Txan Magoa: “Guztiok barruan daramagun umea ateratzeko tresna egokia da magia”

Aritz Mutiozabal 2012ko urt. 5a, 06:00

Herritarren artean ilusioa sortzeko asmoz, Artxila murtxila hitz magikoak etengabe erabiliko ditu Txan Magoak, Xanti Anterok (Donostia, 1963), larunbat honetan, Aritzbatalde kiroldegian. Txantxetan izeneko ikuskizuna taularatuko du, 17:00etatik aurrera, eta sarrera dohainik izango da. Errege magoen ondoren zatoz Zarautzera. Zuk erregetik gutxi duzu, baina haiek magotik ere ez asko. [Kar-kar] Izenez naiz magoa, baina niri gehiago gustatzen zait ilusionista deitzea. Asko ezagutu ez arren, adiera egokiagoa dela uste dut. Magia trikimailuekin lotzen da, eta jendea harrituta uzten du. Ilusioa, berriz, bihotzean geratzen da, eta askoz ere zailagoa da ahaztea. Orduan, izen artistikoa berriro aldatu eta Txan Ilusionista deitzen hasi beharko litzaizuke? Oraingoz, ez. Aurrerantzean ere Txan Magoa izenarekin jarraituko dut, baina ilusionista hitza askoz zabalagoa eta beteagoa da, zalantzarik gabe. Eta zer ilusio ekarriko diezu larunbatean herriko haurrei? Herriko haurrei, eta, oro har, herritar guztiei. Ez zait gustatzen nire ikuskizuna haurrentzako bakarrik mugatzea. Askotan Txan Magoa haurrekin lotzen da, baina eskaintzen dudan magia adin guztietako jendearentzat da. Guraso asko seme-alabak ekartzera etortzen dira, eta saioa hasi eta berehala benetako magia egiten dudala konturatzen dira, guztiz txundituta. Agian, sekulako topikoa esango dut, baina guztiok dugu gure barruan ume bat, eta polita da noizbehinka konturatzea ume horrek hor jarraitzen duela. Guztiok barruan [...]

Txan Magoa

Larunbat honetan Aritzbatalde kiroldegian izango da Txan Magoa.

Herritarren artean ilusioa sortzeko asmoz, Artxila murtxila hitz magikoak etengabe erabiliko
ditu Txan Magoak, Xanti Anterok (Donostia, 1963), larunbat honetan, Aritzbatalde kiroldegian. Txantxetan izeneko ikuskizuna taularatuko du, 17:00etatik aurrera, eta sarrera dohainik izango da.

Errege magoen ondoren zatoz Zarautzera. Zuk erregetik gutxi duzu, baina haiek magotik ere ez asko.
[Kar-kar] Izenez naiz magoa, baina niri gehiago gustatzen zait ilusionista deitzea. Asko ezagutu ez arren, adiera egokiagoa dela uste dut. Magia trikimailuekin lotzen da, eta jendea harrituta uzten du. Ilusioa, berriz, bihotzean geratzen da, eta askoz ere zailagoa da ahaztea.

Orduan, izen artistikoa berriro aldatu eta Txan Ilusionista deitzen hasi beharko litzaizuke?
Oraingoz, ez. Aurrerantzean ere Txan Magoa izenarekin jarraituko dut, baina ilusionista hitza askoz zabalagoa eta beteagoa da, zalantzarik gabe.

Eta zer ilusio ekarriko diezu larunbatean herriko haurrei?
Herriko haurrei, eta, oro har, herritar guztiei. Ez zait gustatzen nire ikuskizuna haurrentzako bakarrik mugatzea. Askotan Txan Magoa haurrekin lotzen da, baina eskaintzen dudan magia adin guztietako jendearentzat da. Guraso asko seme-alabak ekartzera etortzen dira, eta saioa hasi eta berehala benetako magia egiten dudala konturatzen dira, guztiz txundituta. Agian, sekulako topikoa esango dut, baina guztiok dugu gure barruan ume bat, eta polita da noizbehinka konturatzea ume horrek hor jarraitzen duela. Guztiok barruan daramagun umea ateratzeko tresna egokia da magia.

