Aurreikuspenen arabera, uztailaren 17an iritsiko dira Saharako haurrak eskualdera

Ihintza Elustondo 2025eko uztailaren 11

Urola Kostara iaz etorritako haur sahararrak.

Oporrak Bakean programari esker, Mendebaldeko Saharako errefuxiatuen kanpalekuetako hamar haurrek Urola Kostako familietan igaroko dute uda. Dagoeneko Euskal Herrian behar zuten, baina espero baino bi aste geroago iritsiko dira, pasaporte kolektiboekin arazo burokratikoak izan dituztelako.

Oporrak Bakean programari esker, Mendebaldeko Saharako errefuxiatuen kanpalekuetako hamar haurrek Urola Kosta eskualdeko familietan igaroko dute uda. Guztira, 300 bat haur etorriko dira Euskal Herrira errefuxiatuen kanpalekuetatik. Berez, dagoeneko Euskal Herrian behar zuten haur horiek, baina pasaporte kolektiboekin arazo burokratikoak izan dituzte, eta oraindik ez dira iritsi. Darahli elkarteko kideek oraindik ziur ez badakite ere, uztailaren 17an, ostegunez, iritsiko direla aurreikusten dute.

Harrera familiek hartzen ez dituzten haurrak Larrabetzuko (Bizkaia) Bakeleku udalekuan izango dira abuztu amaierara arte. Guztira, 60 bat boluntario izango dira txandaka Larrabetzun, gehienak zumaiarrak, baina baita azkoitiarrak eta azpeitiarrak ere. Eguneroko ekintzak kudeatuko dituzte boluntario horiek, hala nola, jatorduak, arropak garbitzea edo dutxak. Kirol jarduerak eta tailerrak ere antolatuko dituzte.

Eskualdean harrera festak

Eskualdeko hainbat herritan harrera egingo diete Saharako haurrei. Azkoitiko eta Azpeitiko udalek uztailaren 26an, larunbata, egingo diete harrera ekitaldia, Azpeitiko plazan, 11:30ean, eta asteburu horretan beste hainbat ekintza ere izango dira bi herri horietan. Zumaian, berriz, uztailaren 21ean eta 22an egingo dituzte Saharako haurrei zuzendutako ekintzak. Uztailaren 21ean, Zumaian igaroko dute eguna eta gaua haurrek: goizez udaletxean harrera egingo diete lehendabizi, eta gero, herrian igaroko dute eguna –ur jolasak eta zenbait ekintza egingo dituzte Santiago hondartzan–. Uztailaren 22an, berriz, jolasak eta herri bazkaria izango dituzte.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide