Etxetik irten, eta hor izaten da lehenbiziko sustoa: bizikleta ez dago utzitako lekuan. Garunari eragin, eta agian ibilgailua ez zuela «betiko lekuan» utzi pentsa dezake baten batek. Buruari bueltak eman, eta ez dago erantzunik. Une horretan ohartuko da gertatu denaz: bizikleta lapurtu diote. Besteren batzuk ez dute pentsatu ere egin behar; izan ere, begibistan dute erantzuna. Zarauztar batek, esaterako, eskaratz kanpoan aurkitu zuen bizikletaren giltzarrapoa, erditik moztuta.
Beste herritar batek kalean aurkitu zuen egun batzuk lehenago ostu zioten bizikleta. Ez zegoen, ordea, izkina batean botata; atzerritar batek zeraman. Hasieran berearen berdina zela pentsatu zuen, baina gerora herriko bizikleta denda bateko itsaskorra ikusi zion. Ez zegoen dudarik.
Hori horrela, mutilarengana hurbildu, eta ibilgailu hura nondik atera zuen galdetu zion. Taldeko lagun batek utzi ziola erantzun zion hark. Bere bizikletaren ezaugarri guztiak zituela ikusita, zarauztarrak garraiobideari heldu zion, eta mutilak alde egin zuen.
Zoritxarrez, urtero errepikatzen den kontua da: uda iritsi eta bizikletak falta dira han eta hemen. Urtean zehar bati baino gehiagori entzun dakioke bizikleta lapurtu diotela. Badirudi, ordea, uda partean lapurretak areagotu egiten direla. Datuei erreparatu besterik ez dago hortaz ohartzeko. Aurten, esaterako, sanpelaioetatik abuztura bitartean jaso dute salaketa gehien udaltzainek. Jakinarazi dutenez, sasoi horretan askoz gehiago lapurtzen dituzte: «Ezin da neguan jasotzen dugun salaketa kopuruarekin alderatu ere egin». Urtetik urterako batazbestekoak, berriz, ez da gehiegi aldatzen.
2012an utzitako 114 bizikleta erretiratu ditu Udaltzaingoak, eta 23 soilik itzuli dizkiete jabeei. Salaketa kopurua udaltzainek jasotakoa baino zertxobait altuagoa da. Behin salaketa jarri eta jendeak «amore ematen» duela adierazi dute, ordea. Hori dela eta, jarraipena egitera animatu dituzte erabiltzaileak, «askotan egun batzuk geroago herriko beste guneren batean agertzen baitira». Bi urte igaro ostean inork erreklamatu ez dituenak gobernuz kanpoko erakundeei ematen dizkiete. 2009an udaltzainek jasotako 88 bizikleta Bandassou elkarteari eman zizkioten atzo bertan, Hondurasera eta Afrikara bidal ditzaten.
Neurriak hartu
Hori dela eta, bizikletak ondo lotzeko gomendatu dute, eta ahal izanez gero, norbere garajean gordetzeko. Horrez gain, herritarrek bizikletak erregistratu ditzakete Udaltzaingoan. Hori eginez gero, udalaren datu basean gordetzen da bizikletaren informazio eta jabeari eranskailu bat ematen zaio, ibilgailuan itsats dezan. «Matrikula» modukoa da.
Ildo horretatik, galdu ostean bizikleta berreskuratuz gero, norena den jakin ahalko da edo behinik behin errazago identifikatu. Era berean, bizikleten salerosketa kontrolatzeko balio du. Interesa dutenek udaltzainen egoitzara (Gipuzkoa kalea, 32) jo beharko dute horretarako, edota udalaren webgunean (www.zarautz.org) sartu.
Horrez gain, bizikletari txip moduko bat jarrai ahalko zaio Ibai Ondo, Ciclos Eizagirre, Alkorta zein Urrestilla dendetan, 19 euroren truke . Markatze sistema gehiagarri horren elementu nagusia torloju itxurako metalezko pieza bat da, eta bizikletaren identifikazio datuak ez ezabatzeko erabiltzen da. Gailu hori segurtasun neurri gisa baliagarria da: lapurrek arazoak izan ditzakete markaketa gailu hori kentzeko.
Bestalde, bizikletak euren artean bereizi ahalko dira txipa jarriz gero. Gailuak hainbat datu jasotzen ditu eta horiek datu base batean daude jasoak. Era berean, txip hori erosten dutenek aseguru moduko bat izango dute; lapurtuz gero, balio jakin bat itzuliko zaio erabiltzaileari.