Urola Turismoak asteburuan estreinatuko du, Errezilen, bisita gidatuen aurtengo egitaraua

Mailo Oiarzabal 2025ko api. 22a, 09:00

Sagarrondoa loratuta. (Ibarbi elkartea)

Hilaren 26an gaztelaniaz eta 27an euskaraz egin ahalko da Ibarbi sagarraren loraldia izeneko ibilaldia, eta parte hartu nahi dutenek aurrez eman behar dute izena. Abuztu bukaera bitartean, guztira 30 bisita gidatu eskainiko dituzte Aizarnazabalen, Azkoitian, Azpeitian, Errezilen eta Zestoan, erdiak euskaraz eta erdiak gaztelaniaz.

Pazko Aste bukaerarekin estreinatuko du Urola Turismoak 2025eko Urola, historia eta paisaia bazterrak bisita gidatuen egitasmoa. Datorren asteburuan, hilaren 26an gaztelaniaz eta 27an euskaraz, egin ahalko da Ibarbi sagarraren loraldia izeneko ibilaldia Errezilen, eta horrekin estreinatuko dute Urola Erdiko historia, natura eta kultura ezagutarazteko aurtengo egitaraua.

Apirilean, maiatzean eta ekainean hitzordu bakanak eskaini ondoren, uztailean eta abuztuan egingo dituzte bisita gidatu gehienak, 30 guztira, Aizarnazabalen, Azkoitian, Azpeitian, Errezilen eta Zestoan, erdiak euskaraz eta erdiak gaztelaniaz.

Urtero bezala, "herritarrak eta bisitariak" gonbidatu ditu Urola Turismoak eskualdea ezagutzera, bailarako "ondarea eta paisaia" balioesteko helburua duten bisitetan parte hartuz.

Ibilaldia eta dastaketa

Errezilen, zapatuan zein igandean, 11:00etan egina dute hitzordua San Martin parrokiaren atarian, handik abiatuta Ibarbi sagarraren loraldia ibilaldiari ekiteko. Herrigunean zein inguruetan barrena, pare bat orduko ibilaldia egingo dute bisitariek Ibarbi Sagarraren Elkarteko kideen eskutik, hain zuzen ere, Ibarbi sagarraren ibilbidean zehar. "Bisitan zehar, Errezilen historia, bertako sagar ezaguna eta sagar horren garrantzia kulturala eta ekonomikoa azalduko dira, paisaia ederrean paseo atsegin bat eginez", azaldu du Urola Turismoak. Ibilaldia bukatu ondoren, gainera, Errezil bertako hainbat produkture dastaketa egiteko aukera izango dute parte hartzaileek.

Ibarbi sagarraren loraldia ibilaldiaren eta dastakaetaren prezioa 10 euro dira, eta horiek Errezilen bertan ordaindu beharko dituzte parte hartzaileek. Aurretik, hori bai, ezinbestekoa izango dute Loiolako turismo bulegoan izena ematea, hiru bide hauetako bat erabilita:

  • Loiolako turismo bulegoan bertan (Santutegi aurrean), aurrez aurre.
  • Bulegoko 943-15 18 78 telefono zenbakira deituta.
  • 688 75 94 29 telefono zenbakira Whatsappez mezua idatzita.
  • i-loiola@urolaturismoa.eus helbidera idatzita.

Egitarau osoa

Urola, historia eta paisaia bazterrak egitasmoko bisita gidatu guztietarako izango da ezinbestekoa izena aurrez ematea; gutxienez lau laguneko taldea osatu beharko da, bisitak egin ahal izateko. Errezilgoa ez bezala, gainerako bisita guztiak doan izango dira; Loiolako bisitetan, hori bai, San Ignazioren etxeko sarrera –4 euro, jubilatuentzat 3– bisitari bakoitzak ordaindu beharko du.

Hau da 2025eko Urola, historia eta paisaia bazterrak egitasmoaren bisiten egutegi osoa:

Apirilak 26 eta 27

  • Ibarbi sagarraren loraldia ibilaldia. 11:00etan Errezilgo parrokiaren ataritik irtenda. 26an gaztelaniaz eta 27an euskaraz.

Maiatzak 17 eta 18

  • Azkoitia: jauregi eta dorretxeen artean. 12:00etan Azkoitiko parrokia aurretik irtenda. 17an euskaraz eta 18an gaztelaniaz.

Ekainak 21 eta 22

  • Azpeitiko Alde Zaharra: Bakardadearen kapera. 12:00etan Azpeitiko parrokia aurretik irtenda. 21ean gaztelaniaz eta 22an euskaraz.

Uztailak 3 eta 6

  • Azkoitia: San Martin ermita. 12:00etan Azkoitiko parrokia aurretik irtenda. 3an euskaraz eta 6an gaztelaniaz.

Uztailak 12 eta 13

  • Aizarna: Santa Engrazia ermita. 10:00etan Aizarnako plazatik irtenda. 12an gaztelaniaz eta 13an euskaraz.

Uztailak 19 eta 20

  • Azkoitia: frontoiak eta pilota tradizioa. 12:00etan Azkoitiko parrokia aurretik irtenda. 19an gaztelaniaz eta 20an euskaraz.

Uztailak 22

  • Magdalenako ospitalea. 10:00etan, Magdalenako ospitalean bertan. Euskaraz.

Uztailak 26

  • Magdalenako ospitalea eta ermita. 12:00etan, Magdalenako ospitalean. Gaztelaniaz.

Abuztuak 2 eta 3

  • Altzolarats, errota eta baserrien haran ezkutua. 10:00etan Forjas Iraetako aparkalekutik irtenda. 2an euskaraz eta 3an gaztelaniaz.

Abuztuak 5

  • Loiola: basilika eta San Ignazioren jaiotetxea. 17:30ean Loiolako turismo bulego aurretik irtenda. Euskaraz.

Abuztuak 7

  • Loiola: basilika eta San Ignazioren jaiotetxea. 12:00etan Loiolako turismo bulego aurretik irtenda. Gaztelaniaz.

Abuztuak 9 eta 10

  • Azkoitia: jauregi eta dorretxeen artean. 12:00etan Azkoitiko parrokia aurretik irtenda. 9an gaztelaniaz eta 10ean euskaraz.

Abuztuak 13 eta 14

  • Loiola: basilika eta San Ignazioren jaiotetxea. 12:00etan Loiolako turismo bulego aurretik irtenda. 13an euskaraz eta 14an gaztelaniaz.

Abuztuak 21 eta 22

  • Loiola: basilika eta San Ignazioren jaiotetxea. 12:00etan Loiolako turismo bulego aurretik irtenda. 21ean gaztelaniaz eta 22an euskaraz.

Abuztuak 23 eta 24

  • Loiola gehiago: natur ibilbidea. 10:00etan Loiolako turismo bulego aurretik irtenda. 23an euskaraz eta 24an gaztelaniaz.

Abuztuak 25

  • Loiola: basilika eta San Ignazioren jaiotetxea. 17:30ean Loiolako turismo bulego aurretik irtenda. Euskaraz.

Abuztuak 28

  • Loiola: basilika eta San Ignazioren jaiotetxea. 12:00etan Loiolako turismo bulego aurretik irtenda. Gaztelaniaz.

Abuztuak 30 eta 31

  • Azpeitiko Alde Zaharra. 12:00etan Azpeitiko plazatik irtenda. 30ean gaztelaniaz eta 31n euskaraz.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide