Euskaraldia 2025

Araitz Illarramendi: "Lagun asko eta berriak ezagutzeko aukera eman didate Salto! udalekuek"

Julene Frantzesena 2025ko mai. 16a, 08:00

Araitz Illarramendi. (Utzitakoa)

Salto! udalekuetan parte hartu zuen Araitz Illarramendik (Getaria, 2008) iazko udan. Bizitako esperientzia errepikatzeko gogoz, aurtengo ediziorako ere eman du izena. Zarautzen bizi da, eta gazteen artean euskararen aldeko kontzientzia sustatzeko beharra dagoela azpimarratu du. Euskaraldiko aldizkari bereziko edukia da honako hau.

Zer dela-eta eman zenuen izena Salto! udalekuetan?

Euskal Herriko beste leku batzuk eta beste herri batzuetako lagunak ezagutzeko gogoa nuen, eta Salto! udalekuak horretarako aukera ederra izan zitezkeela iruditzen zitzaidan. Ez nuen hutsik egin; baita asmatu ere!

Noiz joan zinen, eta nondik barrena ibili zineten?

Badira zenbait urte UEMAk Salto! udalekuak antolatzen dituenetik, eta azken urteetan gero eta arrakasta handiagoa dutenez, iaz, lehen aldiz, bi txanda antolatu zituzten. Ni bigarren txandara joan nintzen: uztailaren 4tik 12ra egin zen. Arantzatik Elizondorako bidea egin genuen, tartean Doneztebetik eta Oronoz-Mugairetik pasatuta. Herri bakoitzean bi egun igaro genituen.

Udaleku ibiltariak dira. Zer moduz, alde horretatik?

Hasieran banuen kezka pixka bat, baina ibilbideak errazak izan ziren. Egia esan, eskertzen da, beti leku berean egon beharrean, mendietan barrena herri batetik bestera joatea. Naturaz gozatzeaz gain, bestela ezagutuko ez nituzkeen txoko berriak ezagutzeko aukera polita izan zen.

Gazte pila bat elkartu zineten. Nongoak?

Udalerri euskaldunetako gazteentzat da udalekua. Hori da baldintza. Beraz, udalerri euskaldunetakoak ginen denok: Alegia, Igorre, Tolosa, Azpeitia, Orendain, Irura, Mallabia, Leitza, Aizarnazabal, Getaria, Gatika, Zeanuri, Zarautz eta abar.

Zer eman zizun udalekuetako esperientziak?

Lagun asko eta berriak ezagutzeko aukera, baita herri eta leku berriak ezagutzekoa ere.

Salto! udalekuek zer dute berezia?

Sortzen den giroa. Parte hartzaile guztiak euskaldunak izateak badu eragina, noski. Euskal giro ederra sortzen da. Gainera, UEMAtik ahalegintzen dira euskararen egoeraren berri ematen, eta horren inguruko tailerrak ere izaten dira udalekuetan. Begiraleek ere laguntzen dute, eta euskaraz aritzea garrantzitsua zergatik den ulertzen dugu. Herri euskaldunetan euskaraz aritzen gara normalean, ia ohartu gabe, eta ez gara kontziente gure herrietatik kanpo euskara askoz ahulago dagoela. Horregatik, bai gure herrietan, bai gure herrietatik kanpo euskarari eustea zeinen garrantzitsua den ulertzen lagundu dit neurri batean udalekuetan parte hartzeak; kontzientzia hartzen.

Aurten ere joango al zara?

Eman dut izena, eta baietz espero dut. 120 gazterentzako lekua dago udalekuetan, eta ea zozketan zortea dudan aurten ere.

Euskara dute ardatz udalekuek: udalerri euskaldunetako gazteentzat dira. Zer harreman duzu zuk euskararekin egunerokoan?

Euskara da nire etxeko hizkuntza. Euskaraz hazi naiz. Euskaraz ikasi dut, eta nire ingurua erabat euskalduna da, bai familia, bai lagunartea. Ikastolan ere oso giro euskalduna izan dut, eta orain ere horrela jarraitzen dugu lagunartean. Hala ere, ohartzen naiz sare sozialetan eta ikus-entzunezkoetan erdaretara jotzen dudala askotan, batetik eta  bestetik heltzen diren bideoak, filmak eta gainerakoak, batez ere, erdaretan jasotzen ditugulako. Hor hutsune handia dago oraindik, baina gainerakoan euskaraz bizi naiz.

Zarautzen euskarak zer presentzia du gazteon artean?

Leku guztietan bezala, kontzientzia handirik gabeko jende asko dago. Berdin dio ingurumenarekin, eraso matxistekin, gazteen eskubideekin, sexu askatasunarekin edota euskararekin den. Mugitu ezean eta aurre egin ezean, mundu grisagoaren aldekoek hartzen dute lekua. Horregatik, garrantzitsua da kontzienteak izatea, eta munduari guk nahi diogun kolorea ematea, eskolatik, kaletik eta gure herritik hasita. Horren kontziente izanda, errazagoa da euskaraz aritzea eta euskarari eustea. Gazteen artean beharrezkoa da, ez dugulako gure aurreko belaunaldiek jasandako zapalkuntza hain agerian jasaten eta ez garelako hain kontziente. Argi ikusten da hori Zarautzen ere. Leku batetik bestera, eskola batetik bestera edo lagunarte batetik bestera, alde handia dago.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide