
Haima bana jarriko dute Zumaiako Itzurunen eta Zarauzko hondartzan (Argazkilaria: Onintza Lete Arrieta)
Udaro bezala aurtengoan ere Oporrak Bakean ekimenari esker haur saharar ugari etorri dira eskualdeera, euren errealitate gogorra alde batera utzi eta Euskal Herrian indar berritzera. «Gure herrietara etortzen dira uda pasatzera Saharar Errefuxiatu Kanpamenduetan 50 gradutako temperatura jasaten dutelako; euren bizilekuan ez dituzte oinarrizko osasun zerbitzuak eta muturreko egoera horretan bizi beharra dute, deskolonizazio prozesua burutu ez delako, euren lurraldea Marokoko erreinuak okupatzen baitu» azaldu dute Gipuzkoa mailan Sahara Kubora-SOS Sahara ekimena antolatu duten erakundeek.
Egoera horen aurrean, herritarrei sahararrek bizi duten errealitatea ezagutarazteko asmoz antolatu dute Sahara Kubora-SOS Sahara ekimena. Zarauzko eta Zumaiako udalek, Darahli eta Zaharautz elkarteek antolatuta bihar Zarautzen eta etzi Zumaian goiz eguerdi partean saharar haima bat jarriko dute hondartzetan, sahararren kultura eta errealitatea eskualdeko herritarrengana hurbiltzeko.
Hiru ardatzeko kanpaina
Asteburuan zehar Zarautzen eta Zumaian abian izango den sentsibilizazio kanpainak hiru ardatz izango dituela azaldu dute antolatzaileek.
Alde batetik, Sahara kubora: S3 SOS Sahara leloa daramaten hondartzako kuboak banatuko dituzte hondartzara doazen haurren artean. Kuboa banatzean S erraldoi bat osatzera animatzeko proposatuko diete antolatzaileek.
Bestetik, hondartzetan saharar haima bat muntatuko dute eta tea prestatuko dute bertan, haurrekin kuboa hartzera etortzen diren helduak tea hartzen geratu daitezen. Haiman sahararren egoerari buruzko informazioa emango zaie herritarrei.
Horretaz gain, Oporrak Bakean programan parte hartzen duten haurrek S erraoldia egingo dute hondartzan; gainera, Stand-up paddle eta gondolin ikastaroa parte hartuko dute.
Sahararren egoera «larria»
Darahli Elkarteko kide Samuel Ruizen iritziz, modu honetako ekimenak oso garrantzitsuak dira sahararren errealitatea herritarrei ezagutarazteko. «Azken urtetan asko jaitsi da Saharako Errefuxiatu Kanpamenduek Europa, Espainia eta Euskal Herriko erakunde ofizialengandik jasotzen duten laguntza humanitarioa. Gaur egun, gobernuz kanpono erakundeak eta herritarrak gara laguntza gehien bidaltzen dieugunak eta gu zarata ateratzen saiatzen bagara ere, gero eta zailagoa da herritarrak sentsibilizatzea».
Egoera «latza» bizi dute sahararrek. «Gabezia handiak dituzte oinarrizko beharretan; horregatik, janaria eta sendagaiak eskatzen dituzten gehienbat. Ospitaletan, esaterako ez dute gaixoak zaintzeko baliabiderik. Guk eskura dugun ibuprofenoa hiru zatitan banatu behar izaten dute gaixoen artean banatzeko». Egoera «gogor» hori eskualdeko herritarrei helarazteko antolatzen dituzte GKE sentsibilizazio kanpainak; argazkien, ikus-entzunekoen eta hitzaldien bitartez hobeto ikus daitekeelako kanpamenduetan gertatzen dena. «Hala ere, mementoan konturatzen diren arren, denborarekin ahaztu egiten zaigu».