Isilik egotea erabaki zuen Euskal herrian familia askok 1936 eta 1939 arteko gerrako eta gerraosteko istorioen aurrean. Galtzaile suertatu ziren errepublikar eta euskal nazionalista askoren etxeetan, isiltasuna ez ezik beldurra ere izan da gaurdaino. Periko Kintana (Zarautz 1911-Getaria 1980), berriz, ez zen inoiz isildu. 1937ko martxoaren 5ean Matxitxakoko guduan parte hartu zuen faxisten kontra: kartzelaratu egin zuten, bi heriotza zigorri aurre egin zien, eta azkenean Franco diktadoreak barkatu egin zion. Gero lagunmina izango zuen frankista batek salbatu zion bizia, hain zuzen ere.
Benetako izena Eugenio Pedro de la Hoz Quintana zuen. Haren abentura hauek eta beste asko liburu batean bildu ditu familiak, eta jada eskuragarri dago Periko Kintana. Itsasgizona eta gudaria liburua Zarauzko eta Getariako saltokitan nahiz Elkar dendetan.
Kintanaren bizitzak itsasoan dauka guztiaren funtsa, oinarria. Hala agertzen da Alvaro Gurreak idatzitako eta Antxon Narbaizak euskaratutako liburuaren hasieran. Lau urtarorekin lotu dugu narrazioa; bitarterik handiena udaberriak hartzen du, horrelakoa izan baitzen Perikoren kemena: beti ernetzen zihoan lorea. Hori ere, sarreran agertzen da. Liburuko protagonistari buruzko pista garrantzitsuak dira horiek, arrantzalea izan baitzen Kintana, 36ko gerrako pasarte garrantzitsuena ere itsasoan bizi izan baitzuen eta, hil zen eguneraino, gizon kementsua izan zela gogoraratzen dutelako seme-alabek.
Matxitxakoko gudua
«Nik ez dut ezagutuko, zuek ere ez agian, baina zuen seme-alabek edo haienek ikusiko dute Matxitxakoko guduari buruzko filmerik. Hori esaten zigun aitak», gogoan du haren alaba Xeri de la Hoz Azkuek. 36ko gerran frankistei itsasoz aurre egiteko lau bakailu ontzi ahal zuten moduan prestatuak zituzten errepublikarrek eta euskal nazionalistek: Bou Nabarra, Bou Bizkaia, Bou Gipuzkoa eta Bou Donostia ziren, hain zuzen ere. Bou Nabarrako kidea zen Kintana, eta armak zeramatzan beste itsasontzi bat babesten ari ziren lau ontziak 1937ko martxoaren 5ean. Baionatik Bilbora zihoazela, bat-batean, Matxitxako parean, etsaiaren gerraontzi bat agertu zen, Canarias korazatua. Hango almirantea zen Manuel Calderon, gero Kintana eta harekin batera kartzeleratutakoak heriotza zigorretik libratuko zituena.
Borroka gogorra izan zen batzuen eta besteen artean. Indar aldetik ez zegoen konparaziorik, batzuk arrantzaleen ontziak baitziren eta bestea korazatua, baina Kintanak eta bere kideek ez zuten etsi: «Canarias beste ontzi baten kontra ari zen borrokan gure aitaren Bou Nabarrak haiekin topo egin zuenean. Baina ihes egin beharrean besteei lagundu zioten». Gudua garrantzitsua da Xerirentzat: «Bou Nabarrakoen heroitasuna nabarmentzen dute askok, Bou Nabarra eta Canarias David eta Goliatekin alderatuz. Omenaldi guztietan ere hori esaten dute agintariek. Suizidioa edo heroitasuna izan, gure aitak eta kideek besteei laguntzea erabaki zuten». Azkenean ontziak su hartu zuen eta Calderonen gizonek preso hartu zituzten. Kintanarekin zegoen gizon bat Calderonekin soldaduska egina zen, eta elkar ikusi zuten preso hartu zituztenean. Gero, xehetasun horrexek lagundu zien heriotz zigorretik libratzen Kintanari eta gainerakoei. Izan ere, preso zeudela, noiz fusilatuko zituzten zain, Calderoni eskutitz bat idaztea erabaki zuten. Hark irakurri zuenean, Francori erakutsi zion: «Franco ez zen pertsona ona, ez zuen barkamena eman horregatik. Francok miretsi egiten zuen gizon haiek Matxitxakoko guduan izandako jarrera, soldadu onak zirela uste zuen, eta horregatik ez zituzten hil. Calderonek berak esaten zuen, Francorentzat heroiak eta adoretsuak zirela».
Behin kartzelakoa pasata, gainera, Calderon eta Kintana lagunmin bihurtu ziren: «Calderon Debakoa zen izatez. Militarra zen, eta Francoren oso gertukoa, baina gizatasun handikoa zela erakutsi zuen, berez etsaiak zituen askori lagundu baitzien behin baino gehiagotan», dio Kintanaren seme Jesus Mari de la Hozek. Liburuan argi ageri da familiak militar hari dion begirune eta maitasuna. Sarreraren ondoren, izan ere, kontakizuna hasi aurretik, Calderonek Kintanari 1970 urtean idatzitako gutun bat agertzen da, bien laguntasunaren lekuko.
Beldurrez, baina izanari eutsiz
Gerraosteko galtzaileen egoera ez zen erraza izan, ezta Getarian ere. Beldurra zen nagusi, eta horren adibideak gogoan dituzte, Xerik adierazi duenez: «Gure etxean beti egon da Jose Antonio Agirre lehendakariaren argazkia, baina nik txikitan hura zein zen galdetzen nuenean, Ameriketako osaba bat zela erantzuten zidaten. Tabuak ziren gai horiek». Beldurrak beldur, urtero-urtero Bermeora joaten ziren martxoaren 5aren hurrengo igandean, Matxitxakoko guduan hildakoak omentzera. «1973tik joan gara urtero, ezkutuan eta ahal genuen moduan, eta oraindik ere joaten gara», zehaztu du Jesus Marik: «Paseo bat ematera joango bagina bezala itsasoratzen ginen, fraide eta guzti, eta borroka izan zen toki inguruan egiten genuen lore eskaintza eta omenaldia». Ekitaldi horretan parte hartzeak «bizipoz izugarria» ematen zion aitari.
Liburuan jasoak daude Kintanak abertzale izateagatik herrian pasatakoak ere: «Parrandaren erdian Gora Euskadi esateagatik falangekoek entzun, haiekin borroka egin eta kartzelan egona da; Kofradiatik ere bidali egin zuten gerran nazionalisten alde aritzeagatik, eta beste hainbat kontu. Banketxeari mailegua eskatzeko ere Calderoni eskatu behar izan zion laguntza, orduan gorriei ez zitzaielako mailegurik ere ematen».
Hil arte, kementsu
Pasadizo politak ere oroitzen dituzte aitari buruz hitz egitean Kintanaren seme-alabek. Barre algaraka gogoratzen dute, esaterako, Kintana behin Donostiako Astoria zineman Papillon filma ikusten izan zenekoa. Jesus Mari semearekin izan zen, eta filma «benetakoa balitz bezala, bizi» egin zuen: «Bera ia bi urtez kartzelan egona zen heriotza zigorrarekin, handik ihes egiten saiatua ere bai, eta filmak ere kartzelako gaia jorratzen zuenez, istorioa bizi egin zuen gure aitak; filmeko kartzeleroei gaizki esaka, han egongo balitz igarriko liekela esanez… Hori emanaldi erdian, eta zaindaria guri atentzioa emanten».
«Dena oso suharki bizitzen zuen», Xerik dioenez. Hil ere, hala egin zen, Xabier Arzallus EAJko politikariaren mitin batean. Aurretik bihotzekoa izana zen, eta «duda egin zuen ekitaldira joan ala ez, baina etxe aurrean zen, eta laguna zuen Arzallus». Joatea erabaki zuen. «Mitinean Arzallus berari zuzendu zitzaion, eta gerra garaiak gogoratu zituzten. Batzokia bete-beteta zegoen; gure aitak esan zuen berriz jaioko balitz berriz ere bizitza emango lukeela Euskal Herriarengatik. Hantxe hil zen». Hiletara Karlos Garaikoetxea orduko lehendakaria joan zen, besteak beste.
Kintanaren lau seme-alabak gustura daude esku artean duten liburuarekin. Oraindik bizi duten amari opari gisara argitaratu dute. Aurrena gaztelaniaz, orain dela bi urte. Alvaro Gurrea lehengusuak egin zuen lana, urte asko lehenagoko idatziak oinarri hartuta. Kintanak bere abenturak kontatzen zituenean, alaba Xerik laburpenak idatziz jartzen zituen. Aitak hala aginduta idazten zuen, berak nahi baitzuen bere bizitza idatzita utzi. Bertsio hartatik 40 kopia inguru atera zituzten, familiaren artean banatzeko. Lana euskaraz ikusi nahi zuten seme-alabek, ordea: «Gu euskaldunak eta aita ere euskalduna izanik, liburu hori euskaraz egotea nahi genuen, eta beste lehengusu batek euskaratu zuen Alvarok egindako lan ederra», gogoratu du Xerik. Antxon Narbaizak egin zuen bigarren lana, iaz, Gurrearena oinarritzat hartuta eta ñabardura batzuk gehituta. Oraingoan ale gehiago argitaratu dituzte; mila.
«Getariar arrantzale arrunt baten istorioa da, baina kontatzeko gauza asko dituena». Seme-alabak «oso harro» daude aitaren bizitza liburuan jaso dutelako: «Ez dugu helburu zehatz batekin egin, ez dugu ezer espero, dirua ere geure poltsikotik jarri dugu, baina egin duguna polita dela uste dugu, eta amari sekulako ilusioa egin dio. Harentzako oparia izan da». Dagoeneko jaso dituzte lehen iritziak, onak guztiak. Harrituta ere gelditu da zenbait, Jesus Marik azaldu duenez: «Nire lagun batzuk esan zidaten, gure aita ezagutu arren ez zekitela halako abenturak bizitakoa zenik. Asko gertatu da hori; herrikoak ezagutu bai, baina gerra garaiko kontuak eta halakoak ezkutuan gelditu dira, etxe barruan».
Umiltasunez egin dute liburua: «Harrokeriek ez dute ezertarako balio». Xerik jarri dio umore puntua: «Ez da best-seller bat izango, baina guretzat nahikoa best-seller da!». Barre egin dute anai-arrebek. Gehien saldutakoa izan edo ez, Euskal Herriaren historia gehiago ezagutzeko balio diezaieke batzuei; gudu-zelaian etsaiak izan direnak bizitzan lagunmin izan daitezkeela ohartarazteko beste batzuei. Ez da gutxi.