Joseba Intxausti Jakin aldizkariko zuzendari ohiak euskarak bizirauteko behar dituen ereduez eta jardunaz hausnarketa bat argitaratu zuen 1959. urtean, Hilobira bultzaka izenburupean. Bertan, hurrengo adierazpena jaso zuen idazleak: "Euskara kulturaz bakarrik salba dezakegu. Kultura gabeko hizkera hilobira doa behar-beharrez; kultura sendo bat daukana, berriz, beti jaikiko da harro". Garbi dago, garai haietan, kulturak eta herriaren ohiturek salbatu zutela euskara. Aspaldiko kontu bat dirudien arren, eta gaur egun zenbait euskara plan sortu dituzten arren, non dago euskal kulturaren plana?
Zarauzko Alde Zaharreko txoko batean, liburu denda txiki batek urteak daramatza euskal literaturaren gotorleku izaten. Garoan liburuak saltzen dituzte, bai. Baina euskal kulturaren sustraiak ere sendo mantentzen dira bertan. 1973. urtean zabaldu zuen denda Flor Illarramendik. Eta geroztik, herriko irakurle ororen derrigorrezko egonlekua bilakatu da.
Garoak, argitalpenak saltzeaz gain, bestelako hainbat ekintza gauzatzen ditu euskal literatura eta kultura belaunaldiz belaunaldi transmititzen jarraitzeko asmoarekin. Ildo horretatik jarraituz, Paperezkoak egitasmoa jarri dute martxan, irakurzaletasuna sustatzea helburu duten askotariko jarduera proposamenak gauzatzeko, hain zuzen ere. "Egitasmoa sail ezberdinetan dago banatuta, eta 0 eta 7 urteko haurrei nahiz helduei zuzenduta dago. Hilabetean behin euskarazko argitalpen berri bat banatzen diegu etxeetara, eta horrekin batera, haurrentzako ariketak, gurasoentzako gida bat eta beste oparitxoren bat ere bidaltzen diegu", azaldu du Imanol Agirre Garoako arduradunak, Flor Illarramendiren semeak. "Gainera, banatutako liburuaren idazle edo itzultzaileari idazketa prozesuan zer musika entzun duen edota liburuari zer musika dagokion galdetzen diogu, eta abestiekin zerrenda bat egiten dugu harpidedunentzat. Bestalde, hiru hilabetean behin irakurketa saioak ere egiten ditugu online, idazlearekin batera".
Orain, webgune berria jarri dute martxan, eta Paperezkoak egitasmoa proiektu kultural bihurtzeko asmoa dute, irakurzaletasuna formatu ezberdinetan landuko duena, hala nola tailerrak, poesia errezitaldiak, irakurle saioak eta kontzertuak. "Modu horretan, euskarazko kulturaren transmisioa egiten dugu, eta formatu hau aukeratu dugu, jakin badakigulako belaunaldi berriak beste eredu batzuen bidez erakarri beharko ditugula".
Garai berrietara moldatuz
Etorkizunari begira, aisialdi ereduak erabat aldatuko direla adierazi du Agirrek, eta eredu horietara egokitu beharko direla Garoa bezalako negozioak. "Sakelako telefonoa hartzen dugunean, esaterako, ordubete igaro dezakegu aplikazio batetik bestera saltoka. Denbora tarte hori horretarako baliatzen baduzu, esan nahi du beste leku batetik kentzen duzula. Beraz, liburu bat esku artean izateko denbora gutxiago izango duzu, baldin eta sakelakoarekin aritzen bazara. Erronka handiena aisialdi eredu horietara iristea edota horietaz baliatzea izango da; hau da, jendea literaturara gerturatzen asmatzea. Gakoa tortillari buelta ematen jakitea izango da, eta tresna horiek jendea gerturatzeko erabiltzen ikastea".
Imanol Agirre: "Erronka zailena aisialdi eredu berrietara egokitzea izango da"
Egungo euskal literaturaren panoramari begira, Agirrek "oso momentu politean" aurkitzen direla dio. Izan ere, gaur egun "izugarrizko aukera" dagoela iritzi du zarauztarrak, eta idazleen belaunaldi berriak proposamen ugari ekarri izana eskertu du. "Orain dela urte batzuk mundua aldatu nahi zutenak badoaz, eta orain beste berri batzuk datoz. Konturatu naiz oso uzta ederra daukagula. Gainera, liburu hauetan nabarmena da idazleek iturri ezberdinetatik edaten dutela, eta horrek beste era bateko literatura sortzea eragin du. Gauza bera gertatzen da musikarekin. Euskal panoraman talde berriak daude, iturri ezberdinetatik edan dutenak eta, ondorioz, musika estilo ezberdinak lantzen ari direnak, bai formatu aldetik, baita gai aldetik ere".
Belaunaldi berriak aipatuz, arazo handiena horiengana gerturatzea dela azpimarratu du Agirrek. Zarauztarraren ustetan, nabarmena da 12 eta 16 urte bitarteko gazteetan "haustura bat" egoten dela. "Haurrek ikasgelan irakurtzen dute. Ondoren, ordea, haustura bat gertatzen da, eta gutxi batzuk itzultzen dira literaturara. Erronka hori da: nola eutsi 12 eta 16 urteko gazte horiei. Egia da gero eta lan handiagoa egiten ari garela tailerrei dagokienez, baita irakurle taldeei dagokienez ere". Aldi berean, bertso eskolak ere ia herri guztietan aurki daitezkeela gehitu du Agirrek; izan ere, bertsoak beti "euskal transmisioaren adibide" izango direla uste du. "Bertsolaritzak eztanda egin du berriro, eta pixkanaka egiten ari garen lan horrek, hala nola irakurketa taldeetan edota tailerretan, bere emaitza emango du denborarekin".
Garoa liburu dendak 52 urte daramatza zabalik, baina liburuak saltzearen negozioa asko aldatu da Agirreren gurasoen garaitik honaino. "Ni Gipuzkoako 26 liburutegitara joan behar izaten naiz hilabetean behin zerbait saltzera. Lehen ez zen hori egiten. Orain zailagoa da, eta esfortzu handiagoa egin behar da proiektua aurrera eramateko. Bestalde, gure bailaran ez dago liburu dendarik, eta ez egoteak zerbait nahi du esan. Baina zer da erraza gaur egun? Erraza ez da ezer. Hori bai, gure kasuan, oso zoriontsu gara liburuak salduz eta gomendatuz".
Transmisio bideak lantzen
Garoatik kilometro gutxira, Kulturaz kooperatiba aurkitu daiteke Azpeitiko bihotzean. Kulturazek urtero euskarazko dozenaka jarduera programatzen ditu, kultura biziz transmititzen delako, ez bakarrik irakatsiz.
Kooperatibaren helburu nagusia, bere sorreratik, euskal kulturaren sustapen integrala izan da. "Kulturatik euskara sustatzea da gure helburua. Eta horretarako, hainbat ekintza, proiektu edota dinamika antolatzen ditugu herritarrentzat. Zalantzarik gabe, azkenengo urteetan azaldu diren mehatxuekin kezkatuta gabiltza. Kezkatuta egotearekin, ordea, ez dugu ezer egiten. Eta gure mailan, hainbat ekintza egin nahi ditugu egoera berri honi aurre egiteko", azaldu du Xabier Aranbarri Kulturazeko kudeatzaileak.
Azken urteetan globalizazioak eta digitalizazioak sekulako gorakada izan dute, eta arnasguneek bizi duten mehatxua ikaragarri handitu da. Aranbarriren ustetan, mehatxu horiei aurre egiteko modu egokiena "euskarazko kulturaren plan bat" egitea izango litzake, Euskal Herri osokoa. "Plan hori, ordea, oraindik ez dagoenez, gure aldetik aritu behar gara elkarlanean, dinamika txikiak eginez. Guk urtean berrehun bat kultur ekitaldi antolatzen ditugu, horien %85 euskaraz. Ikusgarritasuna euskaratik lantzen dugu, betiere hasiberriei aukerak emanez. Azkenengo urteetan, asko ari gara lantzen belaunaldien arteko hizkuntza transmisioa. Sormen prozesuaz gain, transmisio bideak ere lantzen ditugu haurrekin, gazteekin nahiz helduekin".
Xabier Aranbarri: "Bateratasuna behar dugu hizkuntza eta kultur politiketan"
Besteak beste, Azpeitiko Udalarekin eta herriko hiru ikastetxeekin elkarlanean, Txinaurriak programa jarri zuten martxan 2022ko abenduan. Egitasmoaren bidez, ikasleei kultur sormenera gerturatzeko aukera eskaini nahi diete, eta horretarako lau eremu lantzen dituzte: hitza, gorputza, irudia eta soinua. "Hainbat kultur kolektibo, hezkuntza eragile eta mugimendu sozialekin elkarlanean mediazio eta sentsibilizazio ekintzak garatzen ditugu, euskara txiki-txikitatik sustatzeko asmoarekin. Belaunaldien arteko transmisioan dinamika hori sartzen saiatzen gara".
Kulturazetik, bestalde, jatorri atzerritarreko herritarren presentziaren falta sumatu dute antolatutako jardueretan, eta egoera horren aurrean, Gure Mintzak proiektua sortu zuten, "inguruan dauden hizkuntzen eta hizkeren grabazio funtsa eratzeko" asmoarekin. Hala, jatorri ezberdinetako herritarren hizkuntza abiapuntu gisa hartuta, harreman sare bat osatu eta kultur aniztasuna sustatzeko dinamika bat elikatzea izan da egitasmoaren helburua.
