Eskualdetik igaro da gaur Urmuga zeharkaldia

Onintza Lete Arrieta 2025ko uzt. 17a, 15:26

Mendizaleek Getariatik abiatu dute gaurko etapa, eta eguerdian Elkano auzoko San Pedro ermitaren atzealdean egin dute geldialdia, Arabiten Zurdetan taldearen zuzeneko musika emanaldiaz gozatzeko. 16:00etan, Aiako plazan bigarren kontzertua eskainiko du talde horrek.

Musika eta mendia uztartzen dituen Urmuga egitasmoa eskualdetik pasatu da gaur. Getariatik abiatu dira mendizaleak goizean, eta Aiako eta Zarauzko Elkano auzoan egin dute aurreneko geldialdia, eguerdian, San Pedro ermitaren atzealdean. Zuzeneko musikaz gozatzeko aukera izan dute han Arabiten Zurdetan taldearen eskutik. Kantu bizi-biziak eskaini ditu taldeak, denak instrumentalak, eta tartean abesti ezagunak ere interpretatu ditu, hala nola Benito Lertxundiren Nere herriko neskatxa maite, nahiz Mikel Laboaren eta Kepa Junkeraren abesti bana. Amaiera aldera, dantzarako piezaren bat ere eskaini dute musikariek, mendizaleen gozamenerako.

13:00etan berriz martxan jarri da mendizale taldea, eta Urdanetarantz joan dira. 16:00etan dira iristekoak Aiako plazara, eta han bigarren kontzertua eskainiko du Arabiten Zurdetan taldeak.

Keinu berezia Aiari eta Elkanori

Hain zuzen, entzuleen artean izan da Elkanon Jon Ander Azpiroz Aiako alkatea. Pozik hartu du egitasmoa bere herritik pasatzea, eta nabarmendu du atzetik lan handia dagoela. Horrez gain, adierazi du ez dela kasualitatea aurten Urmuga Elkanotik eta Aiatik igarotzea. "Izan ere, 1.000 urte beteko dira aurten aurreneko aldiz Ipuskoa hitza idatzita agertu zenetik liburu batean, eta liburu horretan Aia eta Elkano hitzak ere ageri dira. Beraz, keinua egin nahi izan diogu gertakizun horri". Liburu hori San Juan de la Peñako monasterioan dago, Jacan (Espainia), eta haraino ere iritsiko da aurten Urmuga egitasmoa.

Gaurko eguna Adunan amaituko dute mendizaleek, han izango baita kontzertu nagusia, 19:00etan hasita, Basopetan. Galiziako Chruinne taldeak eskainiko du emanaldia.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide