Arnasa estu

Pantailetan bai, ala inon ez

Maddi Txintxurreta 2025ko mai. 20a, 09:00

Sare sozial desberdinen aplikazioak sakelako telefono bateko pantailan. (Rawpixel)

Euskarak mundu digitalean duen presentzia oso urria dela diote datuek. Alta, hori iraultzeko lanean ari dira hainbat eragile, pantailetan ez dagoen hizkuntza itzali egingo dela jakitun.

Pantailek mundu bat aparte erakusten dute, eta ez aparteko mundu bat, euskararentzat bederen. Erdara guztietako edukiak erraz eta nahieran kontsumi daitezke komunikabideen webguneetan, ikus-entzunezko plataformetan edo sare sozialetan, eta hizkuntza gutxituek nekez topatzen dute arnasgunerik espazio digital ezegonkor eta likidoetan.

Hala adierazten du Ikusikerrek Hego Euskal Herriko Bigarren Hezkuntzako eta unibertsitateko ikasleek 2023-2024 ikasturtean izan zituzten kontsumo ohiturak aztertuta ondu zuen txostenak: Interneten edo sare sozialetan –Instagram, Tiktok, Whatsapp eta Youtube dira ikasleok gehien erabiltzen dituztenak, hurrenkera horretan– kontsumitu zuten azken edukia gazteleraz izan zen ikasleen %77ren kasuan, ingelesez kontsumitu zuten azken edukia %13,5ek eta soilik %5ek euskaraz. Telebistan ikusitako azken edukiaren hizkuntza, bestalde, gaztelera izan zen kasuen %84ean eta euskara %8an. Joera berdina antzematen da streaming plataformetan ere: hurrenez hurren, Netflix, Amazon Prime Video, Disney+ eta Movistar+ dira gehien kontsumitzen dituztenak; horietan, edukien audio hizkuntza hautatuena gaztelera izan zen (%71), eta bigarrena, ingelesa (%14). Soilik edukien %0,7 kontsumitu zituzten euskarazko audioarekin.

Ioritz Gonzalez: "Pantailetan ez dagoen hizkuntzak ez du biziraungo"

"Gazteak, eta umeak bereziki, dena erdaraz kontsumitzen ari dira", ohartarazi du Ioritz Gonzalez (Azkoitia, 1980) Pantailak Euskaraz taldeko kideak. Ez da kontu hutsala; batetik, ordu asko xurgatzen dituztelako pantailek: The Economist-en azterketa baten arabera, batez beste, egunean 16 eta 17 ordu eta erdi artean igarotzen dituzte esna pertsonek, eta denbora horren %40 (6 ordu eta 37 minutu, batez beste) ematen dute eskuko telefonoetako edo ordenagailuetako pantailei begira –telebistak eta bestelakoak kontuan hartu gabe–, Electronics Hubsen ikerketa baten arabera. Bestetik, pantailetako aparteko mundu horretan kontsumitzen denak eragin zuzena dauka herritarren hizkuntza ohituretan, hainbeste, ezen Urola Kostaren gisako arnasgune batean bizi direnak ere ez baitaude salbu. "Gu, arnasguneetakook, hikaz aritu gaitezke, eta gure haurrak, bitartean, sakelakoan auskalo zer jokotan erdaraz jolasten", agertu du Azkoitiko euskaltzaleak.

Egon ala hil

Aipatutako datuek euskarak mundu digitalean bizi duen egoera larria erakusten dute; alta, hainbat lagun eta elkarte ari dira ozeano erraldoi horretan euskarari aingurak jaurtitzen, erdaren uholdeari bizirauteko heldulekuak izan ditzan. Pantailak Euskaraz taldeko kideak, kasurako, 2021etik dabiltza lan horretan, eta aurten, bigarrenez, Pantailaldia egitasmoa antolatu dute, Euskaraldiaren bezperatan. Maiatzaren 6tik 15era egin duten ariketan, pantailetan ere euskaraz bizitzeko erronka luzatu die talde horrek herritarrei, egunero euskarazko edukiak erabili, sortu edo kontsumitzeko eskatuta.

Ioritz Gonzalez, Pantailak Euskaraz taldeko kidea. (M. Txintxurreta)

2022an egin zuten egitasmoaren lehen edizioa, eta ordukoan, 500 lagunek eman zuten izena. Pantailak Euskarazen arabera, horietatik %77k euskarazko baliabide berriak ezagutu zituzten, eta %64k esan zuten edukiak sortu eta kontsumitzerakoan zituzten hizkuntza ohiturak aldatu zituztela.

Beste hainbat aldaketa gauzatu dira ordutik: euskara lehenesten duten Primeran eta Makusi plataformak sortu ditu EITBk, eta bestelako streaming plataformetan euskaraz eskaintzen diren edukien kopurua nabarmen hazi da: 2022an, Pantailak Euskarazek salatu zuen 26.000 edukitatik %0,1 ere ez zirela euskarazkoak; orain, aldiz, %2-3koa da eskaintza. Hala, erreportaje hau idazterako unean, Netflixek 272 eduki eskaintzen zituen euskaraz, Amazon Prime Videok 259, eta Maxek eta Movistar Plusek 50etik gora. Filmin da, hala ere, euskarazko ikus-entzunezko gehien eskaintzen dituen etxea: 324.

Alta, artean ere gutxiegi dela iritzi dio Gonzalezek. Eta are urriagoa da euskararen presentzia zinema aretoetan, ohartarazi duenez: "Euskal Herriko zinema aretoetan eskaintzen den edukiaren %1,6 da euskaraz". Haren aburuz, egoerak hobera egin dezan har daitekeen berehalako neurri bat izan daiteke Euskal Herriko aretoetara ekartzen diren nazioarteko produkzio handiak euskaraz eskaintzea.

Julen Portillo: "Gero eta jende gazteagoa ari da euskaraz edukiak sortzen"

Bestalde, lehenengo Pantailalditik hona, Espainiako Ikus-Entzunezko Komunikazioaren Lege Orokorra indarrean sartu da. Berez, Espainiako Estatuan egoitza duten plataformei derrigortzen die beren katalogoko edukien %6 hizkuntza koofizialetan ere egotea, baina halakorik ez dela betetzen gaitzetsi du Gonzalezek. Gainera, neurri horrek multinazional handiei ez die eragiten, hortaz, hobekuntzarik apenas ekarri du legeak. "Plataformek ez dute legea betetzen, eta ez da ezer gertatzen", salatu du Pantailak Euskarazeko kideak. Eta zera gaineratu du: "Disney Plusen, adibidez, hemengo telesail bat dago, Irabazi arte, eta bakarrik gazteleraz eskaintzen dute. Ulertezina da, eta behar baino gutxiago salatzen da".

Hautuak eta algoritmoak

Gonzalezek argi dio euskarak pantailetan egon egin behar duela. "Adituek zera baieztatzen dute: sarean, plataformetan eta pantailetan ez dagoen hizkuntzak ez duela biziraungo", ohartarazi du. Egiteko asko dago oraindik, izan ere, Euskal Herrian erregistratutako webguneen %14,7k soilik zerabilten euskara 2023an, Puntueus Behatokiak egin zuen ikerketa baten arabera. Internet, beraz, ozeano handi bat da, eta badira bertan euskarazko eduki tantak, baina, batzuetan, ez dira erraz identifikatzen. Googlen bilaketa zerbitzuek, adibidez, euskara diskriminatzen dute gazteleraren mesedetan, Puntueus Behatokiaren arabera. Hau da, euskal erabiltzaileen bilaketei gaztelaniazko emaitzekin erantzuten die Googlen algoritmoak.

Horregatik, euskarazko edukiak kontsumitzeak "militantzia puntu bat eskatzen du", dio Gonzalezek: "Pantailen mundua oso azkarra da, beraz, egunero egon behar dugu bertan. Gure gurasoei beste eremu batean egotea tokatu zitzaien, eta guri pantailetan ere egotea tokatu zaigu".

Julen Portillo, umoregilea eta eduki sortzailea. (Utzitakoa)

Badira, aitzitik, bide hori errazten duten tresnak. Horietako bat da Zer Non Ikusi, streaming plataformetan, zinema aretoetan ala eduki sortzaileen artean euskaraz ikus daitezkeen edukien katalogo zabala. Webgunean (zernonikusi.eus) edo aplikazioan kontsulta daiteke.

Julen Portillo (Zarautz, 1994) umoregilea eta eduki sortzailea da Zer Non Ikusiren zerrendan azaltzen denetako bat. Euskara darabil sare sozialetan, ez soilik euskalduna delako, horren aldeko "hautu politikoa" egiten duelako baizik, bere esanetan. Eta euskal eduki sortzaileen ekosistemak txikia irudi dezakeen arren, aberatsa begitantzen zaio berari. "Gero eta gehiago ikusten da, gero eta gazte gehiago ari dira euskaraz edukiak sortzen", balioetsi du. Adibide bat aipatzeko eskatuta, herrikide bat ekarri du: Ian Ruiz sortzailea.

Uste zabalduen kontra, gainera, Portillo ziur da euskararen aldeko hautuak ez duela sortzaile baten publikoa murrizten, kontrara, sortzaileen hauspo dela baieztatu du. "Euskaraz egiteak ikusgarritasuna ematen du. Duela gutxi bideo bat egin nuen, esanez euskara dela boterea ematen diguna. Hau da, nik bideoak gazteleraz egingo banitu, ez nituzke izango orain dauzkadan jarraitzaileak. Adibide bat jartzearren: Antton Telleriak gazteleraz egingo balu, bakarrizketari bat gehiago izango litzateke. Euskaraz, berriz, Euskal Herriko umoregilerik onena da. Edo Goazeneko aktore baten kasuan, prozesua gazteleraz egingo balu, askoz luzeagoa eta zailagoa litzateke, baina euskarari esker, aktore izatera iritsi da. Noski, euskaraz egitea prekarioa da. Baina aukerak zabaltzen ditu, zalantzarik gabe", argudiatu du zarauztarrak.

Hautu indibidualez landa, halere, erakundeek ere jarri beharko lukete indarra euskarazko edukien sustapenean, Portilloren ustez. "Lau gauza egiten dituzte beren irudia garbitzeko, eta nahikoa. Orain dela bost urte hasi nintzen Tiktoken, eta orain dela bederatzi Youtuben. Elkarrizketekin hasi nintzen, Euskaraldia sustatzen, aldundiarekin elkarlanean... Bada, bost-sei urte eta gero, denak berdin segitzen duela iruditzen zait. Jende asko dabil euskaraz edukia musu truk sortzen, baina ez da ikusi nahi", kritikatu du.

Eta kazetaritza?

Eta non geratzen da, informazio fluxu masibo eta berehalakoaren munduan, euskarazko kazetaritza? Borroka egiteko beste lubaki zail bat da kazetaritza digitalarena, Ihintza Elustondo Urolako Komunikazio Taldeko (UKT) lehendakariak (Azpeitia, 1993) aitortu duenez. "Internetek hankaz gora jarri ditu komunikatzeko bideak. Beste hedabide asko bezala, gaur egun Guka dena paperezkoa zen lehen, baina egungo sarearen berrikuntzetara egokitu behar izan dugu. Noski, sarean dauden beste hedabide guztiekin lehiatzea ez da erraza, are gutxiago euskara bezalako hizkuntza gutxi batean arituta, baina guk argi dugu zein den gure bidea: euskaratik sortu ginen, horixe da gure oinarria, eta bide horretan jarraituko dugu", agertu du.

Ihintza Elustondo, UKTko lehendakaria. (Maialen Etxaniz)

Elustondok defendatu du irakurleek euskaraz informatzeko eskubidea dutela, eta gainera, Guka bezalako komunikabideek herriak euskalduntzen lagun dezaketela. Ez hori bakarrik: sinesten du euskarak balio erantsia ematen diola proiektuari, mundu digitaleko eduki mugagabeen artean bereizteko boterea duela. Horrek laguntzen du, UKTko lehendakariaren ustetan, irakurleak erakartzen: "Urola Kosta Euskal Herri osoko eskualderik euskaldunenetakoa da, eta horrek uste dut erreferente izateko bidean lagundu egiten digula; beste eskualde batzuetan zailtasun handiagoak izango dituzte. Euskara oinarri izanda, kazetaritza profesionala egiten saiatzen gara, eta uste dut horixe dela webgunera irakurleak erakartzen dituena. Tokiko informazioa, euskaraz; gure hizkuntzan".

Ihintza Elustondo: "Euskaratik sortu ginen, horixe da gure oinarria, eta bide horretan jarraituko dugu"

Belaunaldi berrietan osasuntsu eta, ahal bada, indartuta irauteko erronka dute hizkuntza gutxituek, eta itu hori nola lortu asmatu nahian dabiltza euskarazko komunikabideak ere. Ez da erraza: "Adin ertain-helduko jendeak frankismo ondorengo urteak bizi izan zituen, eta haiek bazekiten euskarak zer-nolako zapalkuntza bizi izan zuen. Egoera horren aurrean, atxikimendu handia adierazi izan dute euskararen aldeko proiektuekiko; tartean, euskarazko hedabideekiko. Haietako asko papereko edukietan harpide ziren, eta orain, Interneterako jauzia egin dugunean, jarraitu dute gure proiektua babesten, neurri handiagoan ala txikiagoan. Baina gazteena beste kontu bat da. Euskararen aurkako oldarraldi horren oihartzuna lausotzen joan da pixkanaka, eta gaur egungo gazteek ez dute sentitu euskarazko hedabideak babesteko halako beharrik. Gainera, Interneten eduki guztiak doan eskuratzen dituztenez, gure hedabideetako albisteak irakurtzeko ordaindu beharrik ez dutenez, zaila egiten zaigu horiek gure hedabideak babestea", adierazi du Elustondok.

Baieztatu du garai berrietara egokitzea behar-beharrezkoa dela, eta pantailek eskaintzen dituzten aukerekin asmatzea izan daiteke gakoetako bat. "Sare sozialen bidez ari gara egiten ahalegina gazteak Gukara erakartzeko, Instagramen batez ere, eta uste dut eduki horiek funtzionatzen dutela, baina beste kontu bat da gero gazte horiek gure bazkide potentzial izatea. Kostatuko zaigu, baina ahalegina egiten jarraituko dugu, sare sozialak landuz eta gazteentzat ahalik eta eduki erakargarrienak sortuz", ziurtatu du.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide