Greenpeace erakunde ekologistak iragarpen ezkorrak plazaratu ditu A toda costa txostenaren edizio berrian. Haren esanetan, 2050erako itsasoaren maila batez beste 26 zentimetro igotzea espero da. "Horrek esan nahi du itsasoak 26 metro harea jango dituela, gutxi gorabehera, eta euskal kostaldearen morfologia dela eta, hondartzak eta estuarioak dira eragin handiena jasango duten eremuak".
Horren ondorioak zeintzuk izango liratekeen zehazteko kalkuluak ere egin ditu, eta horiek erakutsi dute Getariako Gaztetape hondartza ia erabat desgartuko litzatekeela, eta Zumaiako Itzurunek hedaduraren erdia galduko lukeela.
Har daitezkeen neurriak
Iragarpenak bakarrik ez, kostaldea babesteko zenbait proposamen ere egin ditu erakunde ekologistak. Horien artean bat, biodibertsitatea babestea eta energia sistema berri bat diseinatzea, "erregai fosilen eta uranioaren ordez energia berriztagarriak erabiltzeko". Era berean, kosataldea "bernaturalizatzea" ere proposatu du. Izan ere, "natura eta haren prozesuak aliaturik onenak dira itsasertzean itsas mailaren igoeraren, uholdeen eta ekaitzen inpaktuak arintzeko. Naturan oinarritutako irtenbideak, inpaktu negatiboei aurre egiteko prozesu naturalak erabiltzen dituztenak, eraginkorrak dira eta azpiegitura grisen ohiko neurriak baino merkeagoak".
Halaber, "arriskuarekiko esposizioa" murrizteko neurriak hartu behar direla adierazi du. "Debekatu egin behar da lurrak urbanizagarri gisa kalifikatzea, horien arriskua arindu egiten baita egiturazko obra bat eraiki ondoren". Turistifikazioari mugak jartzea ere proposatu du, komunitatearen parte hartzearekin. "Premiazkoa da etengabeko hazkundearen diskurtso kuantitatiboa eta kultura alde batera uztea, eta, horren ordez, kualitatiboa, bertako biztanleen beharrak eta ingurumen mugak bateratuko dituen egitura erreforma bat lortzea, orekan garatu ahal izateko".