Hasi berri da Euskaraldia, euskararen aldeko ariketa soziala, eta Gukak abagunea baliatuko du euskararen egungo errealitatearen inguruan hausnartzeko. Hain zuzen ere, eduki sorta bat kaleratuko du datozen egunotan Arnasa estu leloarekin, eta serie horretako lehen elkarrizketatua da Eneritz Albizu (Azpeitia, 1992) Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko (UEMA) euskara teknikaria. Eskualdeko egoeraren argazkia osatzen laguntzeaz gain, etorkizuneko erronkak identifikatu ditu. Askok Urola Kosta euskararen arnasgune betea dela usteko duten arren, eskualdean ere euskarak arnasa nahiko estu duela adierazi du.
Urola Kosta Euskal Herriko eskualde euskaldunenetako bat da, baina euskararen erabilerak behera egin du azken urteotan. Zein da joera?
Urola Kosta, eskualde gisa, ez genuke esango arnasgune bat denik. Arnasgune betea da kaleko eta etxeko erabilera %80tik gora dituena, eta %60tik %80ra artean arnasgune erasana izango litzateke. Urola Erdia esan dezakegu arnasgunea dela, gorabehera batzuekin, baina Urola Kosta eremu euskaldun gisa definitzen dugu. Arnasgune bat esaten dugu dela naturaltasunez euskaraz bizi den herri bat, gizarte araua euskara duena, euskara transmititzen dena, bai etxeetatik, bai kalean ere. Herri horietan euskara aldatu egiten da, birsortu egiten da, garai berrietara egokitzen da; eta herritarrek, herrian ez ezik, beste herri batzuetan ere euskara zabaltzeko aukera dute. Datuen arabera, Urola Kosta bai da oso eskualde euskalduna, baina arnasgunea denik ez genuke esango. Halere, Euskal Herriko eskualde euskaldunenetakoa da; Lea Artibai da euskaldunena, Bizkaian. Urola Kosta eskualde euskaldunenetako bat izanik, aukera daukagu hemen euskara lehen lerroan jartzeko, bizitza publiko eta pribatuan euskara normalizatzeko. Ardura hori daukagu.
"Urola Kosta oso eskualde euskalduna da, baina ez da arnasgunea bere horretan"
Arnasguneari arnasa estutzen ari zaio, beraz.
Erabileran jaitsiera ikusten da. Ezagutza mantendu egin da, beherakada arin batzuekin, baina lehen hizkuntzan badaude aldaketak: etxetik jasotzen den hizkuntzan, eta batez ere, etxeko erabileran, beherakadak oso-oso nabariak dira. Horren arrazoietako bat da gure herrietako herritar tipologia asko ari dela aldatzen. Alegia, etxean beste hizkuntza bat jaso eta ikastetxeetan euskara ikasi duten herritarrak asko dira. Horiek euskaldunak dira, eta eskerrak horiei, baina gero ikusten dugu ohituretan baduela horrek eragina.
Arnasguneak bizirik mantentzea urgentziazkoa dela nabarmendu ohi du UEMAk.
Beti nabarmendu nahi izaten dugu arnasguneak arriskuan daudela, hemendik urte batzuetara posible dela arnasgune horiek ez existitzea, eta iruditzen zaigu urgentziazkoa dela arnasguneak babestea eta zabaltzea. Ezin da beste aldera begiratu.
Zergatik da euskararentzat hain garrantzitsua arnasguneak bizirik mantentzea?
Munduan ez dago hizkuntza bat bera ere normalizatuta dagoena eta arnasgunerik ez duena. Hizkuntza denek behar dituzte eremu batzuk erreferentziazkoak direnak non beraiek diren nagusi edo hegemoniko. Leku denetan bigarren mailako hizkuntza izanda, hizkuntza batek ezin du iraun diglosia egoera batean. Euskararen kasuan, arnasgune gehienak UEMAko udalerriak dira, eta horietan erakusten da posible dela euskaraz bizitzea. Arnasgunerik ez badago, erreferentziazko gunerik ez badago, ezin da aurrera egin. Hizkuntza normala den guneak edukitzea ezinbestekoa da, gero horietatik zabaltzeko. Ez dago hizkuntzarik arnasgunerik ez duenik eta denboran iraun duenik.
Zenbat arnasgune daude Euskal Herrian?
Hego Euskal Herrian, denera, 523 udalerri daude. Arnasgune beteak –erabilera sintetikoa % 80tik gora dutenak– 21 udalerri dira; eskualdean, Errezilek eta Beizamak betetzen dute ezaugarri hori. Arnasgune erasanak –erabilera sintetikoa %60-%80 artean dutenak– 74 udalerri dira; eskualdean, Aizarnazabal, Aia, Azpeitia, Zestoa, Getaria eta Azkoitia –erabilera handienetik txikienera ordenatuta–. Zumaia, Zarautz eta Orio euskarak nagusitasuna duen udalerri euskaldunak dira –%60 baino gutxiago da erabilera sintetikoa–.
"Ez dago hizkuntzarik arnasgunerik ez duenik eta denboran iraun duenik"
Zeintzuk dira erabilera jaistearen arrazoiak?
Batetik, herritarren tipologia aldatu egin da. Lehen, herri euskaldunetan bizi ziren euskaldunek etxetik euskara jasotzen zuten eta beren bizitzako esparru denetan euskara erabiltzen zuten. Orain, gero eta gutxiago dira profil hori dutenak; oraindik ere gure udalerrietan asko dira halakoak, baina beste herritar batzuek beste hizkuntza batzuk jaso dituzte ama hizkuntza gisa, tartean baita gaztelania ere. Euskaraz badakite, baina aldatu egin da tipologia; beraien bizitzako esparru batzuetan euskara erabiltzen dute, baina beste esparru batzuetan ez. Horrekin lotuta dago Iñaki Iurrebaso soziologo eta ikerlariaren tesia.
Hizkuntz gaitasunean erreparatzea soilik ez dela nahikoa dio hark.
Iurrebasok dio orain arte beti planteatu izan dugula ezagutza igotzen bada, erabilera ere areagotu egingo dela. Baina hark beste aldagai bat proposatzen du: gaitasun erlatiboa. Funtsean, zera esan nahi du: zein hizkuntzatan sentitzen den herritarra erosoago. Ikusi dugu Euskal Herrian %7-edo bakarrik direla euskaraz gaztelaniaz edo frantsesez baino erosoago hitz egiten dutenak, zazpi lurraldeetan. Udalerri euskaldunetan eta arnasguneetan jartzen badugu arreta ere, udalerri euskaldunetan %56 bakarrik dira euskaraz erosoago sentitzen direnak, eta arnasguneetan, %61 inguru. Horrek eragin du gure herriak eta gure herrien tipologia aldatzea. Eta trinkotzean ere eragin du horrek. Lehen, euskaldun denak arnasguneetan eta udalerri euskaldunetan trinkotuta zeuden, gizarte araua euskara zen erabat, eta oso zaila zen egoera horretan aldaketak egotea. Orain hori erabat aldatu da; orain trinkotzea ez da horren sendoa.
Guretzako faktore garrantzitsuenak tipologia aldaketa eta trinkotasuna ahultzea dira, nahiz eta hizkuntza baten garapenean gauza askoz gehiagok ere eragina duten. Baina herritarrekin parte hartze prozesuak egiten ari gara plan estrategikoak garatzeko Aroa plangintzaren barruan, eta herritarrak bi gauza horiekin daude kezkatuta batez ere.
Egoera honetan, kontzientzia lantzea ere ezinbestekoa izango da.
Bai, oso garrantzitsua da helduok zer eredu ematen dugun, zer transmititzen dugun euskararen inguruan. Lehen hizkuntza bera transmititzen zen, baina harekin batera, baita hizkuntza horretan egiteko hautua ere. Gaur egun, arnasguneetan naturaltasunez transmititzen jarraitzen da euskara, baina hizkuntza horrekiko atxikimendua, hizkuntza horretan egiteko hautua, transmititzen jarraitzen al da? Airean lagatzen dut galdera; irakurleak atera ditzala ondorioak.
"Hizkuntz politikak aldatzen ez badira, errealitate honek ez dauka irtenbiderik"
Tipologia aldatzen ari dela aipatu duzu. Adituek diotenez, 40 urte barru biztanleen herena atzerrian jaiotakoak izango dira. Hori mehatxu izan al daiteke euskararentzat?
Duela gutxi, Xabier Aierdi soziologoa izan zen Azpeitian hitzaldi bat ematen, eta hark zioen 25 urtean iritsiko garela kopuru horretara. Arabari, Bizkaiari eta Gipuzkoari erreferentzia eginez aipatu zuen datua, baina Nafarroan ere bera izango da egoera. Iparraldeko datuak ez dauzkagu.
Mehatxu hitza alde batera lagata, errealitate hitza erabiliko nuke. Errealitate bat izango da hori, eta guretzako erronka bat. Euskarari heldu nahi badiogu eta euskara normalizatu nahi badugu, horretara egokitu beharko dugu eta horrekin pentsatutako neurriak hartu beharko dira. Gutxi gorabehera, gaur egungo immigrazioaren bikoitza izango litzateke, edo gehiago. Gure ongizate eredua, eredu sozioekonomikoa eta abar mantentzeko, behar-beharrezkoak izango ditugu pertsona migranteak. Aierdik aipatzen zuen orain arte zaintzari eta zerbitzuen arloari lotu zaizkiela, baina laster industriarako beharko direla, biztanleriaren piramidea erabat aldatzen ari delako.
Beste hizkuntza batzuekin etorriko dira herritar horiek...
Bai, eta asko gaztelaniarekin. Hizkuntza politikak duela hamarkada batzuetarako daude pentsatuta, baina hizkuntza herritarrekin batera aldatzen den aldagai bat da, eta 25 urte barru herritarren herena izango baldin badira jatorri atzerritarrekoak, agertoki berri batean egongo gara, eta egoera horri egokitutako hizkuntz politikak aplikatu beharko dira. Erabaki egin beharko da nahi al dugun ala ez euskara hizkuntz normalizatua izatea; eta erantzuna baietz baldin bada, dena aldatu behar da. Gaur egun martxan dugun eredu honekin ezin zaio errealitate horri erantzun. Erabaki zentzudunak eta ausartak behar dira.
UEMAk zer bide jorratuko ditu errealitate berrira egokitzerakoan euskara galtzen irten ez dadin?
UEMA ekiteko erakunde bat da. Arnasguneei eta udalerri euskaldunei begira, ikerketa jarraikorra egiten dugu, behatoki rola ere bai, eta kaleko lana. Udaletako erabilera planekin jarduten dugu, ikastetxeetan soziolinguistika lantzen, merkatariekin... esparru askotan. Baina guri ez dagokiguna da legeak egitea. Alegia, gure jarduna da eragitea. Orduan, gure aldetik segituko dugu ahal dugun lanik onena egiten, baina errealitate honi erantzuna eman behar zaio Eusko Legebiltzarretik eta erakundeetatik. Guk lehen lerroan daukagu jarrita kulturartekotasuna, aisialdian eragiteko saiakera egiten ari gara... Ari gara, baina guk uste dugu lege babesa behar dela. Hizkuntz politikak aldatzen ez badira, honek ez dauka irtenbiderik.
Legeak egiten dituztenek zer arlotan jarri beharko lukete arreta?
Denean. Behar dugu udalerri euskaldunak eta arnasguneak babesteko lege propio bat, eta lege horrek eragin behar die lurralde antolaketari, hezkuntzari, aisialdiari, enpresa munduari, faktore sozioekonomikoei, garraioari, gizarte zerbitzuei... Gauza guztiek dute eragina hizkuntzan. Ikuspegi integral bat behar da, arnasguneak babestuko dituena, eta arnasguneetan ez ezik, euskarak presentzia gutxiago duen eremuetan ere eragingo duena. Dena aldatu behar da goitik behera.