Bedua jatetxeko langileek jasaten dituzten lan baldintzak salatu ditu Azpeitiko Elkar-ekin taldeak

Juan Luis Romatet 2025ko uzt. 10a, 14:49

Bedua jatetxearen lan eskaintza iragartzeko Azpeitian jarritako karteletako bat. (Elkar-ekin)

Jatetxe horretan lan egiten duten behargin batzuen testigantzak jaso ditu Azpeitiko taldeak. Elkar-ekinen esanetan, establezimendu horretako lan baldintzak esplotaziotik hurbil daude. 

Bedua jatetxeak lan eskaintza baten berri ematen duen kartelak jarri ditu egunotan Azpeitiko kaleetan. Horren harira, herri horretako Elkar-ekin taldeak jatetxe horretan lan egin duten behargin batzuen testigantzak jasotzen dituen oharra plazaratu du. Oharrean salatu dutenez, langile horiek "esplotazio egoerak" pairatu dituzte, baina "paperik gabe, eskubiderik gabe, eta dena kontra izanik, ez dute inolako aukerarik sentitu salaketa egiteko".

Hain zuzen, taldeari testigantza horiek eman dizkieten langileak migratzaileak dira, eta emakumeak, gehienbat. Taldeak oharrean dioenez, Urolaren bazterrean kokatzen den jatetxean unean uneko beharrak asetzeko "paperik ez duten pertsonak hartzea lehenesten dute, horrek aukera ematen dielako pertsona horiekin nahieran aritzeko". Epe laburrerako langileak izanik, jatetxeko lana arintzean, kaleratu egiten dituztela adierazi du Elkar-ekinek. "Ohikoa da langile horiei ezer ez ordaintzea. Guztiei aitzakia bera jarri ohi diete: probaldian egon eta beren lana ondo egin ez izana". 

Lan eskaintzak engainagarriak direla ere azpimarratu dute taldeko kideek. Azpeitian jarritako kartelekin gertatzen den antzera, "platerak garbitzeko jendea behar dutela adierazten dute, baina behin lanean hasita, askotariko zereginak ezartzen dizkiete langileei". Testigantzetan jaso dutenez,  "zaintza lanak, etxea garbiketa lanak, baratzegintza, jatetxeko garbiketa eta abar" egin behar izan dituzte. "Kasu batzuetan, nagusiak Zumaian dituen senideen etxeak garbitzera ere bidali izan dituzte langileak", azaldu dute. 

Lanaldi amaitezinak

Behargin horiek dituzten lanaldiak hamabi ordukoak direla ere gaineratu du Elkar-ekinek: "Badira hamazazpi orduko lanaldiak egin dituztenak ere". Jatorduetan hamar edo hamabost minutuko tarteak besterik izaten dituztela ere jaso dute taldekideek testigantzen bidez eta langile ohien ahotik.

Horrez gain, jatetxea Zumaiako herrigunetik aparte dagoela eta, Elkar-ekinek zehaztu du establezimenduko nagusiak eramaten zituela beharginak etxera lanaldia bukatutakoan. "Testigantza batzuen arabera, goizeko 3:00etan edo 4:00etan amaitu izan dituzte lanak, goizeko 9:00etan berriz lanean hasteko. Horrela, eguna joan eta eguna etorri. Langileak herrira eraman beharrik ez izateko, gainera, jatetxean bertan lo egiteko eskatu izan die nagusiak. Kasu horretan, bost-sei orduz lo egin eta berriz lanean hasi ohi dira langileak".

"Esklabotza egoera" hitzak erabili ditu Elkar-ekinek beharginek testigantzetan azaldu dituzten lan baldintzak definitzeko, eta halakoak jasaten dituzten pertsonak, askotan, "bizitza duinagoen bila beren herrialdeetatik hona etorri direnak" direla adierazi du. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide