Pirritx, Porrotx eta Marimotots hirukotearen ipuinen egilea da Martxel Murua (Zarautz, 1961), eta pailazoen abentura berri bat idatzi du, Julen Tokero marrazkilariak irudikatuta: Maite zaitut! (Elkar/Katxiporreta). Argitalpen berria bada ere, istorioa aski ezaguna dute jarraitzaileek. Izan ere, taula gaineko ikuskizuna literatur lan bilakatu dute.
Maite zaitut! abesti ezaguna izan zen aurrena, eta orain izen bereko liburua dator.
Zuzeneko emanaldia ere badu. Orduan, ipuina zen falta zitzaiguna. Jakina, diziplina bakoitzak bere ezaugarriak ditu, eta honako hau ipuina da. Badu zerikusiria ikuskizunarekin, mamiari dagokionez, baina azalez eta jantziz ez. Besteak besteak, saioak ordu eta erdi irauten du, eta ipuina hiru orritan laburbildu dugu.
Pailazoez gain, aitona Anakleto eta haren hartz-kumea dira protagonistak. Zein da istorioaren haria?
Ijitoen mundua da kontagai, azken batean. Gizartearen bazterkeriatik Piriniotako magaletan babesten ziren ijitoak, eta han sortu zituzten berezko dituzten lanbideak; esate baterako, hartz hezitzaile izatea. Hori Camille azken hartzaren desagertzearekin lotu dugu. Laburbilduz, umezurtz geratu den hartz-kumea berekin hartuko dute ijitoek istorioan.
Era berean, ijitoen kultura gerturatu nahi diezu irakurleei, ezta?
Bai. Alde horretatik, bada halako omenaldi bat ijitoei eta beren munduari. Euskal gizarteak eta, oro har, mundu guztiak baztertu egin ditu, eta jarrera hori alboratu nahi du ipuinak, haien kultura gerturatuz.
Euskal Herriko ijitoen kultura eta gizarte arloko elkartearen (KaleDorKayiko) laguntza izan duzue liburu hau egiterakoan. Nolakoa izan da hartu-eman hori?
Guk haien izpiritua hartu dugu, eta haiek ere hurbildu egin zaizkigu. Azken finean, ipuin bat da; ez da saiakera bat. Ez dugu ijitoen inguruko ipuinen antologiarik egin. Ijitoak pertsonaia bihurtu ditugu, eta gizatasun ukitua eman diegu. Hala, haiek oso gustura geratu dira eta eskertu egin dute, eta gu ere pozik geratu gara. Bazterkeriaren kontzientziak, nolabait ere, gu ere osatzen gaitu.
Integrazioaren aldeko mezu nabarmena du, beraz.
Badago edozer gauza sailkatzeko mania edo joera: orain atzerritarrak dira, eta lehen ijitoak ziren. Nik uste dut gizartea kultura anitzez eta pertsona anitzez osatzen dela. Aniztasun horretan bizitzeko ahalegina egin behar dugu. Azken finean, guztiok gaude hemen, eta ezin da onartu arrazagatik edo beste txorakeria bategatik inor baztertzea. Txiroen eta aberatsen arteko bereizketa hori pairatzen dugu gizartean. Alde horretatik, txiroek ere badituzte beren txiroak, eta, kasu honetan, ijitoak dira. Horrek hausnarketarako bide ematen du, gaur egun inoiz baino gehiago.
Liburu honekin Plaza-Ipuinak izeneko sail berria estreinatu duzue. Pailazoek agertokitan antzeztu dutena liburuetara ekarri nahian?
Bai, horixe da gure asmoa. Maite zaitut! izan da lehena, eta hurrengoekin ere lanean ari dira. Ez dakit nik neuk idatziko dudan ala beste norbaitek, baina bigarrena ere abian da. Ez dute zertan korrelatiboak izan, gainera. Maite zaitu!-ekin, esaterako, argi geneukan; alde batetik, ikuskizunak bultzada ematen ziolako eta bestetik, berriz, gaia bera interesatzen zitzaigulako.
LIBURUA
- Izenburua. Pirritx, Porrotx eta Marimotots. Zaite zaitut!
- Egilea. Mitxel Murua.
- Marrazkigilea. Julen Tokero.
- Argitaletxea. Elkar eta Katxiporreta.
- Bilduma. Plaza ipuinak 1.
- Orrialde kopurua. 28 orrialde.
- Salneurria. 7 euro.
- Sinopsia. Aitona Anakleto bere karabanarekin iritsi da, eta pailazoen laguntza beharko du. Izan ere, hartz-kumea bakarrik geratu da basoan.