Amaitu da Euskaraldiaren laugarren ekitaldia. Maiatzaren 15etik 25era, milaka lagunek, boluntariok eta elkartek parte hartu dute egitasmoan, eta euskararen erabilera lau haizetara zabaltzeko lanketa egin dute. Gaur egin dute 11 egunez iraun duen ariketa sozialaren balorazioa, Bilbon. "Harro egoteko moduan gaude euskaltzale guztiok", nabarmendu dute antolatzaileek agerraldia hasi berritan. Guztira, 135.000 lagunek parte hartu dute aurtengo edizioan; Urola Kostan 9.605 norbanako eta 463 entitate ziren izena emanda ariketa sozialaren lehen egunean (behin betiko datuak biltzen ari dira oraindik).
Euskaraldiko koordinazio mahaia osatzen duten ordezkariak bildu dira balorazioa egiteko jendaurreko ekitaldian: Taupa euskaltzaleen mugimenduko lehendakari Irati Iciar, Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuko zuzendari kudeatzaile Javier Arakama, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako sailburuorde Aitor Aldasoro, Euskararen Erakunde Publikoko mugaz gaindiko harremanen arduradun David Aire eta Euskaraldiko koordinazio orokorreko kide Jon Kobeaga, hain zuzen ere.
Zehaztu dutenez, aurtengo Euskaraldian "inoizko herri gehien" aritu dira antolaketa lanetan. Orotara, 450 herri izan dira ariketa soziala aurrera eramateko lan egin dutenak. Emaitza "benetan pozgarria" dela azpimarratu dute, "horrek esan nahi baitu inoizko herri gehienetan piztu dela ariketaren beharra eta antolatzeko ilusioa".
Herri lanketari dagokionez, "esfortzu handia" egin dela nabarmendu du koordinazio mahaiak. Izan ere, Euskaraldiko lantaldearen egiteko "garrantzitsua" izan da tokiz toki sortzen diren batzordeak hauspotzea, informazioa ematea eta aholkularitza eta laguntza eskaintzea. Horretarako "ehunka" bilera egin dituzte batzordeekin. Besteak beste, bilkura horietan jaso dute batzorde asko aurreko edizioetan "bezain osasuntsu edota indartsu" aritu direla aurtengoan.
Halaber, aurtengo Euskaraldiak ere izan du berrikuntzarik; izan ere, udazkenean egin beharrean udaberrian egin dute aurtengo edizioa. Aldaketaren balorazioa "oso ona" dela iritzi diote batzordeek eta eragileek, "aldartean eta giroan onura ekarri baitu, bai herrian, bai batzordekideen artean ere.
Entitateen gorakada
"Laugarren edizio honek erakutsi du, beste behin ere, mota guztietako entitateek euskararen erabileran jauzi bat eman nahi dutela eta hori ahalbidetzeko urratsak egiteko prest daudela", aditzera eman dute. Guztira, 7.500 entitatek baino gehiagok parte hartu dute egitasmoan, aurreko urteetako izen emate kopurua gaindituz.
135.000 pertsonak eman dute izena aurtengo Euskaraldian, nahiz eta inskripzio batzuk oraindik jaso gabe dituzten. "Ikaragarria da hori", nabarmendu du koordinazio mahaiak. Hala eta guztiz ere, "jende askok izenik eman gabe parte hartu duela" zehaztu dute . "Hori gerta daiteke aurreko urteetan izena eman zutelako eta berriro ematea beharrezkoa iruditu ez zaielako, aurreko edizioko txapa etxean gordeta zutelako...", adierazi dute.
Txapa banaketa da errealitate horren adibide garbi bat; izan ere, herri askotan izen emateak baino txapa gehiago banatu dituzte aurten. Aitzitik, "nahi baino txapa gutxiago" ikusi dituzte kalean, eta hori "aztertzekoa" dela esan dute. "Txapa ezinbesteko elementua da ariketa modu eraginkorrean egiteko". Era berean, orain arteko edizioetan animatu ez diren askok aurten parte hartu dutela ere zehaztu dute, eta hori "Euskaraldia zabaltzeko beste pauso bat" dela.
Erabilera erdigunea
Euskaraldiak "euskararen erabilera erdigunean" jarri duela azaldu du koordinazio mahaiak, 11 egunetan hedabideetan, ikastetxeetan, lantokietan eta erakundeetan euskararen inguruan eta euskaraz hitz egin da, hizkuntza erabiltzearen garrantzia lehen lerroan jarriz. Haien iritziz, "izugarria izan da ariketak sortu duen mugimendua".
Herritar askok beraien "hizkuntza ohituren inguruan hausnartzeko" baliatu dutela ariketa zehaztu dute: "Esaterako, ahobizi edo belarriprest izango diren erabakitzean, eta noski, lehen euskaraz ez ziren elkarrizketak euskaraz izan daitezen saiatu dira, baita lortu ere!". Ariketa sozialaren emaitzak aurrerago jakinaraziko badituzte ere, Euskaraldia "eraginkorra" izan dela aditzera eman dute.
Datorren edizioa "are hobea" izan dadin balorazioa egitea "garrantzitsua" dela uste dute, eta, beraz, Euskaraldian parte hartu duten belarriprest eta ahobizi guztien bizipenak jaso nahi dituzte. Horretarako, euskaraldia.eus/bizipenak helbidean sartu eta egun hauetako bizipenak konta ditzaten eskatu dute.
Amaitzeko, koordinazio mahaiak gogorarazi du hizkuntza ohiturak ez direla goizetik gauera aldatzen, eta Euskaraldiak "arnas luzeko ariketa" izan behar duela.
Urola Kostako datuak herriz herri
- Aia. 183 izen emate –161 ahobizi eta 22 belarriprest–, eta sei entitate.
- Aizarnazabal. 103 izen emate –93 ahobizi eta hamar belarriprest–.
- Azkoitia. 1.581 izen emate –1.442 ahobizi eta 139 belarriprest–, eta 32 entitate.
- Azpeitia. 1.901 izen emate –1.774 ahobizi eta 127 belarriprest–, eta 60 entitate.
- Beizama. 27 izen emate –23 ahobizi eta lau belarriprest–.
- Errezil. 114 izen emate –105 ahobizi eta bederatzi belarriprest–, eta bi entitate.
- Getaria. 488 izen emate –439 ahobizi eta 49 belarriprest–, eta 72 entitate.
- Orio. 770 izen emate –672 ahobizi eta 98 belarriprest–, eta 38 entitate.
- Zarautz. 2.865 izen emate –2.456 ahobizi eta 409 belarriprest–, eta 86 entitate.
- Zestoa. 336 izen emate –295 ahobizi eta 41 belarriprest–, eta sei entitate.
- Zumaia. 1.237 izen emate –1.151 ahobizi eta 86 belarriprest–, eta 161 entitate.