Euskaraldia 2025

Euskaraldiko txapak soinean jartzeko unea heldu da

Juan Luis Romatet 2025ko mai. 15a, 11:41

Euskaraldiko banderola jartzen. (Aitziber Arzallus)

Gaurtik maiatzaren 25era bitartean egingo dute euskara ardatz duen ariketa. Euskaraldiari hasiera emateko ekitaldiak egingo dituzte eskualdeko herrietan.

Urte hasieratik gaur arte egindako aurretiko lan, bilera eta hamaikakoen eratze eta aurkezpen guztien fruitua ikusiko da gaurtik aurrera. Gaur hasi eta maiatzaren 25era bitartean egingo dute Euskaraldia Euskal Herrian, baita eskualdeko herrietan ere.

Euskaraldiari ongietorria emateko ekitaldi sorta prestatu dute Urola Kostako herrietan. Hala, Azpeitian 19:00etan elkartuko dira gaur herriko plazan, txupinazoarekin batera, ahobizi edo belarriprest-en txapak elkarrekin jartzeko. Beizaman, txapa banaketa egingo dute gaur bertan, San Isidro eguneko ospakizunen barruan.

Kostaldera joanda, Getarian, musikaz lagundutako txapa jartze bateratua egingo dute 19:00etan, herriko plazan. Txupinazoa eta bertsoak ez dira faltako, eta Euskaraldiko abestia eta euskal kantak abestuko dituzte elkarrekin. Orion, Nola egin ondo Euskaraldiaren ariketa hitzaldia eskainiko du AEK-ko kide Araitz Muguruzak Salatxo aretoan.

Zarautzen, 18:30ean egingo dute txapak jartzeko ekitaldia, Lege Zaharren Enparantzan. Ekintzan parte hartuko dute Txinpirin abesbatzak, Zarakataun batukada feministak, Motxian-Etxebeltz bertsoguneak, Zarautztrik trikiti elkarteak, Arrai Zopa abesbatzak, Arranopola gitarra taldeak eta Goizeko Ihintza txistulari taldeak.

Zumaian, bestalde, kalejiran joango dira Beheko plazatik Amaiako plazara, 18:30ean, Astindu dantza elkarteak aurtengo Euskaraldirako sortu duen koreografia dantzatuz. Behin Amaiako plazan, 19:00etan, suziriak botako dituzte, eta elkarrekin jarriko dituzte txapak.

Aurrera begira, eta ariketak iraungo duen 11 egunetan, askotariko ekitaldiak egingo dituzte eskualdeko herrietan.

Euskara aktibatzera

Euskararen erabilera indartzea helburu duen ariketa soziala da Euskaraldia. 2018ko abenduan egin zuten lehendabizikoz hiztunen hizkuntza ohituretan eragiteko, euskarazko hizkuntza praktikak hedatzeko eta denboran zehar errotzeko asmoz. Norberaren hizkuntza portaeren eta ohituren inguruan gogoeta eragin eta aldaketan lagungarri izatea ere bazuen helburu mugimendu hark. 2020an etorri zen bigarren aldia, COVID-19ak eragindako izurriteak baldintzatu zuena, eta handik bi urtera, 2022an, egin zuten hirugarren edizioa. Aurtengoa izango da Euskaraldiaren laugarren aldia, eta Elkar mugituz egingo dugu lelopean dator. Iazko urrian egindako aurkezpenean adierazi zuten bezala, "aktibazioan, mugimenduan, emozioetan eta batak bestearengan duen eraginean" jarriko du arreta ariketak. Aurreko edizioekin alderatuta, badu berrikuntza nagusi bat aurtengoak: Euskaraldiaren lehen hiru aldiak udazkenean egin zituzten; aurtengoa, aldiz, udaberrian izango da. Aldatuko ez dena ariketaren iraupena izango da: ekintzan izena eman duten belarriprest eta ahobizi-ek 11 egunez beteko dituzte beren rolak.

Izan ere, Euskaraldiaren hasieratik definitutako bi rol horiek mantendu dituzte aurten ere. Ahobizi-ak euskaraz ulertzen duten guztiekin euskaraz egiten saiatuko dira une oro. Kideek euskaraz ulertzen ote duten ez dakitenean lehen hitzak, beti, euskaraz egingo dituzte, eta horiek euskaraz ulertzen badute, euskaraz jarraituko dute. Belarriprest-ek, aldiz, euskara dakitenei eskatuko diete beraiekin euskaraz hitz egin dezatela. Azken batean, euskara ulertzen duten guztiekin euskaraz egitea da Euskaraldiak proposatzen duena.

Urola Kosta eskualdean 6.544 norbanakok eta 454 entitatek eman dute izena Euskaraldian

Apirilaren hasieratik izan da ariketa sozialean izena emateko aukera, Euskaraldiaren webgunean nahiz herriz herri jarri dituzten postuetan. Lehendabizi, entitateek (saltokiak, tabernak, enpresa txikiak) izan zuten izena emateko aukera, eta, ondoren, norbanakoek. Aste honen hasierara arte bildutako datuen arabera, Urola Kosta eskualdeko herrietan 6.544 norbanakok eman dute izena Euskaraldian. Entitateei dagokienez, berriz, 454 enpresa txikik, tabernak eta saltokik egin dute bat ariketarekin. Denek ere gaurtik aurrera eraman ahal izango dituzte aukeratutako rolaren txapak paparrean. Txapa horri H hizkia ezartzen diotenek, gainera, hitanoaren erabilera areagotzeko ahalegina egingo dute.

Datuak herriz herri:

  • AIA: Norbanakoak: 160. Entitateak: 6.
  • AIZARNAZABAL: Norbanakoak: 86.
  • AZKOITIA: Norbanakoak: 1.435. Entitateak: 30.
  • AZPEITIA: Norbanakoak: 1.700. Entitateak: 58.
  • BEIZAMA: Norbanakoak: 26.
  • ERREZIL: Norbanakoak: 111.
  • GETARIA: Norbanakoak: 385. Entitateak: 80.
  • ORIO: Norbanakoak: 591. Entitateak: 38.
  • ZARAUTZ: Norbanakoak: 2.393. Entitateak: 82.
  • ZESTOA: Norbanakoak: 284. Entitateak: 5.
  • ZUMAIA: Norbanakoak: 1.008. Entitateak: 155.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide