Zarauzko Enbata, lemazain bila

Amaia Ventas Aldabaldetreku 2013ko mar. 5a, 10:05

Enbataren aurkezpena, iaz. (Leire Ventas/Hitza) Martxoaren 16an aukeratuko dute bazkideek Zarautz Arraun Elkarteko zuzendaritza batzordea. Aurten lehenbizikoz bi talde aurkeztu dira: bata Edu Mugertzaren gidaritzapean, eta bestea Jon Artolarenean. Lehenbizikoak bi urte egin ditu arraun elkarteko presidente. Duela bizpahiru aste, ordea, kargua uztea erabaki zuen, HITZA-ri adierazi dionez, «erreta» zegoelako. Haren esanetan, zenbaitek «gezurrak» esan ditu orain arteko batzordearen eta hark egindako lanaren inguruan, eta hori «oso mingarria eta lotsagarria» da. «Beste aro bati» heltzeko garaia zela eta, elkarteko beste hainbat kide elkartu eta zuzendaritza batzorderako beren burua aurkeztea erabaki zuten. Mugertza gerora, gertukoen gomendioak jarraituz eta ordura arte egindako lana kontuan izanda, hautagai aurkeztu da berriro ere. Ostegunean aurkeztu zuen talde berriak bere proposamena elkarteko bazkideen artean. Mugertzak eta bere taldeak aste honetan egingo dute aurkezpena. Larunbatean egin zuten, aldiz, urteko batzar orokorra. Bertaratu zirenei egoeraren berri eman zitzaien eta bi asteren buruan bi hautagaien artean aukeratu beharko dute. Antzeko helburuak Zuzendaritzarako bi hautagaitza aurkeztu badira ere, bi aldeek proposamen bertsuak egin dituzte kirol helburuei dagokionez. Biak bat datoz elkartea herritarrengana gerturatzeko beharra dagoela diotenean. Zarauztar askok arraunlariak eta elkartea bera ez dituztela ezagutzen edo gutxienez ez zaizkiela gertukoak egiten diote bi aldeek, eta horri buelta eman behar zaiola. Ildo horretatik, Mugertzaren taldeak zarauztarrak Aian duten gunera erakarri behar direla dio, bertako ateak ireki, eta, nahi izanez gero, ondoren arraunean jarduteko aukera izan dezaten. Beteranoak inplikatu nahi ditu; iaz lehenbiziko aldiz beteranoen taldea aurrera atera zuen ordura arteko zuzendaritza batzordeak. Artolaren taldeak, arraunean aritu nahi duen orori aukera eskaintzeko asmoaz gain, arraunari lotutako ekitaldiak antolatu behar direla dio. Besteak beste, Zarauzko moila biziberritzea, eta bertan arraunaz gozatzeko probak egitea eta koadrila arteko estropadak antolatzea proposatu du. Bestalde, bi hautagaiek itsas pasealekuko lokala egoitza sozial gisa erabiltzea proposatu dute. Lokal hori, esaterako, estropadak «arraun giroan eta guztiek elkarrekin» ikusteko baliatu daitekeela adierazi dute Artoaren taldekoek. Harrobiari dagokionez, gaztetxoak arrauna probatzera animatu behar direla diote talde berriko kideek. Besteek ere harrobia indartu behar dela nabarmendu dute, horretarako neurriak jarrita, ikastetxeen bidez, lehiakortasuna landuz baina ikuspegi ludikoa lehenetsiz, eta hori guztia posible izan dadin ekitaldiak antolatuz; arraun udalekuak, kasu. Halaber, Tolosako neskekin duten harremana mantentzea ezinbestekotzat jo dute Mugertzak eta bere batzordekideek. Bat datoz Artola eta bere kideak. Batzorde horretan neska batek hartuko du parte; ez «argazkirako», arrauna nesken ikuspegitik landu eta ekarpen berriak egiteko, baizik. Horren bitartez «haria luzatu» eta neska gehiago ere anima daitezkeela diote. Batzorde bakarra osatzea Bi asteren buruan aukeratuko dute datozen urteetarako elkartearen lema eramango dutenak. Beste alternatibarik badago, ordea: bi taldeek bat egitea. Hori litzateke Mugertzaren eta behin-behineko zuzendaritza batzordeko kide Jon Odriozolaren ustez «egokiena»; «kirolaren alde lan egitea», alegia, «bestelako kontuak alde batera utzita». Ildo horretatik, ardurak banatu eta bakoitzak ondoen ezagutzen duen arloan lan eginez talde indartsua osatzeko aukera dagoela dio. Odriozolak nabarmendu du hiru aldiz eskaini dietela beste taldekoei hori egitea, baina ez dutela erantzunik jaso. Besterik ezean, bazkideek ZAEren lema eramango duen bi hautagaien artean bat aukeratu beharko dute.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide