Zestoako Altzolarats bailarako kobazuloan zazpigarren indusketa aldia bukatu berri dute Antxieta arkeologia taldekoek, Joseba Rios eta Laura Sanchez arkeologoek gidatuta. "Neardenthalez gehiago jakin nahian egin dugu beste jardunaldi bat koba berezian", azaldu dute Antxietakoek. "Kalitate ezin hobeko materiala" aurkitu dutela azaldu dute Antxietakoek.
Amalda III kobazulorako irisgarritasuna ez da erraza, 30 metroko kareharrizko horma bertikal bat eskalatu behar da kobara igotzeko. Horretarako, aluminiozko eskailera sendoak jarrita izaten dituzte indusketa aldian arkeologoek. Aurtengo jardunaldian laugarren nibel estratigrafiko "aberatsa" bukatzea eta bosgarren mailara iristea izan dute helburu, eta larunbatean lortu zuten hori: "Nahiz eta uste baino material arkeologiko gehiago azaldu, larunbatean iritsi ginen jarrita genuen helburura. Hala ere, laugarren mailaren bukaeran poliki-poliki eta kontua handiarekin ibili behar izan genuen, bosgarren mailaren hasiera ukituz. Industea xehetasun handiarekin egin beharra izan dugu, azaltzen ari ziren materialak kalitate ezin hobea zutelako, eta kontatzeko gauza asko dituztelako. OSL datazioak kontuan hartuta, laugarren maila duela 50.000 urte eta 80.000 urte artekoa da", azaldu dute Antxietakoek.
Trantsizioa antzematen hasita
Aurreko indusketa aldietan, "tekno-kultura nahiko berezia" aurkitu zuen Amalda IIIn: Vasconiense deitutakoa. "Tekno-kultura hori 1958. urtean deskribatu zuen aurreneko aldiz Georges Laplace arkeologo aditu frantziarrak", esan dute Amalda IIIn aritu diren arkeologoek. Kobazulo horretako lehen azaleratan teknologia hori "nagusi" da nahiko garbi, Rios eta Sanchez arkeologo adituen arabera. Azken indusketa aldian, ordea, trantsizioa antzematen hasi dira Antxietakoak: "Aurtengo kanpainan aztertu dugun laugarren maila arkeologikoaren bukaeran tekno-kultura aldatzen joan da, beste tipologia batzuetarako trantsizioa nabaritzen da".
Industerakoan laugarrenetik bosgarrenera "maila estratigrafikoaren aldaketa nabarmena" da. Bi maila horien artean lur mota nahiz material litikoen tipologia aldatu egiten direla zehaztu dute arkeologoek. Lurrean, esaterako, honako desberdintasunak antzeman dituzte. "Lurraren kolorea eta testura aldatu egiten dira: alde batetik, ilunagoa eta bigunagoa da lurra; eta bestetik, konkrezio estalagmitikoaren zatiak nabarmen gutxitzen dira".
Aurkitu dituzten materialetan ere antzeman dituzte aldeak, aztarnategian azaldutako material litikoen tipologia aldatuz joan delako. "Alde batetik, materiala lantzeko teknikak aldatzen joan dira, eta bestetik, egiten dituzten tresnen erabilera ere desberdina dela antzematen da". Antxietakoen arabera, lan zehatz batzuk egitera joaten ziren gizakiak Amalda III kobara: "Adibidez, egurra bezalako materiala lantzera. Azken indusketa aldian azaleratutako tresnak, ordea, ehizarako behar zituzten erremintak zirela dirudi".
Tresnen erabilera bakarrik ez, erremintak egiteko erabiltzen zituzten materialen mota eta jatorria ere aldatu egiten da Amalda IIIn, arkeologo adituen arabera. "Kobaren aurreko maila estratigrafikoetan azaldutako tresnetako materiala inguruko errekek, ibaiek edota itsasoak garraiatutako haitzetatik lortutakoa da: bulkanitak, lutitak, ofitak edota beste arroka bolkaniko batzuetakoak dira, eta gutxiagotan, suharriak, kuartzitak, arenarriak edo beste arroka sedimentario batzuk", zehaztu dute arkeologoek. Indusketan, laugarren maila estratigrafikoaren aldaketara hurbildu ahala, baina suharriaren portzentaiak gora egiten du nabarmen Altzolaratseko koban, eta gainera, nahiko urrutiko materialekin egindakoak dira tresnak; "adibidez, chalosse harria, Frantziako ekialdean, 150 bat kilometrora dagoena".
1983 urtean Antxieta arkeologia taldekoek zundaketa arkeologikoa egin zuten Amalda IIIn, eta esku artean duten informazioaren arabera, bosgarren maila estratigrafikoa gutxi gorabehera 25 bat zentimetrokoa da, eta printzipioz, material arkeologikoen dentsitatea aurreko mailetan baino txikiagoa dela. "Dena den, ziur gaude bosgarren mailak ere informazio garrantzitsuak eman ditzakeela, eta zergatik ez, baita ezustekoren bat ere", esan dute arkeologoek.
Amalda III kobaren zazpigarren indusketa aldia lagunarte "ederrean" eta elkarlanean "gozatu" dutela adierazi dute Antxieta arkeologia taldekoek, eta izandako pazientziagatik eta emandako azalpen guztiengatik Joseba Rios eta Laura Sanchez arkeologo adituak eskertu dituzte.
Antxietak aurkitu eta aztertua
Amalda III kobazuloa aurkitu zutenak Antxieta arkeologia taldekoak izan ziren, 1983an. Lehen aldiz sartu ziren aldi hartan egin zituzten indusketak tarteko, badakite kobazulo horretan neanderthalak bizi izan zirela; are gehiago, Brontze Aroko hezurrak, suharriak nahiz keramikak ere aurkitu zituzten.
Hala ere, kobazulo horren irisgarritasun zailtasunak tarteko, ia 40 urtez ez zen indusketarik egin haitzuloan. 2017an, ordea, Burgosko CENIEH ikerketa zentroko Joseba Rios arkeologoaren laguntza eskaera jaso zuten Antxietakoek, Amalda III-n indusketa lanak egiteko. Azpeitiarren baiezkoa jasota, Gipuzkoako Foru Aldundiaren baimena eta aldundiaren beraren eta Zestoako eta Azpeitiko udalen diru laguntza jasota, 2019an ekin zioten berriro Altzolarats bailarako koba ikertzeari Riosek eta haren lantaldeak, Antxietakoen laguntzarekin. Rios arkeologoak Euskal Herriko azken neanderthalaren zantzuak aurkitzeko ikerketa hasi zuen Zestoako haitzulo horretan.