Betiko trikimailuak, berriak… Zer-nolako ikuskizuna eskainiko duzu?
Gaur egun hiru ikuskizunekin nabil lanean. Zarauztik deitu ninduenean, hirugarren ikuskizuna oraindik lantzen ari nintzen, eta bukatzeko neukan. Beraz, Txantxetan lana, bigarrena, aurkeztekotan geratu ginen. Hala eta guztiz ere, Ezer ez da dirudiena laneko, hirugarreneko, zatiak ere txertatuko ditut; hau da, bien nahasketa moduko zerbait taularatuko dugu.

Txantxetan, bromak eta magia umorearekin?
Hori beti. Azken finean, nire izaera halakoa da, eta taula gainera igotzerakoan ere naizen bezala agertzen naiz. Ez dut diskurtso edo gidoi txiki bat, eta askotan umeek esaten didatenari buelta eman eta segituan erantzuten diet. Gidoi bat eramaten dut, baina bat-batekotasunak eta ikuslearen partaidetzak pisu handia dute nire emanaldietan. Ikuskizunek teorian ordu eta laurden inguru irauten badute ere, jendearen parte-hartzearen arabera saioa gehiago luzatu daiteke.

Ikuslearen arreta pizteko ere komunikatzaile ona izan beharko da, ezta?
Argi dago artista izateko komunikatzaile ona izan behar dela. Are gehiago mago baten kasuan. Sentitzen duena jendeari igortzen ez badaki, gaizki arituko da. Honetan aritzen garenok badugu handicap bat: jakin badakizkigu trikimailuen nondik norakoak eta egiten ari garen nolabaiteko iruzurra. Orduan, guk bizirik eutsi behar diogu trikimailu horren ilusioari, eta guk geure burua ilusionatzen ez badugu, ezinezkoa zaigu ikusleari ilusio hori igortzea. Beraz, bi lan ditugu gure jardunean: guk sinestea eta besteei sinestaraztea, alegia.

Dena dela, beti egongo da trikimailua nola egin duzun atzeman nahian dabilen norbait.
Haurrak horretan saiatzen dira beti. Azken finean, kuriositateagatik egin du aurrera gizadiak. Kuriositatea gure baitan dago, eta helduek eta haurrak modu berean funtzionatzen dute. Horregatik eboluzionatu dugu. Alde nabarmena dago, ordea. Helduek euren buruari egiten dizkiete galderak eta isildu egiten dira emanaldietan. Haurrek, aitzitik, euren buruei galderak egin ondoren, ozen galdetzen dizute, eta, behar izanez gero, garrasika. Askotan naturaltasun osoz eta inolako  lotsarik gabe hariak ditudala edo tranpa egin dudala esaten didate. Emanaldietan giro magikoa sortzen saiatzen naiz, eta klimax momentuan haur batek «hor ispilu bat duzu» esaten du, giroa zapuztuz. Batzuetan ez entzunarena egiten dut. Beraz, alanbrearen gainean bezala ibiltzen naiz, orekari eutsi nahian. Baina,  tira. Momentuan sutu arren, azkenean barrez bukatzen dut.

Abra cadabra euskarazko hiztegian Artxila murtxila da.
Zerbaitez harro baldin banago, horretaz da. Ni magia munduan murgildu nintzenean Abra Cadabra pata de cabra edo Magia potagia bezalako hitzak erabiltzen ziren, baina ez ziren euskarazko hitz magikorik erabiltzen. Baziren ikili-mikili-klip bezalakoak, baina nik ez nituen erabiltzen. Espainiako magoak hona etorri izan direnean eta haurrei hitz magikoak esateko eskatu dietenean, Artxila murtxila erantzuten dute denek batera, eta gehienak zur eta lur geratzen dira. Pixkanaka-pixkanaka, kanpoko magoak ere ikasten ari dira Txan Magoaren edo, behintzat, Euskal Herriko hitz magikoak direla. Dudarik gabe, erreferentea sortu dugu.

Erreferentea, eta euskaraz aritzen den lehen magoa zara.
Hala naiz. Aurretik ere mago euskaldunak izan dira, baina ez euskaraz aritu izan direnak. Alde horretatik, oso harro nago. Ate bat zabaldu genuen, eta egun euskaraz jarduten duen mago gehiago dago. Hazia jarri genuen, eta, orain fruitua jasotzen ari gara.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide