Herri mezak eta hamaiketakoak eman diete hasiera Narrondoko sankristobalei

Juan Luis Romatet 2025ko uzt. 10a, 15:36

Kristobal Deunaren eguna ari dira ospatzen gaur Zumaia eta Zestoa arteko auzoan. Arratsaldean, umeentzako puzgarriak eta txokolate jana izango dute. Festek igandera arte iraungo dute.

Goizeko 8:00etan jaurtikitako txupinazoak eman die hasiera Narrondo auzoko San Kristobal jaiei. Igande arratsaldera bitarteko egitaraua prestatu du hango jai batzordeak, eta hasteko, gaur, San Kristobal eguna izanik, herri meza izan dute. Azken urteotan hildako auzotarrak izan ditu gogoan Yon Cuadrado apaizak, eta ondoren, auzotar batek bertso pare bat abestu ditu. Halaber, San Kristobal gidarien zaindaria denez, errepidean kontuz ibiltzeko eskatu dute kantuan. 

Elizkizuna bukatu eta jarraian, hamaiketakoa izan dute herritarrek errepide ertzean jarritako karpan. Hara joandakoek salda beroa eta txorizoa zein haragi egosia erruz jateko aukera izan dute.

Festek arratsaldean jarraituko dute haurrentzako puzgarriekin, eta, eguraldia lagun badute, ur jokoekin. Eguna amaitzeko, txokolate beroa emango diete auzora hurreratzen direnei, izan haur, izan heldu. 

Festek igandera arte jarraituko dute, honako egitarau honekin: 

Uztailak 11, ostirala

  • 19:00. Sagardo dastaketa pintxoekin karpan. Dastatuko diren sagardoak inguruko baserrietakoak izango dira.
  • 21:00. Izer eta Alabier trikitilariak.

Uztailak 12, larunbata

  • 15:30. Mus eta Eskoba txapelketak. Txapelketetarako izenak ordu erdi lehenago emango dituzte, 15:00etan. Mus txapelketaren kasuan, bikoteko 25 euro ordainduko dira, eta eskobakoan 15 euro bikoteko.
  • 20:30. Sardina jana. Sardinak doan eta saiheskiak eta edariak ordainduta.
  • Ondoren, Obeneuke Trikitilari Taldea.

Uztailak 13, igandea

  • 11:00-14:30. Artisau azoka eta talogileak.
  • 12:45. Jon-Jaione eta seme alabak.
  • 18:00. Herri kirol jaialdia.
    Aizkolariak: Iker Vicente, Eneko Saralegi, Julen Alberdi Txikia eta Ugaitz mugerza. Elkarren aurka hainbat lan: aizkoran, aizkoran zutik, trontzan eta korrika. Harrijasotzaileak: Ainize Zumeta, Maddi Gesalaga eta Paulo Azpiazu. Hainbat harri motekin erakustaldia.
  • Bitartean, Jagoba trikitilaria arituko dira, eta Etxalarrek taloak salduko ditu.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide