
Aser Lertxundi zinegotzia(Aralar), Juan Luis Illarramendi alkatea (Bildu)eta Eider Illarramendi alkateordea (Bildu) (Amaia Ventas/Hitza)
«Ezkerreko politikak helburu dituen, eta eraldaketara bideraturiko plangintzetan oinarritutako» ituna sinatu dute Bilduk eta Aralarrek, «desadostasunak kudeatzeko bideak landuz, eta gobernu ardurak beregain hartuz, herritarrekin eman beharreko pausoak adosteko bitartekoak jorratzen dituena». Momentuz, Aralarrekin soilik—Ezker Anitza alderdiarekin koalizioa du horrek— osatuko du Udal Gobernua Bilduk. «Landu ditugun gai asko aurrez Ezker Anitzarekin egindako akordioen baitan daude kokatuta. Kontrakorik ezean, alderdi horrekin ditugun akordioak mantenduko ditugu, baina argi dugu aurrera egin nahi dugula. Gobernu itunaren puntuetako bat ezkerreko gobernua bultzatzea da, eta horretan gabiltza», azaldu du Aralarreko Aser Lertxundik.
Printzipioz, Bildu eta Aralar «puntu gehienetan» datoz bat, eta bat ez datozen puntuak eztabaidatzen ari dira. Elkarlana bideratzen ari dira: «Akordioaren funtsa elkarlana da, eta elkarlaneako prestutasuna, eta hori da gehienbat baloratu duguna».
«Krisialdi gogorrari aurre egiteko, eta zabaltzen ari den aro politiko berri ilusiozkoan, elkarlanaren garrantziaz jabetuz, bereizten gaituena alboratu, eta batzen gaituena indartu nahi izan dugu ituna sinatzerakoan», arrazoitu du Eider Illarramendi alkateordeak (Bildu). «Arlo ugari daude jorratzeko, hutsune asko asetzeko: kultura, kultur-aniztasuna, euskara, parekidetasuna, gazteria, ongizate zerbitzuak, hondakinen kudeaketa, besteak beste. Arlo guztietan digutu adostasunak, eta adostasun horiek dira gure elkarlanaren oinarri», erantsi du Lertxundik.
Hainbat alor lantzeko
Parte hartzea izango da gobernu berriaren ardatz nagusia, eta «jardunarekiko gardentasun
eta informazio bideetan sakontzea» du helburu. «Parte hartze erreala, anitza eta zabala bideratzeko arautegia prestatzen ari gara, orain arteko bidean sakontzeko», jakinarazi du alkateordeak. Udala herritarren zerbitzura jartzeko asmoa dute, eta ez alderantziz.
Gobernu berriak ez du parte hartzean soilik sakonduko, ordea. «Krisi ekonomiko latz honen garaian erabakiak hartu eta bideratu behar dira, planifikatu eta aurrera eraman, eta maila horretan ez dugu beldurrik azalekoa baztertu eta arazoaren muineko planteamenduak plazaratzeko», nabarmendu du Lertxundik. Ildo horretatik, enplegua eta industriaren berrikuntza eskualde mailan landu, ingurumenarekiko errespetua oinarritzat dituzten praktikak areagotu eta etxebizitza arazoaren aurrean neurriak hartuko dituzte.
Zehazki, etxebizitza eskubidea gauzatze bidean hainbat pauso emango dutela adierazi du. Batetik, ohiko erabilera ez duten etxeak merkaturatzen saiatuko dira. «Egungo amildegira bultzatu gaituen erakitzearen gurpil-zoroa eten eta dugun etxebizitza parketik abiatu behar gara horretarako». Bestalde, Aldapeta eta Kortazarren etxebitza sozialak sustatuko dituzte. «Bide horretatik, alokairu sozialeko parke publikoa sortu eta hedatzen joango gara».
Etxebizitza arloak ez lukeela Zarautzen oinarri ekonomikoa izan beharko gaineratu du. Lertxundiren arabera, garapen ekonomikorako planteamendu oso bat lantzea beharrezkoa da: enplegua sustatzeko planen eta industriaren berrantolaketaren inguruan hausnatu beharra dago. Dagoeneko eskualde mailako enplegu plana bideratzen ari dira, baina, «ezinbestean» inguruko eragile ekonomiko, sozial eta sindikalekin elkarlana bultzatu beharko da.
Bide horretan, Urola Kostako foro sozioekonomikoa sortu eta indartzeko apustua egin du gobernu berriak, eskualdeko errealitatetik abiatuta eraldaketa sozioekonomioa gauzatzen laguntzeko. «Krisialdiari aurre egiteko behar diren neurriak adostu eta udalekin batera egoerari buelta emateko ahalegin kolektiboa bideratu nahi dugu, egoerari buelta ematea ez baita soilik erakundeen zeregina. Guztion eginbeharra da».
Kulturari dagokionez, «epe oso motzean» Modelo erabilera anitzeko kultur eremu bihurtzeko lanak amaituta egongo direla aurreikusi du, eta egitaraua aurkezteko prest. Hondakinen kasuan, 2014an Urtetako zabortegia itxi, eta murriztu, berrerabili eta birziklapenaren bidetik urratsak ematea du helburu atzo aurkeztu zuten Udal Gobernu berriak.
Udal langileekin ere hitzarmena sinatzen saiatuko da: «Madrilgo gobernutik datozen murrizketa eta dekretuek horretarako bide asko mozten badituzte ere, ezinbestekoa da langileak dagozkion eskubide eta betebeharren jabe egitea ere». Zentzu horretan, barne antolakuntzan aldaketak egitea eta lan hitzarmena sinatzen dituzte helburu.
Ezkertiarrei deia
«Lan handia» dute egiteko Udal Gobernu berriko ordezkariek. Hortaz, batzen dituena banatzen dituena «baino gehiago» denez, «ez zuen zentzurik norberak bere aldetik bidea egiten jarraitzeak». «Zarautzen ezkerreko politikak posible dira, eta egingo ditugu, baina ez bakarrik, herritarrekin eta helburuekin bat egiten duten beste alderdiekin baizik». Horregatik, ezkerreko eragile eta alderdiei dei zuzena egin diete: «Batzen gaituenari indar emanez, elkarrekin bidea egin dezagun».