Jose Luis Padronek (Legazpi, 1970) lotura estua du poesiarekin, eta arte horrekiko duen maitasuna entzuleei helarazi nahi die -rekin. Ostegunero poesiari lekua egingo dio idazleak Euskadi Irratian, 20:00etan. Ordu erdiz, poesia modu didaktikoan eta erakargarrian gerturatuko die entzuleei. Bihar estreinatuko dute irratsaioa.
Ostegunean estreinatuko duzu poesiaren inguruko irratsaioa, Euskadi Irratian. Zergatik deitu diozu ‘Lizardiren baratza’?
Ikusi nituen poeten lehenbiziko argazkien artean baziren Federico Garcia Lorcarenak, Juan Ramon Jimenezenak eta bestelakoak. Horien artean baziren Xabier Lizardiren, Estepan Urkiaga Lauaxeta-ren eta Nikolas Hormaetxea Orixe-ren argazkiak ere. Oso irudi bereziak ziren, magikoak . Atentzio eman zidaten. Gerora, Zarautzera bizitzera etorri nintzenean Torre Luzeako parkean ikusi nuen Lizardiren bustoa, eta asko gustatu zitzaidan. Parketik pasatzen naizen bakoitzean haren lanaz akordatzen naiz, baita gerora Mikel Laboak abestu zuenaz, Atxagak egindako letraz: «…Lizardi, Rimbaud etorri duk hitaz galdezka, eta gu ere hire zain geundela esan zioagu ez hitzela aspaldi azaldu etxetik…». Finean, poema horretan kontatzen du haren bisitan joan zirenek nola lurperatu zituzten Lizardiren hezurrak. Aitzakia horri lotuta jarri diogu izenburua irratsaioari; izan ere, bazuen konnotazio sinboliko handia. Baratza horrek biziaren katea sinbolizatzen du: lurra, gu lotzen gaituena, jaiotzen eta hiltzen ikusten gaituen lur hori. Eta hori egingo dugu irratsaioan, haren baratzera gerturatu, eta harekin hitz egin, poesiaren aitzakian.
Zein izango da helburua?
Poesiaren inguruko irratsaioa izango da. Poesia bai, baina modu didaktikoan. Izan ere, poesiaren inguruan beti egon da ezinikusi moduko bat, eta horrek kezka sortu izan dit. Ez dakit ezjakintasunaren atzetik datorren ondorioa den, ala eskolan poesia ikastera derrigortu izan gaituztelako ote den. Eskolatan poesiarekin egiten den lana hobetu beharra dago, goxatu. Ez dut uste hori denik jendea poesiara gerturatzeko modu egokiena.
Hori iraultzeko asmoz sortu duzue, beraz, irratsaioa?
Bai. Pedagogia lan izugarria egin beharra dago poesiaren inguruan. Poesiaren zeregina zein den azaldu behar da, zereginik baldin badu behinik behin. Poetak nortzuk diren ere irakatsi behar da, musikarekin duen lotura…Uste baino gertuago ditugu poetak eta haien hitzak, eta ez dakit zergatik uste dugu ulertzen ez dugun zerbaitetaz ari direla. Nik uste dut guztiz kontrakoa dela, guztioi dagokigun zerbaitetaz ari direla deritzot: bizitzari buruz, heriotzari buruz, maitasunari buruz, guztiok kezkatzen gaituzten kontuei buruz, alegia. Horregatik aurreiritzi eta beldur horiek apurtu nahi ditugu. Askotan Euskal Herrian poesiari eman diogun meza kutsua kendu nahi diogu. Meza igandetan izaten da. Gure lana zerbait dibertigarria egitea da, umorez eta ironiaz, seriotasunez eta giro goxoan. Etengabe gauza ederrak iradokitzea izango da gure lana. Ez da espezialistei zuzendutako programa izango, jakinmina eta gutxiengo sentsibilitatea dutenentzat baizik.
Zer-nolako formatua izango du Lizardiren baratza-k?
Sormen lanetik asko izango du, ez da inoiz errepikatuko. Hala ere, atal finkoak izango ditu, bost guztira. Lehenik eta behin, poesiari buruz gaur egun dauden iritziak emango ditugu. Zer da poesia? galderari erantzungo diote entzuleek, askotariko alorretako pertsonaiek, eta poetek eurek. Poesiaren inguruan dauden ikuspegi anitzak adieraztea da asmoa. Gerora, Poza eztarrian atala izango dugu, poeten euren ahotsean entzungo ditugu poemak. Postariak beti… atala etorriko da ondoren. Esaerak dio postariak beti bi aldiz deitzen duela, eta gurera ere etorriko da postari hori, nobedadeak eskaintzera. Hala, azken argitalpenen berri emango digu, eta poetekin bi hitz egiteko ere aprobetxatuko dugu, haien azken lanei buruz eta beste hainbat kontuz.
Paper euritsuak izango da laugarren atala. Musika eta letren arteko lotura bikaina izango du oinarrian, eta zenbait adibide eman. Euskal Herrian horren mila adibide daude: Ruper Ordorika, Mikel Laboa, Gari, Jexux Mari Lopetegi…Material asko eta asko dago. Orainak orain izango da hurrengo atala. Entzulearekin halako elkartasunezko keinua egiten saiatuko gara. Ildo horretatik, entzulearen egoera irudikatzen saiatuko gara, eta horren inguruan poema bat irakurriko dugu. Surrealismo puntua izango du, baina serioa izango da aldi berean. Guztiak euskaraz egingo ditugu, eta beste hizkuntza bateko poemak itzuli egingo ditugu.
Girlandak opari da seigarren atalaren izena. Egunerokotasunari lotutako albiste bitxi bat hartu eta horren inguruko hausnarketa poetikoa egingo dugu. Lehenengo saiorako, esaterako, desfibrilagailuaren eta poesiaren arteko loturaz ariko gara. Poeta baten begirada jarriko diogu albiste horri. Umorez eta ironiaz begiratuko diogu berriari,baina alde kritikoarekin eta seriotasunez ere bai. Muturreko egoerak hartu eta aldarrikatu egingo ditugu, eta horiek hausnarketak egiteko eta poesia asmatzeko aukera emango digu, baita hizkuntza poetikoa lantzeko ere. Hizkuntza poetikoak, azkenean, askatasun osoa ematen baitigu edozein gaigure ikusmoldera moldatzeko. Horretik egingo dugu tira, batez ere, poesiaren eta poeten beste inpresio bat izan dezan jendeak. Finean, Oteizak zioena ekarriko dugu: Poesiaren tokia ez da liburua, gizakiaren bihotza baizik.
Poesia entzuleen bihotzera erakarriko duzue, beraz?
Poesia munduratuko dugu bai, kaleratu eta entzuleengana iritsiarazi. Ea ahazten ditugun une batez sukaldariak, bertsolariak edota futbolariak. Niri asko gustatzen zaizkit, baina atseden pixka bat ere eman behar zaie, eta poetei ere tokia egin.