Urtero legez, bertso doinuek hartuko dute herria datozen egunetan. Motxian Bertso Eskolak Bertso Astea antolatu du ostegunetik hasi eta igandera bitarterako. Iñigo Manzisidor Mantxi bertsolariak jakinarazi duenez, aurtengorako pasa diren urteetako antzeko egitaraua prestatu dute.
Ostegunean hasiko dira ekitaldiekin. 22:00etan, zehazki, bertso saio musikatua izango da Torre Luzeako lorategian. Argitu duenez, ez da bat-bateko saioa izango; Motxian eskolako kideek hamar-hamabi bertso zahar zein berri abestuko dituzte gitarra, armonika eta perkusioaren erritmora.
Ostirala, berriz, gazteen eguna izango da. Bi ekitaldi izango dira. 19:00etatik aurrera, Motxian eskolako bertsolari gazteek antolatuta, Bertso Tribiala egingo dute. «Tribilaren antzeko jokoa izango da, bertsolaritzaren inguruko galderekin», zehaztu du zarauztarrak. Edonork hartu ahalko du parte Inazio Eizmendi Basarri bertsolariaren bustoaren aurrean egingo duten ekimenean. 22:00etan, berriz, bertsolari gazteen saioa izango da leku berean. Kanpoko zein herriko bertsolariek hartuko dute parte bat-bateko saioan.
Larunbatean, Bertso Eguna
Larunbatean izango da asteko ekitaldi nagusia: Bertso Eguna. Ohi bezala, Alde Zaharreko tabernaz taberna hainbat lagun ariko da bertsotan. 11:00etan elkartuko dira Musika Plazan. Hamaiketakoa egingo dute bertan, ondorengo saiorako indarrak hartzeko. Gerora, 12:30a aldera, Bertso Txepelketari ekingo diote, bertso zaharrak zein berriak abestuz. Gerturatzen den orok hartu ahalko du parte. 15:00etan atsedenaldia egingo dute bazkaltzeko, eta bazkalostean finala jokatu.
Bertso Asteak «harrera ona» izaten duela esan du, eta urtetik urtera arrakasta handiagoa duela: «Bertso saio musikatuak arrakasta handia izaten du, ehun bat aulki prestatzen ditugu eta ikusle asko eserleku gabe geratzen da».
Bertso Egunean, berriz, jende ugari biltzen da: «Giro polita sortzen da. Egun horretan, urte osoan isilik egoten diren bertsolariak ere animatzen dira bertsoak botatzera». Ildo horretatik, herrian «izugarrizko bertsozaletasuna» dagoela nabarmendu du Mantxi-k.
————————————-
Uztailaren 20ra bitartean aurkez daitezke Basarri Sarirako lanak
Ostiralean amaituko da XXVIII. Basarri Sarira bertso paperak aurkezteko epea. Interesa dutenek Euskara zerbitzura (, Kale Nagusia, 29) bideratu beharko dituzte lanak. Informazio gehiago eskuratzeko, bestalde, 943-005116 telefonora deitu edota euskaraz@zarautz.org helbidera mezua bidali beharko da.
Udalak urtero antolatzen du euskara suspertu eta bertsogintzari bultzada emateko aipatu lehiaketa. Jakinarazi duenez, parte-hartzaile bakoitzak nahi adina lan aurkez ditzake. Horietako bakoitzak, gutxienez, zortzi bertso izan beharko ditu. Horrez gain, originalak, inoiz argitaratu gabeak eta beste inolako lehiaketetan saritu gabeak izan beharko dute. Gaia librea da.
Bertso paperok makinaz idatzita egon beharko dute, orriaren alde bakarrean eta bertsotik bertsora bi lerro zuri utziz. Era berean, lan originala eta horren kopia bat aurkeztu beharko da, izengoiti batekin sinatuta. Ez dira, ordea, posta elektronikoz bidalitako lanak onartuko. Aparteko gutun azal itxi batean eman beharko dira, egilearen datuak zehaztuta. Gutun azalaren kanpoaldean izengoitia idatzi beharko da.
Aurreko urteetan bezala, bi sari banatuko dituzte: 1.100 euro irabazlearentzat eta 750 euro txapeldunordearentzat. Epaimahaiak irailaren lehen astean jakinaraziko du irabazlearen izena, Euskal Jaiaren baitan egingo duten Bertsolari Gazteen XXXVI. Txapelketan.