Azpeitia bezalako herri batean, "euskararen erabilgarritasuna sustatzea" da helbururik handiena, Aranbarriren ustez. "Horretarako, proiektu asko ditugu esku artean, nahiz eta gure txikitasunetik ezin diezaiokegun aurre egin globalizazioak eta digitalizazioak ekarri duten mamu handi honi". Hala ere, pausoak ematen jarraituko dutela adierazi du Kulturazekoak, eta bakoitzak bere etxetik hasi beharraren garrantzia nabarmendu du. Etorkizunari begira, euskal kultura bere osotasunean hartzen duen plan bat sortu beharra azpimarratu du. "Bateratasuna behar dugu hizkuntza eta kultur politiketan".
Proposamen aberatsak
Iraia Elias aktore zarauztarrak hamarkada bat baino gehiago darama kameren eta fokuen aurrean. Duela bi urte batu zen Miren Gaztañagak, Erika Olaizolak eta Amancay Gaztañagak sortutako Kamikaz kolektibora, eta aurten aurkeztu dute antzokietan Renata ikuskizuna. Ibilbide luzea du Eliasek, eta errepertorio zabalaren parte izan den arren, euskarak beti izan du lekua bere sorkuntzetan. "Nik euskaraz sortzen dut naturalki hori ateratzen zaidalako. Nire ama hizkuntza da, eta horrekin jolastea dut gustuko. Hala eta guztiz ere, intentzio bat dago hizkuntzaren erabileran".
"Sekulako proposamen estetikoa duen distopia" bezala definitu Renata obra Eliasek. "Antzezlana idazterakoan, zer erregistro erabili pentsatu genuen. Askoz ere kontzienteago erabiltzen dugu euskara, eta lan honen helburua adin guztietara iristea izan da, besteak beste. Oso kontzienteki egin dugu lanketa hori. Guk ez dugu planteatzen beste hizkuntza batean idaztea edo sortzea, izan ere, lehenago planteatzen dugu azpitituluekin joatea Madrilera".
Iraia Elias: "Idazterakoan, nire sorkuntzak naturalki euskaraz izan ohi dira"
Azken lan honetan argi izan dute kolektiboko kideek gai sakonak landu nahi zituztela, baina aldi berean, adin guztietara iritsi nahi izan dute modu erraz batean. "Lana estreinatu eta denbora gutxira, ezagun batek esan zidan 'nerabetxoentzako' lana zirudiela, hori zerbait txarra izango balitz bezala. Gauza da, hautu bat dagoela lan honen atzetik. Ez estetikoki soilik nerabeei iristeko, baizik eta nerabeek ere gozatu dezaten euskarazko antzerkiaz, ondo erabilitako hizkuntza bizi batekin. Hori hautu bat da. Badirudi, literaturan ere esaten den bezala, 'haurrentzako' sortzen denean, balio gutxiago duela lanak. Niretzat, ordea, garrantzitsua da lanek atzetik intentzio polit bat izatea".
Euskal kulturaren transmisioan eredu bat sentitzen ez den arren, hizkuntzaren aldetik "ardura bat" duela dio Eliasek. "Euskaraz sortu eta jolasten dugu, eta gure proposamenak denontzat izatea nahi dugu. Gakoa, euskara hutsean eta euskarari zukua ateraz, kalitatezko ikuskizunak sortzea da. Hori da gure asmoa. Lagun bat 14 urteko lehengusuarekin etorri zen Renata ikustera eta oso ondo pasatu zuen. Beste lagun bat ere etorri zen 10 urteko batekin, eta egunetara antzezlaneko gauzak errepikatzen jarraitzen zuen. Bi pertsona horietan zerbait positiboa geratu da, eta euskararekin erlazio zuzena du, gainera".
Gaur egungo testuinguruari begira, ordea, Eliasek kultur politika sendoak falta direla argudiatu du. "Euskal kulturan proposamen aberats pila bat dago. Kontua da, ez daudela behar bezainbeste plaza proposamen horiek guztiak erakusteko. Antzerkian, adibidez, gero eta proposamen gehiago daude, baina zure lana erakusteko aukerak gero eta murritzagoak dira".
Hori ez ezik, publikoa antzokietara erakarri beharra azpimarratu du aktoreak, eta prozesu horrek ere bere denbora eskatzen die sortzaileei. "Lan pila bat egin daiteke sortzaileekin eta kultur arduradunekin. Garrantzia eman behar zaio gaiari, eta bestalde, dirua jarri behar da. Nik ez dakit zein den konponbidea, dakidana da badagoela euskaraz sortzen duen jende talentudun asko. Ez da talentua falta, baizik eta horiei irtenbide bat ematea eta jendea erakartzen laguntzea. Ni lana ahalik eta txukunen egiten saiatzen naiz, saretuz eta indargune bat sortuz euskal sortzaileon artean".