Aner Peritz: "Garaipen asko lortu dira deserosotasunak kudeatuz eta eraginez"

Maddi Txintxurreta 2025eko azaroaren 6a

Aner Peritz, bertsolaria. (Aritz Mutiozabal)

Aner Peritz eta Onintza Enbeita bertsolariek Deserosotasunak kudeatzen izeneko hitzaldia eskaini zuten pasa den asteko asteazkenean Elkarguneko Intsausti aretoan. Bertsolaritzaren, feminismoaren eta euskalgintzaren elkarreraginak aztertu zituzten Maxixatzen Euskaldunon Elkarteak antolatutako Euskola zikloaren azken solasaldian.

Euskola zikloa ixteaz arduratu zineten Onintza Enbeita eta zu, Deserosotasunak kudeatzen izeneko hitzaldiarekin. Eroso sentitu al zineten?

Egia esan bai, espero baino jende gehiago joan zen; hitzaldietan, normalean, zaila izaten da jende asko biltzea, gehiago asteazken arratsalde batean. Ondo moldatu ginen; Onintzak eta biok harreman ona daukagu, horregatik, erosoa izan zen alde horretatik ere.

Onintzak aipatu zuen modura, kasik zerotik abiatu ziren duela 25 bat urte emakume bertsolariak; alta, zuek, gazteak, bertsotan hasi zinetenerako hainbat lan feminista eginda zeuden. Oinarri horrek eszenatoki berriak, eraldatzaileagoak, probatzeko aukera ematen du?

Bai, borroka bakoitzak bere aurreko borrokak hartzen ditu ardatz, eta genealogia oro bezala, bide baten parte gara. Garrantzitsua da bide horren kontzientzia izatea, jakitea aurrekoek nola egin zuten lana, nondik abiatu ziren eta nora iritsi ziren, guk ere gure bidea ondo egin ahal izateko. Egia da beraiek jaso zutela lur bat kontrakoa, eta ziur aski hutsa zegoena, emakumeak ere ordura arte plazatik guztiz ezabatuak izan zirelako. Egote hutsa egiteko eta eragiteko modu garrantzitsua zen, eta beraiek leku horren konkistan eta defentsan egindako lanak guri beste leku bat utzi digu, ez, hargatik, zer borrokatu ez dagoen leku bat, inondik ere. Aurreko borroka horiei jarraipena eman behar zaie, baina aurrerago eginez. Konfrontazio edo eztabaida batzuk jada gauzatuta egoteak aukera ematen digu beste leku batzuetan jartzeko fokua.

Zera baieztatu zenuten: euskararik gabe bertsolaritza ulertu ezin den eran, jende askorentzat, feminismorik gabe ere ez.

Bertsolaritza ezin da osotasunean ulertu ez bada kontuan hartzen azken urteetan bertsolaritzan olatu feminista bat egon dela. Olatu feminista hori ez da izan bertsolaritzaren barruko zirkuitu partikular baten parte, baizik bertsolaritza bere osotasunean eraldatu du, eta bertsolaritzaren definizioan, izatean eta denean eragin du. Gaur egun ezin da egin bertsolaritzaren errealitatearen irakurketarik feminismoa kontuan hartu gabe, eta berdin gertatzen da euskararekin. Ez soilik euskara hizkuntza soil bezala eta bertsoak egiteko erabiltzen dugun hizkuntza bezala ulertuta: euskalgintzarik, euskalduntasunik edo euskararen aldeko borrokarik gabe ezin da bertsolaritza ulertu; bertsolaritzaren edukietan, formetan eta izateko moduan presentzia asko izan duelako eta horrek ere busti duelako bertsolaritzaren komunitatea osorik.

"Aldaketak beti dakar deserosotasuna, eta horrek ez du zertan txarra izan behar"

Deserosotasunek bi norabideetan joka dezakete, ala? Esan nahi baita, zisheteroarauaren disidenteek deserosotasunak senti ditzakete gizarte egiturak kontra dituztelako, baina, aldi berean, izan daitezke deserosotasunen eragile. Prestigio txarra duen arren, deserosotasuna eraldatzailea izan daiteke?

Deserosotasunekin gertatzen da biolentziekin gertatzen den berdina: ezin dira ulertu edo modu absolutuan politikoki, etikoki edo moralki baloratu testuingururik gabe. Alegia, esaten duena biolentzia beti dela ez-legitimoa eta txarra, gezurretan ari da, eta deserosotasunak beti ez-legitimoak eta txarrak direla esaten duena, berdin. Are, borroka asko eta garaipen asko lortu dira deserosotasunak kudeatuz eta eraginez. Beste gauza bat da pentsatzea zer deserosotasun nahi ditugun sortu, zeintzuk kudeatu, zeintzuk saihestu, nor nahi dugun deseroso jarri, nor nahi dugun eroso egon dadin... Horretarako, egoeraren interpretazio bat egin behar da, eta ibilbidea ulertu. Beraz, deserosotasuna ezin da baloratu termino absolutuetan, begiratu behar da nor dagoen deseroso, zergatik eta zer dagoen horren atzean, eta horren aurrean, deserosotasun batzuk aldatu edo ekidin beharko dira, eta beste batzuk sortu eta eragin. Aldaketak beti dakar deserosotasuna, eta horrek ez du zertan txarra izan behar.

Ildo beretik, Onintza Enbeitak aipatu zuen bere hastapenetan emakume bertsolariaren presentziak berak, gorputzak, finean, deserosotasuna eragiten zuela. Gaur egun, beste gorputz batzuetara mudatu da ezerosotasunen eragile izatearen karga hori?

Bai eta ez: oraindik ere bertsolaritzan hegemonia gizonena da, beste leku batzuetan bezala. Oraindik ere emakumez bakarrik osatutako saioak edo emakume bertsolariek beren gorputzez egiten dituzten diskurtsoak deserosoak dira, eta hain justu horregatik dira hain egokiak. Orain beste gorputz batzuk ere etorri dira, eta hegemoniaren bueltako borrokak gertatzen dira. Horren barruan, ardatz askotatik begiratu dakioke komunitate jakin baten errealitateari, bertsolaritzari ere bai, eta ikus dezakegun bezala bertsotan gizonezkoak direla nagusi, har dezakegu heterosexualitatearen ardatza eta egiaztatu bertsolaritza oso heterosexuala dela, edo oso zuria dela, edo dena delakoa. Pixkanaka, orain arte egin den lan horri esker, beste gorputz batzuk ere hasi dira oholtzara agertzen, eta beste deserosotasun batzuk sortu dira hortik. Eta, ziur aski, oraindik deserosotasun asko egongo dira sortzeko nahiz gorputz asko bertsolaritzara ekartzeko.

"Euskalgintzarik, euskalduntasunik edo euskararen aldeko borrokarik gabe ezin da bertsolaritza ulertu"

Bertsolaritzaz ari zara, baina gizarteaz oro har ere bai, ala?

Uste dut esan daitekeela bertsolaritza egon dela euskalgintzarekin eta ezkerreko mugimenduarekin lerratuta orokorrean, baina ez norbaitek de facto hala izatea erabaki duelako, baizik mugimendu horren parte izan diren kideek horren alde lan egin dutelako. Hala ere, gizarteko gainerako komunitate ezkertiarretan edo testuinguru euskaltzaleetan gertatu den bezalaxe, bertsolaritzan ere badaude gatazkak, pribilegiatuak eta menpekoak, eta horri begiratu behar zaio. Bertsolaritza ispilu bat da eta, zeren bertsolaritzan feminismoaren bidetik gertatu diren gauzak, ziur aski, beste hainbat marko eta testuingurutan errepikatuko dira. Gizartearen parte den heinean, gizartean gertatzen diren gauzak gertatzen dira bertsolaritzan ere, baina alderantziz ere bai: gizartean gertatzen dira bertsolaritzan ematen diren aldaketak. Horregatik, bertsolaritza izan daiteke tresna on bat gertatzen diren aldaketa horiek ulertzeko, borrokarako bideak ezagutzeko eta eraldaketa prozesuak artikulatzeko.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide