[Berria.info] E
uskaldunon egunkariaren hamargarren urteurrenaren harira, euskal prentsaren eguneroko jarduna aitortzeko ekitaldi publikoa egin zuen atzo Zarauzko Udalak. Euskal prentsaren ibilbidean protagonista izan diren hainbat zarauztar omendu zituzten
Egunkaria 10 urte, hilabete 1 eta egun 1 ekitaldian. Kazetari izate hutsagatik herrian erailak eta jazarriak izan diren lagunez ere oroitu ziren, eta «minaren aitorpenean» aurrera egiteko urratsak egin behar direla adierazi zuen Udalak.
(Argazkia: Gorka Rubio/Argazkipress)
Lizardik euskarazko egunkari batekin amesten zuen 1929rako, baina 1990 arte itxaron behar izan zen,
Euskaldunon Egunkaria sortu arte. «Lizardiren ametsa aldarrikapen bilakatu genuen. Ez zela posible, ez zegoela euskarazko irakurlerik eta kazetaririk esaten ziguten orduan ere», adierazi zuen Iñaki Uriak ekitaldian. Esperientzia bazutela eta aurrera egitea erabaki zutela kontatu zuen, eta irakurleak eta kazetariak bazirela ohartu ziren. Itxiera etorri zen, ondoren. Ametsa amesgaizto bihurtu zenekoa. «
Egunkaria-k euskaldunak euskaldunago egiten gintuen, euskara euskarago eta Euskal Herria Euskal Herriago. Horrexegatik itxi zuten», esan zuen Uriak.
EH Bilduk agintzen du Zarautzen, eta Gari Berasaluze Kultura eta euskara zinegotziak hitz egin zuen udaleko ordezkari gisa. Oroitu zuen
Egunkariako auzi ekonomikoa epaiketaren esperoan dagoela oraindik ere, eta auzipetuetako baten hitzak ekarri zituen gogora: «Auzi ekonomikoa zabalik dagoen bitartean,
Egunkaria-ren zauriak odoletan segitzen du». Horrez gain, herrian kazetari izate hutsagatik jazarriak eta erailak izan direnak ekarri zituen gogora. Aieteko Adierazpenari egin zion keinu. Norbanakoengan nahiz gizartean zabaldu diren «zauriak sendatzeko», jasandako minaren eta biktima guztien «aitorpena» egiteko urrats sakonak egin behar direla adierazi zuen Berasaluzek. Baita «bizikidetzan» aurrera egiteko ere. Herrian GALek eta ETAk hildakoak oroitu zituen. «Zarautzen ezin dugu ahaztu kazetari gisara egindako lanagatik Gorka Landaburuk jasandako atentatua ere. Inoiz baino gehiago guztion aitorpena eta minaren errekonozimendua beharrezkoak ditugu», esan zuen zinegotziak.
Landaburu bera egon zen ekitaldian, beste hainbatekin batera. Omenduen zerrenda luzea izan zen oso. Egunkaria sortzeko Zarauzko Egunkaria Sortzen egitasmoan jardundakoak, Zarautz Egunkariaren Aldeko taldekoak, Urola Kostako langileak, Imanol Murua kazetaria, Iñaki Uria, eta
Euskaldunon Egunkaria-n lehen eta orain BERRIAn aritzen diren zarauztarrak igo ziren oholtza gainera, besteak beste. Azken horiei erreferentzia egin zien Martxelo Otamendik, BERRIAko zuzendariak: «Luzea da zerrenda. Kezkatzerainokoa ia. Euskarazko prentsa larri dabil honetan, bultzada emateko Zero zarauztar ekimena jarri beharko dugu abian».
Euskaldunon Egunkaria-ren garaian, biztanleko proportzioa aterata Zarautz harpidedun gehien zituen herria zela gaineratu zuen.