"Espresuki" sinadura ematera

Nerea Uranga 2025ko uzt. 8a, 09:14

Joan den asteazkenean herritarrak sinatzen, Azpeitiko anbulatorioaren aurrean. (Nerea Uranga)

Azkoitian, Azpeitian eta Zestoan bildu dituzte sinadurak Donostia ospitalera joateko autobusa-eta eskatzeko.

Donostia ospitalera joateko zuzeneko autobus zerbitzua egon dadila eskatzeko sinadurak biltzen jardun du Doako Parkinga Denontzat izeneko plataformak Azkoitian, Azpeitian eta Zestoan. Ekainaren 24tik uztailaren 2ra bitartean egun bakanetan jarri dituzte sinadurak biltzeko mahaiak, eta bildutakoen kontaketa eta balorazio formala egin ez duten arren, pozik daude herritarrengandik jasotako harrerarekin. Azpeitiko kasuan, esaterako, hiru egunetan bakarrik jarri dute mahaia eta mila sinadura baino gehiago jaso dituzte. "Espresuki sinatzera kalera irtendako jendea ere izan da tartean. Herritarrek arazoa bizi dutela ikusten da, baita arazoa bizi dutenekiko enpatia sentitzen dutela ere", azaldu du Irati Agirre plataformako kideak.

Erreportaje hau osatzeko informazioa biltzerakoan, Azpeitiko anbulatorioaren aurrean dute jarrita sinadurak biltzeko postua Doako Parkinga Denontzat plataformakoek. Herritarrek garrantzia ematen dioten kontua dela antzematen da, sinatzera bildu diren herritarren ilara txikiak sortu baitira behin eta berriro.

Donostia ospitaleko irisgarritasunaren "arazoa aspaldikoa" da eta okertu egin da, plataformako kidea den Agirrek azaldu duenez: "Protonterapia eta kanpo kontsultetarako eraikin berriak eraikita, aparkaleku nagusian ibilgailuentzako plazak kendu dituzte. Osakidetzak arazo horri irtenbiderik ez dio eman, eta ospitaleko aparkaleku nagusia ordainpekoa izanda, interes pribatuen etekin ekonomikoak langileon, ikasleen, pazienteen eta gaixoen senideen eskubideen gainetik jartzen ari dira". 

Aparkalekuaren kontuari irtenbidea eskatzearekin batera, Donostia ospitalerako irisgarritasunaren alde ere ari dira plataformakoak, Azpeititik, Azkoititik eta Zestoatik ospitalera zuzeneko garraio zerbitzu publikoa aldarrikatuz. 

Lurraldebus enpresarekin nahiz Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasun sailarekin harremanetan jarri ziren plataformakoak idatziz. Sinadurak biltzen hasi aurretik izan zen hori, baina oraindik inork ez die irtenbiderik aurkeztu. Azkoitiko, Azpeitiko eta Zestoako udaletan ere aurkeztu dute idatzia Urola Erditik Donostia ospitalera zuzeneko eta kalitatezko garraio zerbitzua eskatuz. "Onartezina da Donostia ospitalera iristeko kalitatezko garraio zerbitzurik ez egotea. Izan ere, Urola Erditik bada Donostiarako autobus zerbitzua, baina hori ez da iristen Donostia ospitalera", adierazi diete aldundiari eta udalei idatziz.

Irtenbidea, premiazkoa

Azpeitian bakarrik mila sinadura baino gehiago bildu dituzte. Azkoitian eta Zestoan oraindik batutako denak zenbatu gabe dituzte, baina bi udalerri horietan ere "herritarrengandik erantzun oso ona" jaso dutela aurreratu du Agirrek.

Donostia ospitaleko aparkaleku egoerari eta irisgarritasun arazoari irtenbidea ematea eskatzeko elkartu direnak sinadurak jasotzeko kanpainaren inguruko balorazio formala egiteko bilduko dira, eta bilkura horretan erabakiko dute aurrera begira egin beharreko urratsak zeintzuk diren. "Sinadura bilketaren balorazioa egingo dugu aurrena, eta ondoren jakinaraziko dugu zer pauso emango ditugun". Beste bide batzutatik sinadurak biltzen segitzeko aukera ere ez du baztertu Agirrek, irtenbidea "premiazkoa" duen arazoa delako plataformakoen ustez.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide