baina Neguetxea ez da lo egiteko gune bat soilik, zerbitzu zabala eskaintzen du nire ustez: goxotasuna, konpainia... Hori dela eta, ezinbestekoa da proiektua urte osora zabaltzea. Eta posible al da hori? Auzia aztertzen ari dira administrazioak. Etxe Txiki eraikina Gipuzkoako Foru Aldundiarena da, eta udan udalekuak eta halako jardunaldiak antolatzeko baliatzen du. Arrazoi horregatik Neguetxea udan bertan atontzea ezinezkoa balitz, herrian beste lekuren bat topatu beharko litzateke  etxegabeentzat. Hori Batzar Nagusietan landu behar dute orain. Legez, 20.000 biztanletik gorako herrietan derrigorrezkoa da etxegabeentzat. Ildo horretatik ezin gara kexatu, neguan halako gune bat izatea lortu baitugu. Hala ere, polita izango litzateke udan ere Neguetxea zabalik izatea.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide