«Bale harrapaketa bertako marinelen izaeraren ezaugarria bihurtu zen»

Aritz Mutiozabal 2012ko uzt. 5a, 07:00

Roke Etxabek sartu zion arpoia Zarauzko azken baleari, 1878an. Harrezkero, oso noizbehinka gerturatu dira zetazeoak kostaldera, noraezean galdurik edo hilda. Herriak, ordea, harreman historiko handia izan du balearen harrapaketan, eta mendeetako jarduera ekonomikoa eta ondorengo mitifikazioa aztergai, Xabier Alberdi (Zarautz, 1969) historialariak Zarautz eta balea erakusketa atondu du. Erakusketak, gainera, Sortaldea Kultura Eremu berria irekiko du, eta bihar arratsaldetik aurrera izango da ikusgai. Nola sortu zitzaizun proiektu honi heltzeko aukera? Orokieta Herri Eskolak Euskal Eskola Publikoaren jaia antolatu du aurten. Eskolako logoa balea denez, festa osoa horren inguruan antolatu zuten; balea izan da ekitaldi guztien oinarria. Horren harira, baleak eta Zarautzek izan duten harreman historikoari buruzko erakusketa bat egitea bururatu zi­­tzaien, eta nirekin jarri ziren harremanetan. Prestatzen hasi ginen, baina denbora oso gutxirekin ibili ginenez, ezin izan genuen jaialdirako amaitu. Prozesua atzeratu egin zaigu, eta, azkenean, bihar inauguratuko du­gu Sortaldean aretoan. Uda osoan izango da ikusgai. Zarauzko azken balea al du ardatz erakusketak? Bai eta ez. Erakusketaren ildo nagusiak jarraitzeko, Zarauzko azken baleari Roke Etxabe arpoilariak eginiko bertsoak hartu ditugu ardatz. Bertsoen edukiak ain­tzat hartu, eta paneletan jorratu ditugu; nolabait ere, zarauztarrek, eta, oro har, euskaldunek balearen harrapaketan izan duten partaidetza adierazteko. Partaidetza edo testigantza historiko hori nola aurkeztuko duzue? [...]

Xabier Alberdi

Xabier Alberdi (Argazkilaria: Aritz Mutiozabal)

Roke Etxabek sartu zion arpoia Zarauzko azken baleari, 1878an. Harrezkero, oso noizbehinka gerturatu dira zetazeoak kostaldera, noraezean galdurik edo hilda. Herriak, ordea, harreman historiko handia izan du balearen harrapaketan, eta mendeetako jarduera ekonomikoa eta ondorengo mitifikazioa aztergai, Xabier Alberdi (Zarautz, 1969) historialariak Zarautz eta balea erakusketa atondu du. Erakusketak, gainera, Sortaldea Kultura Eremu berria irekiko du, eta bihar arratsaldetik aurrera izango da ikusgai.

Nola sortu zitzaizun proiektu honi heltzeko aukera?
Orokieta Herri Eskolak Euskal Eskola Publikoaren jaia antolatu du aurten. Eskolako logoa balea denez, festa osoa horren inguruan antolatu zuten; balea izan da ekitaldi guztien oinarria. Horren harira, baleak eta Zarautzek izan duten harreman historikoari buruzko erakusketa bat egitea bururatu zi­­tzaien, eta nirekin jarri ziren harremanetan. Prestatzen hasi ginen, baina denbora oso gutxirekin ibili ginenez, ezin izan genuen jaialdirako amaitu. Prozesua atzeratu egin zaigu, eta, azkenean, bihar inauguratuko du­gu Sortaldean aretoan. Uda osoan izango da ikusgai.

Zarauzko azken balea al du ardatz erakusketak?
Bai eta ez. Erakusketaren ildo nagusiak jarraitzeko, Zarauzko azken baleari Roke Etxabe arpoilariak eginiko bertsoak hartu ditugu ardatz. Bertsoen edukiak ain­tzat hartu, eta paneletan jorratu ditugu; nolabait ere, zarauztarrek, eta, oro har, euskaldunek balearen harrapaketan izan duten partaidetza adierazteko.

Partaidetza edo testigantza historiko hori nola aurkeztuko duzue?
Erakusketa zortzi ataletan banatuta dago; zortzi panelek egiten dute atala bakoitzaren banaketa, hain zuzen ere. Lehena atal orokorra da, eta bertan euskaldunen bale harrapaketako ekarpen nagusiak adierazten dira. Gaur egun, baleak harrapatzea astakeria iruditzen zaigun arren, garai batean eguneroko ogia zen, etabale handien harrapaketa sistemaren garapena euskal arrantzaleek asmatu zuten. Bigarren atalean, harrapaketan erabiltzen zen teknologia deskribatzen da; besteak beste, erabiltzen zituzten txalupak eta arpoiak. Hirugarren eta laugarren ataletan, lanaren antolaketa erakusten da; hau da, marinelen, arrantzaleen, armadoreen eta inbertsoreen arteko lan antolaketa. Bosgarrenean balea nola harrapatzen zuten azaltzen da. Seigarrenean baleak zer etekin ematen zituen, eta zer-nolako zergak zituen. Azkenik, zazpigarren eta zortzigarren atalean, Zarauzko azken balea dago aztergai; testuinguru soziala eta politikoa, harrapaketa bera eta gertakariaren mitifikazioa.

Egia esan, baleak mitotik asko du.
Urteetan balearen arrantza ohiko ekimena zen, bisiguetara edo legatzetara joatea bezala. XIX. mendean, ordea, balearen harrapaketa mitifikatu egin zen. Bertako marinelen izaeraren ezaugarria bihurtu zen; mendetako historiaren adierazlea, alegia. Zarautzen, adibidez, mitifikazio hori garbi ikusten da azken balearekin: bertsoak atera zituen Roke Etxabek; balearen hezurdura Donostiako Aquariumen dago; balearen bizarrak Arkaitz-Mendi elkartean; Getariako arrantzaleek erabili zituzten arpoiak eta sangraderak (lantza handiak, balea odolusteko baliatzen zituztenak) Getariako Kofradian.

Bale arrantza antzinako kontua dela dirudi; Zarauzko armarrian ere badago. Herriak asko zor dion seinale?
Euskal Herriko kostaldeak ikaragarri zor dio. Gure herriak bezala ezagutzen ditugun bizigu­neak  —Getaria, Orio eta Zarautz— Goi Erdi Aroan antolatu ziren, bale arrantza ardatz hartuta. Jarduera ekonomiko oso garrantzitsua ahalbidetu zuen, eta, alde horretatik, asko zor dio. Bestalde, armarriari dagokionez, gauza oso kuriosoa gertatu zen, mitifikazioarekin zerikusia duena. Zarauzko armarriko balea desagertu egin zen mendeetan, nahiz eta jatorrizkoak balearen irudia zeraman. Azken balearen mendeurrenean, 1978an, berreskuratu egin zuten, eta hori ere jaso dugu erakusketan, hemerotekako bilduma batean. Ordura arte, Narros jau­regiko Zarautz jauntxoen familia-armarriko zati batek ordezkatu zuen balea.

Hemeroteka lanaz aparte, garaiko hainbat material ikus daiteke.
Hala da, bai. Arkaitz-Mendi elkarteak balearen bizarra eta Roke Etxaberen argazkia utzi dizkigu, marko ederrarekin. Getariako Kofradiak lagatako arpoia eta sangradera ere ikus daitezke. Era berean, balearen hezur batzuk jarri ditugu, baita bale olioa edo saina ere, nahi duenak usaindu dezan. Herritarrek, gainera, etxean zituzten arrantzako materialak utzi dizkigute erakusketarako. Gero, Oñatiko Protokoloen Agiritik eta Elizbarrutiko Agiritik Zarauzko bale arrantzari buruzko izkribuak atera ditugu, eta Koldo Mitxelena liburutegitik, berriz, XVIII. mendeko grabatuak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide